IRAGANAREN PLANO HURBILAK

Euskal Herriko historia hurbilarekin lotura zuzena duten hiru film dokumental aurkeztu berri dituzte zinema aretoetan. Ez dira lehenak, eta ezta azkenak izango ere: proiektu gehiago abian dira. Ez da udaberri bakarreko loraldia, dokumentalgileen iritziz.

'Bolante baten historia'. Jose Miguel Etxeberria Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta 1980ko ekainaren 11tik dago desagerrarazita. Iñaki Alforja eta Iban Toledo film bat egiten ari dira desagerpen hari buruz; absentziak irekitako zauriei buruz ere bai. IÑAKI ALFORJA-IBAN TOLEDO.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Urtebete ere ez da joan Bertha Gaztelumendik (Irun, Gipuzkoa, 1962) Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa estreinatu zuenetik. Bilbon izan zen, azaroaren 12an, Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian. 40 urte bete berri ziren ekainaren 3an Guardia Zibilak Del Estal buruan tiroa jota hil zuela, Tuteran (Nafarroa), energia nuklearraren kontrako protesta batean. «Gladysen heriotzaren 40. urteurrenean, gure eskabidea da biktima gisa onartua izan dadila», adierazi zuen Gaztelumendik, 66 minutuko bere lanaren aurkezpenean.

Estreinaldi bezperan, Zinebin bertan, Networking foroa hasi zen, eta han aurkeztu zuten Josu Martinezek (Bilbo, 1986) eta Txabel Larreategik (Donostia, 1986) aurtengo Donostiako Zinemaldian estreinatu duten Caminho Longe dokumental proiektua. «Iaz Zinebin aurkeztu ziren zortzi proiektuetatik hiru-edo, memoria hurbilarekin edota euskal gatazkarekin zerikusia zuten proiektuak ziren», gogoratu du Martinezek. Tartean, beraiena.

ETAko militante izandako Alfonso Etxegarairen itzuleraren kontakizuna da Caminho Longe: Sao Tome irlan deportatuta 33 urte egin ostean Euskal Herrira bueltatzeak ixten duen zikloaz ari da; ireki dezakeenaz; hamarkada luzez lagun izandako Kristiane Etxaluzekin daukan harremanaz. Epilogo moduko bat da Sagarren denbora (2010) filmarentzat. «Ez genuen egin nahi deportazioari buruzko lan bat, hori egina genuelako Sagarren denbora-rekin. Atzera begira baino, aurrera begirako zerbait egin nahi genuen».

Martinezek 2009an ekin zion orainalditik atzera film bidez begiratzeari. Urte hartan, Itsasoaren alaba estreinatu zuen, GALek 1984an hildako Mikel Goikoetxea Txapela etakidearen alaba Haize protagonista bihurtuz. 3.000 euroko aurrekontuarekin filmatu zuen, unibertsitateko kamerarekin, eta Donostiako Zinemaldian erakustea lortu zuen; baita Sagarren denbora ere, hurrengo urtean. «Bi lan horiek filmatu nituenean, memoria egin beharra sentitzen nuen, inork aipatzen ez zituen gaiak zirelako». Euskal filmak Zinemaldian ikustea bera ere, ezohikoa zen.

Eta Barrura begiratzeko leihoak proiektuari ekin zion: bost atal, euskal preso bati eskainia bakoitza, zuzendari baten begietatik. Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea, Larreategi, Martinez bera eta Eneko Olasagasti ziren bost zuzendariak. «Hura proiektu handiagoa zen, anbizio gehiago zuen, eta polemika latza sortu zen». Filma diruz laguntzea eta erakustea delitu izan zitekeela esan zuten Espainiako Gobernuaren hainbat ordezkarik. «Gu zokoratzeko kanpaina bat egin zuten, eta, azkenean, politikaren eremuan kokatu gintuzten, ez sorkuntzarenean». Domaia. Akituta irten zen ataka hartatik Martinez.

Diruaren hotsa

Debekatuta dago oroitzea (2010), Gure sor lekuaren bila (2015) eta Jainkoak ez dit barkatzen (2018) lanak ere eginak ditu Martinezek. Horiek ez zuten erakunde publikoen diru laguntzak jasotzeko arazorik izan, euskal gatazkarekin lotura zutenek bezala. «Caminho Longe-k ere ez du inolako laguntzarik jaso. Finantzaketa kolektiboa izan da diru iturri bakarra; jendeak emandako 30.000 euroei esker egin ahal izan dugu».

Joan den hilean Donostiako Zinemaldian estreinatu den Non dago Mikel? dokumentalak ere finantzaketa kolektiboko kanpaina jarri zuen abian dirua biltzeko. Hainbat erakunderen laguntza ere jaso du, 180.000 euroko aurrekontua osatzeraino. «Duela hamar urte hasi zen proiektu hau. Luzea eta gorabeheratsua izan da bidea, baina ez dugu oztopo berezirik izan gaiagatik», dio Amaia Merino (Donostia, 1970) zuzendariak. Gaia, duela 35 urteko auzi bat: ETAkoa izatea leporatuta Guardia Zibilak atxilotu, Intxaurrondoko (Donostia) komandantziara eraman, eta hogei egunen buruan Bidasoa ibaian itota agertu zen Mikel Zabaltza autobus gidariarena.

«Behar bat egon da halako lanak egiteko, urte luzeetan, baina garai batean zailagoa zen halako memoria ariketak aurrera eramatea. Beti zen gatazkatsuagoa-edo», Merinoren hitzetan. Martinez bat dator berarekin: «Badago nolabaiteko barealdi bat, eta ematen du konpondu gabe geratu diren gauza horietaz lasaiago hitz egin daitekeela. Prozesu natural bat da, segur aski. Dokumentalen ugaritzea ETAren borroka armatua bukatu eta zortzi-hamar urtera etorri da».

Beste aldaketa batzuk ere egon dira, jakina. «Zinema egiteko aukeren demokratizazioa» nabarmendu du Merinok, esaterako, eta ildo beretik jo du Lander Garrok ere (Errenteria, Gipuzkoa, 1975): «Azken hamar urteetan zinemaren ekoizpenaren kostua asko jaitsi da. Teknologia digitalari esker, prozesu ia osoa norberak egin dezake. Azkeneko urteetan film itxurosoak egin daitezke suizidio ekonomikorik egin behar izan gabe». Hortik ere etorri da dokumentalgintzaren gorakada, Garroren ustez: «Beti egon da jendea gauzak egin nahi zituena, baina teknologia gure beharrizan ekonomikoetara egokitu denean hasi gara melena askatzen». Eta gauza asko dago kontatzeko oraindik ere: «Batzuk kontatu dira, baina ez ditugu geuk kontatu, besteek baizik. Geure historiari buruz besteek egin duten kontakizunaren lekuko izan gara urte luzez».

Ekainetik hona, Euskal Herriko hamaika zinema aretotan erakutsi du Garrok «intsumisioaren aldeko» bere historia zatia: Bi urte, lau hilabete eta egun bat. 100.000 euroko aurrekontuarekin egin zuen filma, eta, bere harrigarri, sei astez izan da ikusgai Iruñeko Golem areto komertzialean. «Ez nuen espero gure filma areto komertzial batean egotea. Izugarrizko poza ematen du, eta horrek etorkizun diren filmei ere bidea egiten lagun badiezaieke, are gehiago».

Hori ere aldatu baita, Merinoren aburuz: «Dokumentalak telebistan ikusten genituen lehen. Gero, horiek ere zinema zirela ikasi genuen, eta zinema aretoetan ikusten ditugu orain. Nazioarteko zinemaldi indartsu guztietan erakusten da gero eta dokumental gehiago».

Historien historia

Bolante baten historia filma datorren urteko Donostiako Zinemaldian estreinatzea da bere bultzatzaileen asmoa, «bai antolatzaileen, bai ikusleen aldetik, badelako interesa, aurten Caminho Longe-rekin eta Non dago Mikel?-ekin argi ikusi denez». Hala nabarmendu du Iñaki Alforja zuzendariak (Iruñea, 1967). Dokumental horrek kontatu nahi duena: Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren auzia. Komando Autonomo Antikapitalistak (CAA) talde armatuko kidea zen Naparra, eta 1980an desagerrarazi zuten. Batallon Vasco Español (BVE) talde parapolizialak hartu zuen bere gain haren desagerpena.

«Urte asko dira Naparraren anaia Eneko ezagutzen dudala, eta bera da gure filmaren protagonista. Zenbat aldiz ez ote diogun esan elkarri ez dela posible pertsona bat 40 urtez desagertuta egon eta gizarte gisa geure buruari ez galdetzea zer eta zergatik gertatu zitzaion, non dagoen».

Alforjak urte asko daramatza dokumentalgintzan, eta ekonomikoki oraingoa baino nekezagoak izan diren proiektuak ezagutu izan ditu. «150.000 euroko aurrekontua daukagu, eta horrek gauzak egiteko aukera asko ematen digu». Atzera begira jarri da, memoria ariketez galdetuta: «Gu baino lehen, memoriaren berreskurapena liburuen bitartez egin zen batez ere. Merkeagoa ere bazen, eta bazeuden ikerketak eta gertuko memoria lantzen urteak egindako argitaletxeak. Hortik, dokumentaletara egin da jauzi». Aurreikusten duen hurrengo eremua: «Fikzio ekoizpenak».

Hori etorriko delakoan dago Merino ere, baina sinetsita dago horrek ez diola baliorik kenduko dokumentalgintzari: «Benetako gertakizunak fikzioa bera baino harrigarriagoak gerta daitezke, eta fikzioa beti da subjektibo hutsa. Dokumentalak benetako pertsonak eta testigantzak dakartza, eta horrek bere balioa du». Dokumentalen balio artistikoa aldarrikatzen du.

Galbahe ideologikoa

Josu Martinezen eta eta Lander Garroren ustez, ez da kasualitatea memoria hurbilari eta gatazka armatuari buruz aritzeko dokumentalgintzara jo izana, eta arrazoi ekonomikoak aipatu dituzte, beste behin, azalpen gisa. «Fikzioak finantzaketa lan askoz handiagoa eskatzen du, eta lan horretan galbahe ideologikoa oso handia da. Eta presio mediatikoa eta politikoa ere handia da oso. Fikzioan askoz zailagoa da filma kontakizun ofizialetik kanpo kokatzea», Garroren arabera. Dirua jar dezaketen gehienak erakunde ofizialak direlako, hain zuzen ere, eta erakunde horiek direlako kontakizun ofizialaren bultzatzaile nagusiak.

Kontakizun orokor bateko parte gisa ikusten ditu Iñaki Alforjak gero eta ugariago diren dokumentalak: «36ko gerrari buruzko gure esperientziak erakusten du, 80 urteren buruan, ordukoari buruz sesioan segitzen dugula oraindik. Azken 60-50 urteetan gertatutakoei buruzko kontakizun partekatu bat izatera ailegatzea bainoago, beraz, kontakizun desberdinez osatutako kontakizun sorta bat osatzera helduko garela espero dut».

Norbere kontakizuna egiteko joko arauak ez dira berdinak denontzat, baina, Martinezek azpimarratu duenez: «Oraindik ezin dira gauza guztiak esan, eta horrek autozentsura bat ekartzen du, askotan. Kontaketaren mugak non daude, azken batean?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.