«Idaztea da gibelera begiratzea. Burua bueltatzea. Begirada antzaldatzea. Idaztea da egunero leihoak parez pare irekitzeko ariketa sanoa». Hori egin nahi izan du Hasier Larretxea idazleak Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira poesia liburuarekin. Hamabi urtez Madrilen bizi ostean, jatorrira itzuli da Larretxea: haurtzarora, Baztanera (Nafarroa); harentzat, euskaraz idaztea sorterrira itzultzea baita. Atzera begiratuta, iraganeko mamuak, itzalak eta konbentzioak «astindu» egin ditu liburuan. Pamiela argitaletxearekin argitaratu du bere laugarren olerki bilduma.
Erlijioak pisu handia zuen inguru batean hazi zen Larretxea, eta, han, «gizon eredugarria» izan beharraren zama jasan zuen. Horri aurre egiteko «gezurrezko armadura bat» egin zuela kontatu du. Poesia baliatu du armadura hori apurtzeko eta iruditeria zaharrak deseraikitzeko. «Poesia baliagarria zait gauzak bere tokian jartzeko; poesia oxigenoa da». Hori egin du oraingoan ere: olerkien bitartez, bere barneko ahotsari hitz egiten utzi dio. Egindako lana etxe bateko gelak aireratzearekin parekatu du hark; oreka lortzeko bidearekin.
Liburuak gatazkak eta tentsio sozialak ere baditu hizpide. Izan ere, Larretxeak esan duenez,ezin du saihestu munduan gertatzen diren gatazkek sortzen duten tristezian pentsatzea. Hain zuzen, min horri egiten dio erreferentzia liburuaren izenburuak, idazleak azaldu duen moduan: «Norberaren gerra aurrera eramateak ez du zertan besteen onarpenik izan, eta batzuen desioak besteen suntsitutako lurrak dira». Ekialde Hurbileko gatazkak eta Balkanetako prozesua izan ditu gogoan liburua idaztean.
Hala ere, idazleak azaldu duenez, ez du poesia soziala egin nahi izan, gai horiek beste batzuekin uztartu baititu: «Munduko gatazken inguruan gogoeta egiteak eraman nau identitatearen inguruan pentsatzera; batik bat, gizaki gisa ditugun kontraesanen inguruan». Hala, iruditeria kontrajarriak sortu ditu olerkietan: gerrak, alde batetik, eta natura, sinesmenak eta morala, beste aldetik. «Munduaren eta gizakiaren argi-ilun eta kontraesanak islatzeko ariketa bat izan da».
Liburuaren atal nagusiak 61 orrialde ditu, eta jorratzen dituen gaien artean daude, besteak beste, naturaren sinbologiaren pisua, herentzia erlijiosoaren zama, mina, dolua, denbora, bakardadea, distantzia eta ahanztura. Joxan Artzeren esaldi batek irekitzen du atal hori: «Ez dago nork bere buruarentzat zulatzen duen zuloa baino sakonagorik».
Bigarren zatian, berriz, haurtzaroko paisaiek eta Baztango iruditeriak hartzen dute tokia. «Naturaren mistikan girotutako poemak dira, eta sakonago lantzen dituzte iraganaren ertzak». Larretaz askatu deino ibilkera pisu izanen dugu da atal horren izenburua, eta laburragoa da: 23 orri ditu.
Absentziek pisu handia dute lanean. Hori erakusten du liburua ixten duen Hugo Mujica poeta argentinarraren bertsoak: «Absentzia ere bai errestoa da». Izan ere, absentzia sentimendutik eratu du Larretxeak atzean utzitakoa, eta hori islatu du bere azken liburuan, hark adierazi duenez. «Herria utzi eta hirira joatea dolu moduan bizi izan nuen». Hala ere, ziurtatu du bizitza ospatuz begiratu diola iraganari; bizitzaren gorazarre egin nahi izan duela. «Liburu hau itzulera baten ospakizuna da».
Distantziaren lasaitasuna
Landu dituen gai asko beste liburu batzuetan jorratu baditu ere, oraingoan ikuspuntu ezberdinetik heldu die. Kontatu du distantziari eta denborari esker pentsamendua baretu egin zaiola, eta uste du hori nabaria dela bere lanetan: «Larremotzetik laneko [Erein, 2014] testu batzuetan jorratzen nituen gai bertsuak oso intentsitate handiarekin; askapen berarekin, baina forma desberdinarekin». Oraingoan, berriz, ahots helduagoarekin mintzatu da homosexualitateaz, herriaz, konbentzioen pisuaz eta bestelakoez. «Beharbada, horrek badu zerikusia gizartean, oro har, nabari dudan heldutasunarekin».
2014an Larremotzetik narrazio liburua idatzi zuenetik, gaztelaniaz baino ez du argitaratu Larretxeak. Hala ere, ziurtatu du euskaraz eta gaztelaniaz idazten duela beti, hori egiteko beharra sentitzen baitu. «Aberastasuna aurkitzen dut herri hizkuntzan, adierazpideetan, eta maite dut elementu horiek erabiltzea. Baliagarria zait hiri handian, distantzian, herriko bidezidorrak, bizierak eta uneak berreskuratzeko». Hizkuntzak ez ezik, musikak ere garrantzi handia du haren lanean. «Musikarik gabe ez dut poesia ulertzen». Oso presente izaten du sormen prozesuetan, eta, hori omentzeko, erreferentzia batzuk ekarri ditu liburura; besteak beste, Kerobia taldearen aipu bat.
Idazleak ez ditu liburuaren xehetasun guztiak eman, irakurleek liburuko olerkiak berenerara interpreta ditzatela nahi du eta. «Agian, irakurleak beste itzulbide bat egingo du liburuan barna».
Iraganeko zamak kentzeko itzulera bat
Hasier Larretxea idazleak atzera begiratu du 'Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira' poesia liburuan. Gezurrezko armadura apurtu, eta iruditeria zaharrak deseraiki nahi izan ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu