Iraganerako bidaia bukoliko bat

Bakarkako bideari ekin dio Xabier Badiola Eibarko musikariak, izen bereko lana kaleratuta. Iraganeko folk doinuak berreskuratu eta eraldatu ditu disko akustiko batean.

Xabier Badiola musikaria. GORKA RUBIO/ FOKU
Xabier Badiola musikaria. GORKA RUBIO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko urriaren 4a
04:30
Entzun

Rock psikodeliko eta progresiboko hainbat taldetan aritu ondoren —Sotomonten, besteak beste—, gitarra elektrikoa akustikoarekin aldatu, eta bakarkako bideari ekin zion duela urtebete Xabier Badiola musikariak (Eibar, Gipuzkoa, 2000). Folketik edaten du haren lehen lanak, eta Gaztelupeko Hotsak zigilupean kaleratu du. Hamar abestik osatzen dute diskoa, etxean ekoitzia: horietako hiru instrumentalak dira, eta gainerakoak, euskaraz abestuak.

Bakarkako bideari heltzeko erabakia ez zuen bat-batean hartu; kontrara, poliki-poliki eta modu naturalean gertatutako zerbait izan zela azaldu du Badiolak. Sotomonten ibili baino lehenagotik ere bazeuzkan hainbat ideia buruan «pilatuta», baina ez zuen denbora askirik kantuei behar beste denbora eskaintzeko. «Eta iritsi zen une bat non neure buruari esan nion: atera behar ditut». Kantuak grabatzen hasi zen aurrena, disko forma hartu zuten gero, eta egunez egun abestiak finduz joan zen ondoren. Berehalakotasuna lagun, hasitako bideak norabide berri bat har zezan saiatu zen: «Akustikoa, folkia... Argi nuen kantek soinu jakin bat izango zutela, ez zela beste ezeren kopia-pega bat izango».

Aldaketa garai batean ondutako diskoa da. «Aldaketa garaietan baitut sormen handiena», aitortu du musikariak. Ikasketak amaituta, lana ezin topatu zebilenean, alde batetik bestera egiten zituen bidaietan irakurritako liburuak eta entzundako musika sormenerako inspirazio iturri izan zituen. Bernando Atxaga, Gabriel Aresti, Itoiz, Mikel Laboa, Xabier Lete... «Erresonantzia ganbera horretan sartua nintzela, hitzen eta doinuen artean, diskoa pixkanaka-pixkanaka sortuz joan zen».

Etxeko goxotasunean

Eta, hala, gizatasun adina talentu duen lan bat ondu du Badiolak. Sakontasun adina melodia fin dituena. Soiltasun adina geruza. Bere xumean, handitasun printzak sumatzen zaizkio bakarkako diskoari. Izan ere, nabari da alor teknikoari eskainitako denbora, ekoizpena hasieratik amaieraraino «zaindu» baitu abeslariak, ordu asko eskainita, ñabardura txikienei erreparatuta, pauso guztiak «ongi neurtuz», eta prozesu guztia asko mimatuz. Azaldu duenez, «koadro bat pintatzea bezalakoa» izan da bidaia hori: «Lan handia izan da, eta neure buruari asko exijitu diot, baina aldi berean gozatu egin dut ikusiz nola joan den forma hartzen. Gogorra eta polita izan da».

Soinuaren trataera ere berezia izan da. Kantak berak konposatu ditu, eta ekoizpen eta grabazio prozesu guztia ere bere esku egon da. Etxekotasunak alderik alde zipriztindu du diskoa, eta horrek ematen dio lanari estudio batek izan ez dezakeen goxotasuna eta xarma.

XABIER BADIOLA
Xabier Badiola musikaria. GORKA RUBIO / FOKU

Nahita bilatutako soinua izan dela nabarmendu du kantariak, horrek bat egiten duelako, nolabait, 60ko hamarkadako filosofiarekin. Iraganeko kutsu horrekin eroso sentitzen dela aitortu du. Hala, doinu «narrasak» lortzeko asmoz, etxeko akustikarekin esperimentatu du; etxeko, kaleko eta mendiko giro soinu ugari erabiliz. «Etxeko akustika baliatu nuen hainbat testura eta erreberberazio lortzeko», esplikatu du. Modu horretan lortu du folk disko zaharrei darien xarma hori —«fidelitate apala, zarata, distortsioak...»— bere abestietan islatzea.

Folk kantautoreen giro bukolikoan murgilarazten du entzulea Badiolaren musikak. Gitarrak bestelako leku eta garai batzuetara eramaten du, bai Britaina Handiko folk berpiztailera, bai 60ko hamarkadako euskal kantu berrira. Pentangle, John Renbourn eta Nick Drakeren folk psikodeliko eta barrokotik hasi, eta Mikel Laboa, Xabier Lete eta Itoizen soinuetaraino. Orduko musika gustuko du Badiolak, eta uste du bizi-bizirik dela oraindik. Coen anaien Inside Llewyn Davis filmaz adituek diotena gogoratu du konparaketa egiteko: «Ez da pelikula berria, baina ez da inoiz zahartuko. Folk musikarekin gauza bera gertatzen da».

«Lan handia izan da, eta neure buruari asko exijitu diot, baina aldi berean gozatu egin dut ikusiz nola joan den forma hartzen. Gogorra eta polita izan da»

XABIER BADIOLAMusikaria

Euskaraz kantatzea hautu bat izan da musikariarentzat. Ordura arte ingelesez eginak zituen beti abestiak, baina bakarkako diskoan sentitzen zuen euskaraz egin behar zuela, bere buruarekin zintzoa izan nahi bazuen. «Lagun batek esan zidan: zuk ez baduzu egiten, ez du inork egingo. Eta arrazoia zuen». 

Abestien hitzak idaztea ere samurragoa egin zaio euskaraz, ingelesez baino: «Ohartu nintzen erraztasun handiagoz idazten nuela, naturalago, eta hurrengo egunean hitzak berriro irakurtzerakoan ez nuela ia ezer aldatu behar». 

Gustura dago lanak izan duen harrerarekin, eta zuzenekoak ematen ari da han-hemen. Besteak beste, urriaren 19an Vigon (Galizia) joko du; eta 24an Bermeon (Bizkaia), Mareak jaialdian. «Atom Rhumbak zioen bezala: ez dut inor axolagabe utzi nahi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.