Azken hiru hamarkadetako arte plastikoaren panoramaren testigantza bildu dute Miren Arenzana, Gema Intxausti, Iñaki Imaz, Idoia Monton eta Alberto Peral sortzaileek. Ez zaie erraza egin 25 urtean pilatutako lana gela bakarrean ikusgai jartzea, baina, denen arteko lankidetzari esker, kolore biziz betetako emaitza plastiko eta eskultorikoa lortu dute. Denek EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasi zuten, eta heziketa Artelekun osatu. Batzuek elkar ikusi gabe daramate ia hogei urte, eta besteek ez dute harremana galdu; ordea, denek azpimarratu dute plazera izan dela elkarrekin erakusketa antolatzea.
Peio Agirre eta Beatriz Herraez erakusketaren komisarioek bitan banatu dute espazioa, batean bost artisten egungo obrak bilduz, eta bestean 80ko eta 90eko hamarkadetan sortutako lanen aukeraketa aurkeztuz. Lehen zatiko obrak Tabakalerako espazioan erakusteko propio sortutako lanak dira, duela bi urte proiektua aurkeztu zietenean hasitakoak. Hala, orainaren eta iraganaren arteko zubia eraiki dute, elkarri keinuak eginez. Agirreren esanetan, bost artisten lanen artean elkarrizketa eraikitzea izan dute helburu: «Bi hizkuntzetan sortutako erakusketa da, pintura eta eskultura. Hortik abiatuta, elkarrizketan jarri ditugu bostak, batzen dituen gertuko iragan hori eta egun bakoitzak sortzen duena harremanetan jarriz».
MIREN ARENZANA
Lehen eta orain, egiturak eta eskultura geometrikoak dira Miren Arenzanaren (Bilbo, 1965) lanaren oinarria. Tabakalerarako propio sortutako lanak garbiagoak dira, gardenak eta soilak. Arenzanaren esanetan, produkzio lanaren fruitu dira sortutako formak: «Erakusketaren lehen zatiak, orain sortutako lanek, nire ibilbide artistikoa sintetizatzen dute. Nire izaera islatzen saiatu naiz beti, horretarako formak erabiliz».Hasieratik landu du Arenzanak eskultura, eta Tabakalerako erakusketan parte hartzea «aukera paregabea» izan dela dio. «Duela urte asko ezagutzen dugu bostok elkar, eta norberak bere bidea egin duen arren, lanak elkartzeko aukera hau pozgarria izan da».
GEMA INTXAUSTI
Eskulturak dira Gema Intxaustik (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1966) erakusketan jarri dituen obrak ere. Haren gaur egungo lana kontzeptuala da, Tabakaleraren zuritasunarekin bat egiten duena. Ordea, 80ko hamarkadako haren obrek badute kolorea: «Garai horietan kontaketa modu oldarkorrago batean egitea nuen buruan, baina, gaur egun, bestelako agertokia irudikatzen dut». Intxaustiren egungo obrek zinema eta literatura dute inspirazio iturri. Erakusketa erdibitzen duen zirkulu handia da horren adibide: «Zirku baten pista irudikatzen du obrak, eta baita maitasunak sortutako atsekabea ere. Hitchcocken filmen eragina dauka».IÑAKI IMAZ
Hitzak pinturan txertatu ditu Iñaki Imazek (Donostia, 1965). Erakusketaren lehen zatirako bere izaeraren alde sentimentala erabili du lanak sortzeko, nerabezaroan entzundako abeslari kubatarren eta aitak irakurritako cowboy-en istorioetako pasarteak erabili baititu.Arte Ederretako irakaslea da Imaz 1992tik, eta garai hartan sortutako obrak oso gogoko ditu: «Komisarioek asko lagundu digute obrak aukeratzen, baina baziren pare bat bai ala bai sartu nahi nituenak, esaterako, 90eko Açores margolana; oso obra punkia da, bidai bat agertzen da bertan, eta asko maite dut». Erakusketa irekitzen du Imazen beste obra kuttun batek, Etxe gorria: «Atzera begiratzean, hasierako izpiritua mantendu dudala ikusi, eta aurkikuntza piktoriko asko egiteko aukera izan dut».
IDOIA MONTON
Egiakoa da Idoia Monton (Donostia, 1969), eta harentzat zortea izan da Tabakaleran lan egitea: «Nire auzoan erakusketa antolatzea baina gauza hoberik ez dago; oso gustura sentitu naiz». Hain zuzen, auzoa margoak egiteko inspirazio iturri izan du. Montonen aurreko lan gehienak ere paisaiak dira, eta hiria naturarekin nahastu du.ALBERTO PERAL
Ikusgarriak eta kolore bizikoak dira Alberto Peralen (Santurtzi, Bizkaia, 1966) eskulturak. Kolore primarioak erabilita, irudi geometrikoak lantzen ditu, forma konplexuak osatuz: «Erakusketaren lehen zatirako aurrekoetan baino pieza minimalistagoak sortu ditut, baina nire ibilbidearen testigantza diren elementu indartsuak ere bertan daude».Bostak berriro elkartzeak asko poztu du Peral, eta, hala, ziklo bat itxi dute bere ustetan: «Leku beretik atera ginen bostak, eta bakoitzak bere bidea egin ondoren, berriz ere elkartu gara. Indar handiko erakusketa da hau».