Iraganaren jazarpenaren zama

Josu Penadesek gaizkiaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa aztertu du 'Ileak uretan' eleberrian

Josu Penadesen hirugarren nobela da Ileak uretan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
«Nola igarotzen da gaizkia belaunaldiz belaunaldi?»; galdera hori planteatu zion Josu Penadesek (Bermeo, 1962) bere buruari Ileak uretan (Alberdania) eleberriaren abiapuntuan. Gaizkia aipatzean ez da ari, ordea, gerrei edo hedabideetan agertzen diren sarraskiei buruz, «eguneroko gertaeren bidez transmititzen eta igarotzen doan gaizkiaz» baizik. «Badirudi hoditeria batek, goizago edo beranduago, emaria izan behar duela; eta badirudi gure gizartean halaxe gaizkia ere hor dagoela, egon dagoela. Horri buruzko hurbilketa literarioa egin nahi izan dut».

Eleberriko protagonistak, Inasek, ez du aita ezagutu; karrerako azken azterketa egin, eta biharamunean jakin du 36ko gerran hil zutela. Egun berean argitu du kimika ikasketak gerran izandako jokabide gaiztoaren ondorioz aberastu zen aitonaren diruari esker egin ahal izan dituela. «Urteak beharko ditu ondasun horrekin zer egin erabakitzeko».

«Iraganak jazartzen du Inas», azaldu du Penadesek. «Iragan hori hein batean berak ahalbidetua izan da. Baina zati handi batean ez da bere esku egon, eta burutua jaso du. Eguneroko gorabeherei erantzutea bezain nahitaezkoa gertatzen zaio bere iraganean arakatzea bizitzan aurrera egin ahal izateko. Gizaki ororen nortasuna eraikitzeko, beharrezkoa dela iragana esan ohi da. Batzuetan, hala ere, zama bilaka daiteke».

Inasen iragana batik bat hiru harirekin txirikordatu du egileak: aitari gertatutakoarekin, aitonaren herentziarekin eta amaren jokabidearekin. «Horrenbestez, bere aurretikoen historia miatuz joango da bere nortasunaren zenbait zirrikitu ezagutzen». Nobela Inasen bizitzaren berri ematen duen ibai batekin konpara daitekeela uste du Inazio Mujika Iraola Alberdania argitaletxeko editoreak, baina ibai horrek adar asko dituela, hots, bigarren mailako pertsonaia ugari eta askotarikoak.

'Hirugarren Espainia'-ko kidea

Inasen aita, Galo, gerran atxilotu eta erail zuten, baina ez bando jakin batekoa zelako, askorentzat gerra aldameneko deserosoak paretik kentzeko baliagarri izan zelako baizik. «Antonio Machadoren hitzak erabiliz, Hirugarren Espainia zabal hartako kidea izan zela esan daiteke. Edo, nahiago izanez gero, Hirugarren Euskadikoa edo Hirugarren Euskal Herrikoa».

ETAren indarkeriak ere presentzia handia du eleberrian. «Gaizkiaren gainean arituz gero, gure testuinguru honetan ulergaitza litzateke terrorismoaren arazoari ez ikusiarena egitea», Penadesen ustez. «Eta ez Gerra Zibilean eta duela gutxira arte azken berrogeita hamar urtean gertatutakoen artean parekotasun mimetikorik dagoela erakusteko asmoz, hori anakronismoa izateaz gain arinkeria arbuiagarria bailitzateke. Haatik, ukaezina da bi garaien arteko lotura zuzenak egiteko tentaldia erakargarri gertatzen zaiola bati baino gehiagori.Eleberri honek tentaldi horren aurrean ere jarri nahiko luke irakurlea eta gonbita egin nahiko lioke erantzuna bila dezan, ñabardurei arreta eskaintzeko eta hamarkadaz hamarkada errepikaturiko erretolikek ezkutaturikoari ere erreparatzeko ohartaraziz».

«36ko gerraz egin beharko lukeen bezala, belaunaldi bakoitzak bere gogoeta etiko-antropologikoa egin beharko luke», Penadesen ustez, «baita aipatu terrorismoari buruz ere, hezur-haragizko gizon-emakumeen historiei arreta eskainiz batik bat».

Bestelako hainbat gairen inguruko gogoetarik ere aurkituko du irakurleak liburuan, hezkuntzaren ingurukoak adibidez. «Baina eleberri honen muina ez da 36ko gerra, terrorismoa, hezkuntza edo dena delako arazoa bere luze-zabalean, Inas baizik, jaiotzea egokitu zaion garai eta leku korapilatsuan hezurmamituta: hor doa bere bizitza eraikitzen, neurri batean asetzen duten erantzunak emanez eta, aldi berean, betetzen ez duten jokabide batzuk saihestu ezinik. Azken batean, hitz gutxitan laburbildurik, gizakiaz ari da eleberria, giza izaeraren azpildurez».

Formalki, iraganeko pasarteak eta gertakari garaikideak bereizi ditu idazleak. Iraganekoetan kontaketa lineala da nagusi; garaikideetan, aldiz, egungo literaturatik gertuagokoa, elipsiz eta hausturaz hornitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.