Sabine Casenave (1962, Ortheze, Okzitania) 2019ko azaro hastapenean sartu zen Baionako Euskal Museora zuzendari gisa. Frantzia iparraldean arte plastikoko eta artearen historiako irakasle izan ondoan, Euskal Herrira jin eta «gogotsu» hartu du lanpostua. Itxita egon dira, baina gaur zabalduko dituzte ateak, eta, besteak beste, Ziburuko eltzegintzari eskainitako aldi baterako erakusketa izango da ikusgai.
Nola heldu zara hona?
Bizi guztian hemendik kanpo egona naiz, baina sortzez Euskal Herrikoa eta Biarnokoa naiz. 1973an krisi bortitza bizi izan genuen, eta hemen bizi eta lan egin nahi genuela bagenekien, baina ez zen lanik aski denendako. Anitz gaztek joan behar izan genuen. Irakasle izateko ikasketak egin nituen, eta garai hartan gehienak Paris edo Lille aldera igortzen gintuzten. Han egon naiz hemezortzi urtez, eta, egia erran, laketu nintzen.
Baina Euskal Herrira itzuli.
Tarbera joan nintzen, eta, hori baino lehenago ere, uda guztiez Donibane-Lohizunera nindoan oporretara. Halere, aldaketa 1998. eta 2000. urteetan gertatu zen. Irakaskuntza utzi eta zerbait berri egiteko garaia jin zitzaidan. Konkurtsoak pasatu nituen, eta ondare kontserbatzaile naiz geroztik. Hala, erran dezaket profil bikoitza dudala; transmisioarena eta kontserbatzearena. Pikardian egon nintzen museo batean zuzendari, eta han ibili ginen erreberritze lanetan. Jada hala egina bainuen, pentsatu nuen parada ona zela esperientzia hori baliatzea ene lurraldearen onerako, eta pentsatu nuen Euskal Museoan ari izatea.
Zer zenuen Euskal Herriarekiko lotura?
Familian banituen euskaldunak eta biarnesak. Xarnegu eremuan elkar ezagutu zuten ene burasoek, eta ni ere, nolabait, horrelako zerbaiten nahasketa naiz. Ama euskalduna eta aita biarnesa izanik, frantsesa izan da bien arteko hizkuntza. Biarnesez eta euskaraz mintzatzea debekatua zen eskolan. Enetzat, euskara sekretuen hizkuntza da; ttanttek euskaraz egiten zioten amari nik ez niezaien ulertu. Gure baztertzeko baliatzen zuten.
Ez da enegatik ez badut euskara hitz egiten, eta galdetzen diot jendeari hori uler dezan. Murgiltze sistema batekin bakarrik ikas daiteke hizkuntza, baina nik ez dut horrelakorik bizi izan 1984tik geroz. Pixka bat mintzatu naiz amatxirekin eta ttanttekin, erran molde batzuk ere badakizkit, eta kantuak ere bai. Baina kultura ez da bakarrik hizkuntzan eta kantuetan oinarritua.
Zertan oinarritua da, beraz?
Beste anitz gauzen bidez pasatzen da kultura, eta uste dut euskal kultura zinez barneratua dudala. Azkenaldian biziki kontent nintzen, neska euskaldun bati azaldu dizkiodalako gauza batzuk euskal kulturari buruz, nahiz eta nik euskara ez jakin. Frantsesez azaldu dizkiot, eta berak: «Ez nekien!». Nik: «Begira, ezin dizut euskaraz azaldu, baina nik dudan jakintza transmititu diezazuket». Eni ere anitz gauza transmititu dizkidate, hau da, ene kultura, baina ez euskaraz.
Ez duzu ikasiko?
Egunero saiatzen naiz. Baina hemen talde euskalduna dugu; harreran batzuk euskaldunak dira, adibidez. Halere, badakit ez dudala sekula ongi mintzatuko, modu jarraikian. Eta, batez ere, badakit euskara batua ikasiko dudala, ez dudala ene hizkuntza ikasiko; zuberera. Aldiz, hizkuntzaren musika eta azentua atxiki ditut, amak igande goiz guztiez deitzen baininduen. Badira erran moldeak ere.
Zer da euskal kultura? Eta nola egin duzu «barneratzeko»?
Anitz gauza transmitituak izan zaizkit. Kantuak, usaiak eta ohiturak... Horretan da euskal kultura. Eta hori amek dute transmititzen. Amak, amatxik, ttanttek... haiengandik jaso dut. Eta gero, liburuekin anitz ikasi dut. Burasoek erraten zidaten 15 urteak arte berek nindutela hazi, eta gero, nik diedala erakatsi nor ziren.
Gaztea nintzelarik, ez zen turismorik egiten, ezta hurbileko turismorik ere. Nik eramaten nituen gaztelu, bastida, bide eta leku berrien ezagutzera. Lehen aldian alokatu genuelarik etxe bat, Urepelen zen. Nik diet Kintoako historia irakatsi; enklabe hori Euskal Herri espainolarekin. Berek bakarrik beren herrietako historia zekiten.
Erraten duzu burasoei irakatsi diezula «nor garen». Nor gara?
A... Sakona den kultura baten emaitza gara, artzainen eta laborarien munduko kultura bat. Pirinioen bi aldeetan diren besteekin partekatzen dugun kultura bera da... Segur aski neolitikotik partekatzen duguna. Gauza batzuk euskal populuaren berezitasunak bilakatu dira, eta hori da, adibidez, lurraldeari eta lurrari diogun atxikimendua, zeruari baino gehiago. Eta animistak gara, oinarrian. Giristinotzea baino lehen, horrek gintuen bereiz egiten. Gero, zailtasunak ditut azaltzeko, baina emazteen lekua aipatu nahi nuke. Amari lotura berezi bat izatea. Eta hori ere uste dut urrunetik datorkigula. Beharbada iturrietatik, harpeetatik, etxeetatik... letorkiguke? Gizarte patriarkalagoez bereiziko nuke.
Baina aipatzen dituzun horiek... Gaur egun erebalio dute?
Uste dut baietz. Uste dut oraino badela hori, gaurko emazteek duten lekuaren galdeketan. Amatxi eta amaren baitan ez zen kontzientea. Baina familien arabera da, ikusiz zenbat emazte edo gizon diren familietan. Hasteko, bada zerbait, gizon eta emazteen arteko harreman hori, aski berezia dena eta bereizten gaituena... Gainera, bada beste zerbait ere, anitz komatxoren artean erran nezakeena; arbasoekiko dugun harremana. Hau da, hilak nola zaintzen ditugun. Uste dut berezia dela. Berezia da arbasoekiko dugun harremana, baina uste dut hori haustura edo moztura bat jasan duen zerbait dela. Lehen, herrietan, ez zen hausten. Orain, diaspora azkarragoa da eta familia kideak bereizten dira.
Zer da museo bat zuretzat?
Transmisio hori erakutsi behar du: iragana eta oraina lotzen duen haria atxiki behar dugu. Eta haria hausten den momentua gibelatzen du museoak. Balio du iragana, oraina eta geroa lotzeko. Eta horretarako, nahiko nuke baliagarria izan dadin bai kanpoko jendeak ikus dezan nor garen, baina baita ere balia dezagun hemengo jendeek ere ikus dezaten. Publiko hurbilak jakin behar du nor den, nor diren, eta horretarako baliatu behar dute museoa.
Ene lana izanen da erakustea 1960ko hamarkadako uzkailtze momentu hori. Eta lan hori egiten ahalko dugu denen laguntzari esker, ikusiz lehenagoko garai hartatik zerk bizirauten duen gure gaurko gizartean. Irauten duenak irauten du objektuetan, irauten du ere pertsonetan, beren jarreretan, kantua eta dantza bultzatzeko maneran, erraten dutenean eta isiltzen dutenean. Horrela du irauten, zuen baitan ere.
Nola ikusten duzu Euskal Herria? Zer harreman duzue Hego Euskal Herriko museoekin?
Museoan ezin dugu dena sartu,halere, arketipikoak direnak hautatzen ditugu. Hego Euskal Herrian museoak badirenez, haiekinelkarlanean ari gara hango berezitasunak eta hemengoak truka ditzagun. Entseatzen gara erakusten zer dugun komunean, eta zertan izan ditugun berezitasunak edo nola ohitura batzukespezifikatu diren.
Sabine Casenave. Baionako Euskal Museoko zuzendaria
«Iragana eta oraina elkarri lotzeko haria atxiki behar dugu»
Koronabirusagatik hainbat astez hetsirik egonik, museoak berriz irekitzear daude. Baionako Euskal Museoan gaur zabalduko dituzte ateak, eta aldi bateko erakusketa izanen da Ziburuko eltzegintzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu