Iraganaren dilema sortzailea

Susana Talayero artistaren hiru hamarkadako lana biltzen duen erakusketa zabaldu dute Bilboko Arte Ederren Museoan

Inigo Astiz
Bilbo
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Eutsi ala lehertu. Dilema horri egin behar izan zion aurre Susana Talayero artistak (Bilbo, 1961) Bilboko Arte Ederren Museoak bere azken hiru hamarkadetako lanarekin erakusketa bat osatzeko proposamena helarazi zionean. «Erronka bat izan zen niretzat unibertsitatea utzi nuenetik orain arteko lan guztia berrikustea. Garai bakoitzeko pieza erakusgarriren bat hautatzea izan zen lehen asmoa, eustea, baina azkenean obrak gainezka egin zezan erabaki dut». Aretoko atea gurutzatu eta kolpean igarriko du asmo hori bisitariak, guztira 100 lan baino gehiago pilatu baititu sortzaileak bertako hormetan eta lurrean. «Ia 30 urtetako lana biltzen duen instalazio handi baten modukoa da erakusketa». Erroman lanean hasi zenetik gaur egunera arteko lanak hartzen ditu bildumak, eta sortzailearen ibilbideko konstante nagusiak ikus daitezke bertan. Kronika geldiezina (1987-2016) izendatu du erakusketa eta ekainaren 6ra arte egongo da zabalik.

Erakusketa ez da kronologikoa, baina kronologikoki antolatutako hiru ataletan osatu dute ibilbidea Talayerok eta Aimar Arriola komisarioak. 1987tik 1995era arteko lanak daude Erroma izeneko atalean, 1999tik 2009ra arteko margolanak elkartu dituzte Lorategia deitutakoan, eta 2006tik 2014ra bitarte sortutako erretratu espresionistak elkartu dituzte Buruhandiak sortan. Ez da, ordea, kronologia izan erakusketa antolatzeko irizpide nagusia; artistaren ibilbideko konstanteak nabarmendu nahi izan dituzte piezen hautaketa eta ordenarekin. Izan ere, Talayeroren hitzetan, badu bere puntu sortzailea antolaketa lan horrek ere. «Artelanen pilaketarekin esperimentatzeko baliatu dut erakusketa. Sekula ez nuen halakorik egin, eta lehenengoz egin dut proba hemen».

Margolanak eta collageak dira nagusi, eta aurrez sekula erakutsi gabeak dira artelanetariko asko. Igartzen dira sortzailearen iturri artistikoak piezetan: informalismoa, AEBetako espresionismo abstraktua, arte pobrea eta transbangoardiak, esaterako. Baina, esperimentazio gogoa da sortzailearen ibilbidearen konstante nagusietariko bat, eta artelanak sortzeko erabiltzen dituen teknika sorta da horren froga.

Arte Ederren Museoaren bildumaren parte diren hiru margolan ere biltzen ditu erakusketak, eta haien testuingurua eta garaia kokatzen laguntzen dute haien inguruan jarri dituzten artelanek.

Biltokia tailer

Bi munduren arteko talka moduko bat ere irudikatzen du erakusketak. «Lanerako espazio pribatu eta intimo bat da estudioa, eta hori museoaren espazio publikora lekualdatzeko saiakera bat izan da erakusketa hau». Hilabetez izan da artista erakusketa prestatzen, eta tailer modura baliatu du museoa. Adibide bat: biltokietan topatutako materiala baliatu du Talayerok bere artelanak eusten dituzten mahai eta oinarriak sortzeko. Museoko kontserbazio sailak aurrez beste margolanen bat babesteko erabilitako kutxa jarri du artistak Oreina izeneko margolanaren euskarri lurrean.

Hori da Talayeroren beste konstanteetariko bat. Izan ere, maiz baliatzen ditu aurrez erabilitako materialak bere artelanak osatzeko, eta postalak, kautxu puskak eta zigarrokinak ere topa daitezke horregatik Bilboko erakusketako piezetan. «Asko interesatzen zaizkit gauzen hondarrak, niretzako zentzu berezia hartzen duelako materialen memoria horrek». Erabilitako ahozapiak elkarri itsatsiz osatu zuen adibidez 1993an Sentimentalki femeninoa den begirada baten benetako motiboak margolanaren oihala. Eta begi pilo bat, irudian.

Horizontaltasunaren alde

Baina erakusketa ez da orain arte egindakoaren bilketa lan soila. Lanen berrirakurketa sortzailea egin du artistak behin baino gehiagotan, eta Arte Ederren Museoan diren bi pieza dira horren frogarik argiena. Erromako hasierako garaiko pieza txiki pila bat pilatu ditu, adibidez, bata bestearen gainean Mahaia izeneko instalazioan, eta antzera jokatu du Lorategia izenekoarekin ere, bertan 1999tik 2009ra bitarte sortutako hamarnaka lore itxurako margolan pilatu dituelako aretoko horma batean. Eta ez horman bakarrik, lurrean ere zabaldu dituztelako margolanak kasu horretan. Eta azaldu du zergatia artistak: «Erakusketa honekin, nire asmoa ez zen nire lanaren garapena erakustea, baizik eta material horrekin guztiarekin zer gertatzen zen ikustea. Ikusi nahi nuen nola sentitzen nituen nik orain lan zahar haiek guztiak, eta saiatu nahi nuen haiek berpizten».

Margolanak lurrean hedatzearena ez da kapritxo kontua izan. Komisarioak azaldu duenez, plano horizontalean margotzen ditu maiz Talayerok bere artelanak, eta nolabait ere piezak sortu ziren bezala erakusteko jarri dituzte margolanak lurrean. Arriolaren hitzak: «Plano horizontalaren aldarrikapen bat egin nahi duela dirudi maiz, lana astoaz askatu nahi duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.