Sujo Michoacanen bizi da, Mexikon. 4 urte zituela, haren aita, El Ocho, erail zuten. Herriko kartel bateko sikarioa zen, eta bere taldekideek hil zuten, traizioa egotzita. Sujorekin gauza bera egin nahi zuten, ez baitzuten mutikoa bizirik utzi nahi, hazi eta mendeku hartu nahiko zuelakoan, baina izeba Nemesiaren erreguen ondoren bizia barkatuko diote, baldintza batekin: ezingo du herria zapaldu, ezta eskolara joateko ere. Hori dela eta, izebarekin bizitzera joango da haurra, mendian duen etxera. Sujo naturaz inguratuta haziko da, askorentzat sorgina den izebarekin, eta kanpoko munduarekin duen harreman bakarra emakumearen lagun Rosaliaren bi semeekin —Jeremy eta Jai— duen laguntasunak emango dio.
Hazi ahala, Sujoren emantzipatzeko nahia geroz eta handiagoa izango da, eta bere aitaren historia ezagutuz joango da. Jeremy eta Jai drogen negozioan murgiltzen hasten direnean, gazteak erabaki bat hartu beharko du: aitaren ondareari jarraitu edo bide berri bati ekin.
Astrid Rondero eta Fernanda Valadez mexikarrak 15 urte inguru daramatzate elkarrekin lanean. Hainbat film labur ekoiztu dituzte, eta 2020an Sin señas particulares lan luzea egin zuten; Valadez zuzendari lanetan aritu zen, eta bi emakumeen artean idatzi zuten gidoia. AEBetako muga zeharkatu nahi zuen gazte baten amaren istorioa kontatzen du filmak, semearen berri izan ez, eta haren bila abiatuko dena. Mexikoko Akademiaren 63. aldiaren garaile nagusia izan zen, eta, gainera, Sundance jaialdian publikoaren eta epaimahaiaren aparteko sariak eskuratu zituen filmak, baita Donostiako Zinemaldiko Horizontes saria ere. Sujorekin antzeko ibilbidea egin dute zinemagile mexikarrek: Sundancen World Cinema saileko epaimahaiaren saria eskuratu dute, eta Donostiako Zinemaldian, Espainiar Lankidetzaren saria.
Haurtzarotik heldutasunerako bidaia erretratatzen du Sujok. Biolentziaz beteriko haurtzaro batek gaztearen etorkizuneko erabakietan duen eragina aztertuko dute Valadez eta Ronderok, eta erakutsi zein zaila den Mexikoko herri txiro batean biolentzia hartatik ihes egitea. Zinemagile mexikarrek, ordea, ez dute gatazkaren ikuskizunik egin nahi, eta iluntasuna sentsibilitatez eta enpatiaz lantzen dute, eta estetika poetiko bat eskaini. Filmean ez da Mexiko jasaten ari den egoera gizabanakoen errua balitz bezala lantzen, hori baino gehiago, sistemaren errua den tragedia bat balitz bezala tratatzen du. Eta biolentzia kontakizun guztian arnasten bada ere, zinemagileek planotik kanpo uzten dute, eta esperantzarako ate bat ireki.
'SUJO'
Beste estreinaldi batzuk

'LE DERNIER SOUFFLE'
Augustin Masset medikua eta Fabrice Toussaint idazlea aurrez aurre jarriko dira, bata bere pazienteen bizitzaren amaieraren parean, eta bestea, bere patuaren aurrean. Bisita eta topaketa zurrunbilo batek eramanda, biak umorearen eta negarren arteko bidaia sentikor batean murgilduko dira.
'TODO LO QUE no SÉ'
Laurak 35 urte ditu, eta bizitza monotonoa du: gaixo dagoen aitari laguntzen dio, denda batean lan egiten du, pisua partekatzen du eta bikotekidea-edo den gizon batekin denbora pasatzen du. Teknologiaren sektorean antzinako proiektu bat berreskuratzea proposatuko dio iraganeko lankide batek, eta Laurak onartu egingo du, arrakasta lortzen saiatzeko. Galdutzat zeukan bere zati bat berreskuratzeko bide horretan, erabaki batzuk hartuko ditu; erabaki horiek bere ingurua astinduko dute, eta bere buruari lehentasuna emateagatik ordaindu beharreko prezioari aurre egin beharko die.
'faisaien irla'
Faisaien Irla munduko kondominio txikiena da, beraz, burujabetza partekatua dauka. Urte erdia Espainiako estatuari dagokio, eta beste erdia, Frantziakoari. Laida eta Sambou, irla paretik paseatzen doaz, eta bi pertsona ikusiko dituzte ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk geroago, gorpu bat agertuko da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Zer estatu arduratuko da gorpuaz?
Ikusi gehiago