Zinema estreinaldiak

Iraganak badu zeresanik

Mati Diop zinemagile frantziar-senelgadarraren azken film luzea 'Dahomey' da, kolonialismoaz eta lehengoratzeaz hausnartzen duen dokumental bat.

(ID_17337401545355) Dahomey filmeko irudi bat.
Mati Diop zuzendariaren 'Dahomey' filmeko irudi bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko abenduaren 11
04:50
Entzun

Parisko Musee du Quai. 2021. urtea. Pasillo luzez beteriko soto bat. Maskara eta eskularruak jantziak dituzten langileak hainbat artelan tentuz biltzen ari dira, egurrezko kaxetan sartuz. Garai batean Benin errepublikaren parte zen Dahomey erresumarenak ziren 26 pieza dira; Frantziak bere kolonia izan zen Afrikako herrialde horri 1892. urtean lapurtutako artelanak. Museoko langileak objektuak beren jatorrira itzultzeko prestatzen ari dira.

26 altxor horien artean dago Gezo erregearen egurrezko estatua. Gezo erregea Dahomey erresumaren buru izan zen 1797tik 1818ra, eta estatuaren ahotik kontatuko da lapurtutako artelanek etxera itzultzeko egingo duten bidaia.

Mati Diop zinemagile eta aktore frantziar-senegaldarraren bigarren film luzea da Dahomey. Bere lehen luzea, Atlantique, Cannesko jaialdian aurkeztu zuen, eta epaimahaiaren sari nagusia jaso zuen. Hori izan zen emakume arrazializatua den zuzendari batek jaialdi horretan parte hartu zuen lehen aldia. Dahomey filma aurtengo Berlinalen aurkeztu zen, eta filmik onenaren Urrezko Hartza eskuratu zuen.

Kolonialismoa, kultura eta iragana eta oraina dira Diopen dokumentalaren ardatzak. 67 minutu irauten duen kontakizun hori geruzaz beterik dago, eta, abiapuntuak sinplea badirudi ere, Diopek hausnartzeko tartea bilatzen du. Piezak bildu, egurrezko kaxetan sartu, hegazkinez beren jaioterrira eraman, eta bertan kontrako prozesua egin; piezak kutxetatik atera, eta dagokien lekuan jarri. Eta, bidean, pieza horietako batek iraganari buruz hitz egiten du, eta gogoeta egiten du bere funtzio sinbolikoari buruz, adieraziz iluntasunean gordeta egon dela. Horrela, artelan batzuen garraioaren jarraipen zehatzari 26. piezetako baten —Gezo erregearenaren— kontakizun poetikoa gehitzen zaio.

Zinemagile frantziar-senegaldarrak ildo berri bat arakatzen du orduan. Abomey-Calaviko Unibertsitateko ikasleek eztabaida bat dute kolonialismoaren inguruan, eta Diopen filma hainbat ikuspuntu kritikoren lekuko bilakatzen da. Batzuentzat, 26 piezen itzulera iseka bat da, lapurtutakoak milaka izan zirelako. Beste batzuen iritziz, beren historia ulertzeko pauso garrantzitsu bat da. Gainera, ikasle batek azpimarratzen du kolonizatzailearen hizkuntzan ari direla hitz egiten kolonialismoaz. Eta, iritzi anitzen artean, 67 minutuko filmaz harago doan gogoetarako bidea irekitzen du Diopen filmak.

'Dahomey'

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17337401277145) Anselm filmeko irudi bat.
Anselm filmeko irudi bat. BERRIA

'Anselm (Das Rauschen Der Zeit)'

Anselm Kiefer artista garaikide onenetakoa da. Haren iragana eta oraina zinemaren eta pinturaren arteko muga lausotzeko uztartuko dira, artista baten lanean sakonki murgiltzen den eta haren bizitzaren bidea erakusten duen esperientzia zinematografiko bat eskainiz horrela.

'Mariposas negras'

Zenbait emakumeren istorioetan inspiratuta, gizadiaren etorkizun zalantzagarrirako bidaia bat proposatzen du filmak, abiapuntutzat Afrika, Karibea eta Asia izanik. Klima aldaketak eragina du Tanit, Valeria eta Shailaren bizitzetan. Planetako oso leku desberdinetako hiru emakume dira, baina gauza bat dute komunean: hirurek dena galduko dute Lurra berotzearen ondorioz, eta migratzera behartuta egongo dira.

'Rabia'

Bizitza berri baten promesak bultzatuta, Jessica, frantziar gazte bat, Siriara joango da EIn parte izateko. Raqa hirian, etxe batean hartuko dute. Mundu osoko emakumeak daude bertan; borrokalarien emazte bihurtzea espero dute. Laster, Jessicak Madameren konfiantza bereganatuko du, zentroko zuzendari karismatiko eta beldurgarriarena. Harreman horrek, mendetasunak eta kontrolak markatuta, bere mugetatik harago jotzera bultzatuko du Jessica, gero eta ilunagoa den errealitate batera eramanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.