Iraganeko krisia orainaren eredu

John Steinbecken 'Saguak eta gizonak' eleberri entzutetsua itzuli du euskarara Iñigo Errastik

John Steinbeck idazle estatubatuarra, bere etxean, zigarro bat pizteko prest. BERRIA.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
John Steinbeck idazleak (Salinas, Kalifornia, 1902 —New York, 1968) bere larruan jasan zituen 1929ko Krisiaren ondorio latzak. 1962ko Literatur Nobel saridunak arlote moduan bizi behar izan zuen 1920ko hamarkada, kazetari lanetik bota baitzuten New York American egunkaritik. Esperientzia latz horretatik jaio zen Iñigo Errastik itzulitako Saguak eta gizonak (Alberdania) eleberria. Elkarrizketa azkar eta ugariekin osatutako nobela da, eta behin baino gehiagotan egokitu dute antzerkira. Inazio Mujika Iraola Alberdania argitaletxeko editorearen arabera, AEBetako ikastetxeetan «derrigorrezko» irakurgaia da Steinbecken nobela: «Euskal gazteek ere nazioartean arrakasta izan duten nobelak irakurri behar dituzte, literatura ezagupenak aberasteko».

Errastiren esanetan, ez da lan samurra izan Steinbecken nobela itzultzea. Idazlearen garaiko kritikari tradizionalenen esanetan, hizkuntza zatarrarekin eta araurik errespetatu gabe idatzitako lana da, baina New York Drama Kritikaren Saria irabazi zuen nobelarekin. «AEBetan ezinbestean irakurri beharreko lana izan arren, kontrako iritzi asko jaso dituen nobela da Steinbeckena; garai hartan oso polemikoak ziren gaiak lantzen ditu, hala nola eutanasia edota gizarteak jasandako krisi latzaren aurrean gobernuaren ekintzarik eza».

George Milton eta Lennie Small arrantxo bateko langile alderraien istorioa kontatzen ditu eleberriak. Beheraldi Handiaren garaian girotua, bi pertsonaiek Kaliforniako lurrak zeharkauko dituzte lan bila, eta inguruan miseria besterik ez dute aurkituko. Istorioa antzerkira ez ezik, zinemara ere eraman izan dute. Gary Sinise zuzendariak1992an zuzendu zuen eleberriaren izen bereko filma; John Malkovichek egin zuen Lennie adimen urriko langile bihotz onekoaren rola. «Steinbeck gidoilari aparta zen, eta gaitasun hori oso nabarmena da eleberrian. Istorioa gordina eta latza izan arren, arin idatzita dago, elkarrizketak eta narratzailearen zatiak orekatuta daude».

Kaleko hizkera itzulpenera egokitzea ez ezik, titulua euskaratzea ere ez da langintza erraza izan Errastirentzat. Jatorrizko izenburua Of Mice and Men da; Robert Burnsen To a mouse poeman oinarrituta aukeratu zuen izenburua Steinbeckek. Errastiren esanetan, amaitu gabeko esaldia da: «Dreams of Mice and Men beharko luke nobelaren izenburuak. Steinbeckek esan nahi zuena zera da: berdin dutela gizonen ametsek, patuak arratoi bat bezain erraz zanpa ditzake eta ilusioak».

AEBetako krisi ekonomikoak sakon eragin zuen Steinbecken bizitzan. Harenak dira East of Eden edota The grapes of wrath eleberriak. Azken horrekin, hain zuzen ere, Pulitzer saria irabazi zen 1940an. Steinbecken hainbat lan euskaratu dituzte, hala nola The pearl (Perla), The pastures of heaven (Zeruko Belardiak), The Acts of King Arthur and His Noble Knights (Arthur erregearen egintzak), eta Tortilla flat.

Antzeko egoera gaur egun

Krisiaren ondorio latzak gogora ekartzeko aparta iruditzen zaio Errastiri: «Gaur egun bizi dugun egoera ez da ordukoaren parekatuta oso ezberdina. Iragana ezagutzea ondo dago; batez ere belaunaldi gazteentzat. Istorio gogorrak dira, benetakoak, eta gogoan eduki behar da hemen ere antzeko zerbait gerta daitekeela»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.