Iragan oro izan zelako etorkizun

Literatura, bertsoa eta musika uztartzen dituen saioa eskainiko dute bihar Loraldian Kirmen Uribe idazleak, Oihana Bartra eta Alaia Martin bertsolariek eta Angel Unzu musikariak

Kirmen Uribe idazleak Lekeition ikasten izandako bi mutilen historia hartu du abiapuntutzat Geroa emanaldirako testua idazteko. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Iragan garai guztiak hartu zituzten inoiz etorkizuntzat. Horregatik kokatu du 1917an Kirmen Uribe idazleak Loraldia jaialdiak geroari buruz idazteko eskatutako narrazioa. Lehen Mundu Gerran, Lekeition (Bizkaia) erbesteraturik ikasten izan ziren Eugene eta Armand nerabeen benetako historia hartu du abiapuntutzat egileak, baina asmatu egin ditu hortik aurrerakoak. «Gaur egun badago ildo bat literatura egiteko benetako bizitzekin eta benetako gertakizunekin», eta egileak zehaztu duenez, ildo hori hautatu du berak ere oraingoan: izan ere, bi mutil erreal horiek izan dira etorkizunari buruzko bere istorioaren ernamuina. Uriberen testu berri hori izango du ardatz igandean Bilboko Guggenheim museoan eskainiko duten Geroa emanaldi hibridoak, eta hura abiapuntu hartuta arituko dira Oihana Bartra eta Alaia Martin bertsolariak kantuan, Angel Unzu gitarra jotzailearen musikarekin.«Behin bakarrik egingo dugu», aurreratu du idazleak.

Errealitatea izan zuen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriko inspirazio iturri, eta oraingoan ere datu historikoak baliatu ditu sorkuntzarako. Erabat bereizita daude bi testuak, baina badute elkarrekin loturarik. Izan ere, idazleak kontatu duenez, eleberria irakurri berritan bidali zion Koldo Sansebastian historialariak bi mutil alsaziar haiei buruzko informazioa, eta erronka moduko bat ere bidali zion datu harekin batera. «Emailez bidali zidan bi mutiko haiei buruzko artxibategiko dokumentu bat, eta esan zidan ea zer egiten nuen horrekin». Eta, hain zuzen ere, lagunak bidalitako Lekeitioko ikasle haiei buruzko dokumentu hori, eta lagunak egindako desafio moduko hori izan ditu ipuinaren ardatz. Irribarrez eman du azalpena: «Loraldikoek esan zidatenean gaia geroa izango zela, geroari buruz hitz egiteko duela 100 urteko istorio bat kontatzea erabaki dut».

Garrantzitsua da bi mutilen jatorria, Uribek dioenez. «Alsaziarrak dira, ez frantsesak eta ezta alemaniarrak ere, eta ikusten dute Lehen Mundu Gerran nola eskolako ikasle guztiak Frantziarekin engaiatzen dituzten gerra egiteko, ze beren ikaskide gehienak frantziarrak dira. Marianista asko bota egin zituzten Frantziatik eta Hego Euskal Herrira etorri ziren haietariko asko. Eta halako batean beren txanda iristen zaie, baina Alsazia orduan Alemania zenez, Alemaniaren menpe borrokan hasteko deia jasotzen dute. Baina haiek ez dira ez frantziarrak eta ez alemaniarrak». Eta hortxe, beraz, kontakizunaren gatazka nagusia.

Formatuaren bertuteak

Antolatzaileek jaialdiaren nortasun ikurretariko bat bihurtu dute formatu hori. Harkaitz Cano idazlea jarri zuten lehen edizioan etorkizunari buruz gogoetan antolatzaileek, eta haren testua ardatz hartuta aritu ziren oholtzan Oihana Bartra eta Uxue Alberdi bertsolariak eta Gorka Benitez Band taldea. Esperimentua gustatu, eta ariketa bera proposatu zuten bigarren ediziorako ere. Anjel Lertxundik idatzi zuen iazkoan etorkizunari buruzko testua, eta Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza bertsolariekin batera, Igelaren Banda taldea ere aritu zen ordukoan. Guggenheim museoan egin dituzte orain arteko saio guztiak, eta han egingo dute biharkoa ere. «Ikuskizun berezia izango da», aurreratu du Aitor Narbaiza Loraldia jaialdiko kideak.

Gustuko du diziplina nahasketa hori Bartrak ere. Canoren testuari kantuan aritu zitzaion orain bi urte, eta Uribek idatzitakoari kantatuko dio biharkoan ere. «Errazagoa da halako saioak polit ateratzea, kontrakoa baino». Alde du soinekoa emanaldiak, dioenez. «Elementu polit asko daude, eta horrek erraztu egiten du hori. Testua izango da polita, musikariak oso onak dira, eta musikak beti ematen dio beste kolore bat bertsoari ere. Horrelako esperientziak izan ditudanean, jendea beti nahiko pozik ateratzen da. Gainera, gustatzen zaizkit horrelako esperimentuak ere».

Josu Goiko arituko da emanaldian gai jartzaile lanetan, eta hark markatutako bidetik arituko dira bertsotan. Eta badu bere konplikazioa ariketak. Bartra: «Testu bat irakurtzen denean, nahiz eta irakurleak testua astiro irakurri, elementu, detaile eta helduleku pila bat izaten dira, eta momentuan bertan oso zaila da guztiak gogoan izan, eta gero bertsora ekartzea». Kantatzen hastean, ordea, erraztu egiten da dena, gai jartzaileak ere kontuan izaten baitu hori. «Tentsio puntu bat izaten du beti, halere».

Testuaz gainera, musika ere hartu beharko dute kontuan bertsolariek, eta hartara moldatzeak ere eskatzen du bere lanketa, Bartrak kontatzen duenez. Tonua izaten da kontuan hartu beharreko faktoreetariko bat. Horregatik, doinuak bertsolarientzako eroso diren tonura egokituko ditu Unzuk, eta egokitzapen hori lantzen aritu dira aste honetan. «Nik oso goian kantatzen dut, eta Alaiak [Martinek] beherago. Pentsatzen dut, azkenean, bion arteko tonuren bat hartuko dutela musikariek».

Bere testua zuzenean irakurtzen izango da emanaldian Uribe bera, eta pozik azaldu da alboan izango dituen kideekin. Pozik, baita formatuarekin ere: «Bertsozalea naiz, eta gustura arituko naiz ni ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.