Arineketan
Duela lau urte sortu zen Arineketan taldea, Iñar Sastre piano jotzailearen eta Jagoba Astiazaran txistulariaren ekimenez, eta hasieratik izan du kultura-ondare tradizionala gaur egunera ekartzeko asmoa. Lehen diskoan, dantzarako erritmoak hartu zituzten hizpide; iaz kaleratu zuten bigarren diskoak, Zaharrak berri izenekoak, euskal-kanta eta doinu zaharrak berritzea du helburu. Horretarako, musikari berari trataera espezifikoa emateaz gain, hiri-estiloak medio, euskal panoramako ahots askotarikoen laguntza ere izan dute: Odei, Nogen, Olaia Inziarte, Idoia, Mikel Urdangarin, Ansa ahizpak, Ainara Ortega, Eñaut Agirre, Beñat Gaztelumendi eta baita Rosalind talde amerikarra ere.
Zuzeneko aurkezpenetan, noski, ezin ahots eta ekarpen guztiak bildu, baina musikari trebeak izaki, emanaldi fina ondu dute biek, goxo hartzen eta eramaten diren horietakoa. Oro har, esan liteke badela pieza guztiak lotzen dituen estilo-haria, kontraste handi edo zorrotzik gabe berdintasunez garatzen dena eta, era berean, pieza bakoitza bere horretan hartuz ere banakotasun zentzua galdu gabe. Hala, gozatzekoak izan ziren iraganeko doinuen birsortzeak eta moldaketak, Zeberiok eta Lopezek ondo sostengatuak. Hitzek ere berebiziko garrantzia dute berritze honetan, eta Oihana Iguaran lagun, Beltzarana bihurgunetsua eta Iragan besta jostalaria nabarmendu ziren.
Emanaldia ireki zuen kanta izan zen, akaso, arratsaldeko unerik hunkigarrienetakoa, hain zuzen, ahotsaren bereizgarritasuna zela eta: Pedro Mari Otaño bertsolariaren Aita-semeak koplak entzun ziren Astiazaranen amama Xolaren ahotan, orain urte asko egindako grabaketan jasoak eta gaur bozgorailuei esker hedatuak. Pianoa koloreekin jolasean eta txistua doinuen zaindari, zentzu osoa hartu zuten bosgarren bertsoaren lerroek: «Seme, izan goguan/ zere gurasuak/ eta uzten dituzun/ sonido gozuak». Konbentzituta nago berrikuntzarik baliotsuena litzatekeela gure aitona-amonek kopla amaigabeak buruz errezitatzeko zuten gaitasuna eta zaletasuna berreskuratzea.