Musika

Iraganetik datorren etorkizuna

9.000 lagun bildu dira BIME jaialdiaren lehen egunean, Kraftwerk eta Foals taldeek erakarrita. Kontzertu onak eman dituzte Enric Montefuscok, Morganek, Amaiak eta Aitor Etxebarriak ere.

Kraftwerk taldeko kideak, ostiralean, BIME jaialdian emandako kontzertuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iñaki Lasa Etura.
Barakaldo
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Talde gutxik lor dezakete 9.000 musikazalek hiru dimentsioko betaurrekoak jantzita ikustea kontzertu bat, oinak lurrari itsatsita, adi-adi espaziontzi bat Guggenheimen eta BECen lur hartzen ikusteko. Aitzindari izan zenak aitzindari dirau beti, bere burua berrasmatzeko gai bada, bederen. Eta Kraftwerkekoak —1970eko hamarkadan musika elektronikoa gizarteratzeko gai izan zen talde nagusietako bat— bikainak dira beren burua berrasmatzen. Doinu berriak eskaini beharrean, ikuskizuna berritu dute, orain hiru urte Guggenheim museoan egin bezala.

Iban Zalduak bikain deskribatu zuen nolakoa den Kraftwerken musika Biodiskografiak liburuaren ipuinetako batean: erritmo errepikakorrak, behin eta berriro. Autoban diskoan oinarrituta zegoen ipuina, bihurgunerik gabeko Alemaniako autobideetan inspiratutako diskoan —eta BEC bera ez al da, nolabait, bihurgunerik gabeko erakustazoka bat, pabiloi bat bestearen ondotik?—.Zalduaren ipuinak, baina, bazuen bihurgune bat, eta BIMEk ere izan zituen bihurguneak, eta denetariko estiloak.

Iraganetik dakar etorkizuna Kraftwerkek; duela hamarkada batzuetako estetikaduna baita haien futurismoa. Gaur egun bezala, roboten iraultza bolo-bolo zebilen garai hartan, eta nabaria da eragina. 1970eko eta 1980eko hainbat diskotako abestiak jo zituzten: Computer love, Autobahn, Trans Europa Express... Baita 2003ko Tour de France Soundtracks disko bikaineko doinuak berreskuratu ere. Urteak pasatu badira ere, Kraftwerken musika ez da zahartu.

Hiru urtean lehen aldiz

2016an BBK Live jaialdiko kartelburu gisa Kobetamendin aritu zirenetik, Euskal Herrian jo gabe zen Foals taldea. Bi lan berriak aurkeztu zituen Barakaldon, Everything Not Saved Vill Be Lost diskoaren lehen eta bigarren zatiak; azkenengoa, orain bi aste soilik argitaratua. Espero bezala, doinu berrietan oinarritu zuten emanaldia: interpretatutako hamasei abestien erdiak izan ziren berriak. Ibilbide hasierako math-rock kutsagarria alde batera utzita dute aspaldi, areto handiagoetan ohikoagoa den rockaren mesedetan. Hor dirau, baina, muin dantzagarriak. Aurreko kontzertuan ez bezala, oinak lurretik desitsatsi zituzten jarraitzaileek, erruz dantza egiteko. Kementsu aritu zen Yannis Philippakis uneoro, eta behin baino gehiagotan jaitsi zen taula gainetik, zaleen beroaren bila. Kobetamendin aritu zirenean, batek baino gehiagok zalantzan jarri zuen ea kartelburu izateko adina maila zuten; BECen berriz, inor gutxik jarri zuen dudan, nahiz eta Kraftwerk talde mitikoarekin batera konpartitu oholtza.

Harribitxiak eskaini ohi dituen jaialdia da BIME Live. Ostiralekoan, Enric Montefuscorena izan zen ezustekorik atseginena, Montefuscori ezuste deitzea gehiegi bada ere. Standstilleko abeslari izandakoak bakarkako ibilbideari ekin zion taldearen ibilbidea amaitu zenean. Horrek ez du esan nahi, baina, bakarka aritzen denik, are gehiago, inoiz baino orkestralagoa da harenmusika, ondoan dituen musikarien lan onari esker. Rockarekin batera, herri musikatik gertu dauden doinuak jorratzen ditu, tronboiaren, biolinaren eta akordeoiaren laguntzarekin.

Bere bigarren lana aurkeztu zuen, Diagonal, eta disko horretako hainbat abesti jo zituen: Himno de Europa, Hermosa España... Berlangak eta Dalik onetsiko zituzten letra umoretsu, zorrotz eta surrealistak ontzen jarraitzen du Montefuscok. Standstill gogoan dutenek gozatu berezia hartu zuten ¿Por qué me llamas a estas horas? eta Adelante, Bonaparte (I) abestiekin. Zaleen artean amaitu zuten kontzertua lau taldekideek, musika tresna denak desentxufatuta Quien abre camino abesten.

Doinuen antzokian

Musika proposamenik intimoenak Antzerkia gunean aritu ziren. Oholtza horretara igotzen azkenak izan ziren Morgan taldekoak. Emanaldiaren hasiera Foalsen kontzertuarekin batera egokitu bazen ere, jarraitzaile saldoa bildu zuen taldeak. Hego Euskal Herrian azkenaldian eskaini dituzten kontzerturik gehienetan saldu dituzte sarrera guztiak, eta ez da harritzekoa.

AEBetako sustraietara eraman zituzten entzuleak, Air eta North lanetako abestiak tartekatuta eta gazteleraz zein ingelesez abestuta. Kide paregabeak ditu alboan Nina abeslari eta pianistak, eta haren ahotsak zerbait berezia transmititzen du. Wilco taldea gogorarazi zuten, musika tresna bakoitza abestian txertatzen zenean helarazi zuten energiagatik. Daft Punken Loose Yourself to Dance-n bertsioa egitera animatu ziren, baina Sargento de hierro eta Marry You abestiekin jaso zuten txalo zaparradarik handiena. Zutik, txaloka, agurtu zituzten zaleek.

Amaia Romerok ere zale pila bat bildu zuen Antzerkian. Operación Triunfo programan famatu egin ostean, izar bihurtu da iruindarra. Ukitzen duen oro urre bihurtzeko abilezia duela dirudi. Kritikaren oniritzia jaso du aurten argitaratu duen lehen lanak El relámpago eta Quiero que vengas abestiei esker. Lorategi bihurtu zuen oholtza, lore zuriz beteta, eta emanaldi intimoa eskaini zuen. Hain eskarmentu txikia izateko, oso eroso igartzen zaio oholtzan.

Eskarmentu gehiago du Aitor Etxebarriak, Nihilism Part 1 diskoa lehen aldiz jo bazuen ere publikoaren aurrean. Estetika ilun batekin, kontzertu iradokitzailea egin zuen, bai soinu banden antzeko musika egitean aurretik grabatutako ahots eta guzti, baita une rockeroagoetan ere. Nick Cavek euskaldun bat zirudien mikrofonoa hartuta kantatzen jartzen zenean, musilkaki zein janzkeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.