Zauriei buruzko film bat egin nahi izan du Ernesto Del Rio zuzendariak, apenas iragan den iraganari buruz. 2012ko Bilbon kokatu du Umezurtzak telefilmeko kontakizuna; ETAk armak utzi osteko Euskal Herrian, zehazki. Eta garrantzitsua da ñabardura. Izan ere, gatazkak nabarmen markatutako bi pertsonaia dira Del Rioren laneko bi protagonista nagusiak. Hamasei urte zituela ETAk aita hil zion Alicia Perez de Acebo (Itziar Atienza) eta atentatu horren egile Antonio Gomez Larrazabal ETAko kide ohia (Patxo Telleria). Baten lagun minaren alaba eta bestearen semea elkarrekin maitemindu, eta aurrez aurre topo egitera eramango ditu bizitzak. Aurrez aurre egotera, bai, baina baita alboz albo aritzeraere. Atzo estreinatu zuen lana, Bilboko Zinexit elkarbizitzarako zinema erakusketan, eta ETBn emango dute hurrena.
«Diskurtso politikoez harago, bizi izandako drama erakutsi nahi izan dut. Iruditzen zait behin diskurtsoa, liskarra eta borroka ideologikoa amaitzen direnean, jendea bakarrik gelditzen dela, eta bakoitzak bere egunerokotasunean egin behar izaten diola aurre gertatu zaizkionei». Zuzendariaren hitzetan, bakardade une hori erakutsi nahi izan du filmarekin. Gatazka politikoaren barruko giza drama. Bi zauri sakon. ETAk aita hil eta bizitza bizkartzainekin pasatu behar izan duen Alicia epailearena bata. Borroka armatua hautatu, kartzelan 17 urte eman, Langraiz bidea hartu eta ateratzean emaztea minbiziak jota galdu duen Antoniorena bestea. Gatazkaren bi ertz intimo. «Dokumental modura maiz landu da gai hau, baina ez fikzioan».
Baina errealitatearekin lotuta doa fikzioa kasu honetan. Orain dela zortzi urte sortu zitzaion filmaren ideia Del Riori, baina garaia «egokia» ez zela ikusi, eta itxarotea erabaki zuten. ETAk jardun armatua etetea erabaki, eta berriz jarri zen martxan proiektua. Juan Bas idazlearekin batera gidoia moldatu, eta orain eman dute argitara. Euskaraz. Baita zuzendariak euskararik jakin gabe ere. Ez omen da arazo izan, halere. Del Rio: «Pelikula ongi ezagutzen nuen, eta aktoreek oso ongi egin dute beren lana. Orson Wellesek esaten zuen aktoreak hizketan jartzen zituela berak, eta bizkarra ematen ziela. Ez ziela begiratzen. Entzun egiten zituela, eta igartzen zuela tonua, erritmoa... Eta hizkuntzaz harago daude horiek. Ez zait askorik kostatu filma euskaraz egitea, egia esan». Entseguetan lan handia egin dutela dio. Fermin Etxegoien idazle eta kazetariak euskaratu du gidoia, eta hark gidatu ditu moldaketak.
Barkamena eskatu beharraz
Lehen aurrez aurrekoan ezagutzen dute elkar Aliciak eta Antoniok. Metro bateko distantzia baino gutxiagora ETAk hildako epailearen alaba eta epailea hil zuena. Agerikoa da tentsioa. Baina bigarren topaketan dago filmaren muina. Aliciaren bulegoan agertzen da Antonio. Biak berriz ere mahai beraren bi ertzetan. «Barkamena eskatu nahi dizut zure aita hil nuelako». Eta Aliciaren erantzuna: «27 urteren ostean? Zertarako? Zergatik? Zerbaiterako balioko du nire barkamenak? Ezin dizut barkatu, eta ez dut nahi». Ez dago argi, gainera, barkamen eskaera zintzoa den ere. Estu dago Antonio. Aliciaren epaiaren esku dago haren semearen kartzela zigorra, edo hori uste du berak. Interes hutsagatik aritu izana aurpegiratzen dio horregatik Aliciak. «Jadanik ez naiz zure semearen sumarioa daraman epailea, bazenekien?». Ezetz Antoniok. Eta Aliciak, berriz: «Eskatuko zenidakeen barkamena hori jakin bazenu?». Zalantza. Antoniok: «Pentsatu nahi duzuna».
Alicia eta Antonio. Atienza eta Telleria. Klabea da aurrez aurreko hori filmean. Erantzukizunasentitu izana aipatu du Atienzak, adibidez. «Gidoian irakurri nituen eszena horiek, eta hori sentitu nuen: erantzukizun handia. Pelikuletan ez dago egia absoluturik. Filmak poliedro konplexu honen aurpegi txiki bat agertzen du, baina sentitzen nuen jende askok nahi lukeela aukera eduki mina eragin dion pertsona baten aurrean jartzeko. Ez gertatutakoa konponduko delako, baina konpondu ahal izateko zerbait barruan». Antzera Telleriak ere. «Nik uste dut barkamenaz asko hitz egin dugula, eta kasu askotan oso modu okerrean. Barkamena exijentzia bat bezala aurkezten da, baina barkamena ezin da eskatu. Barkamena eman egin behar da. Eta kasu honetan pertsonaiak eman egiten du barkamena. Barkamen subjektibo hori garrantzitsua da filmean. Aurrez aurrekoa eta pertsonala. Eszena hori garrantzitsua da».
Del Riok aitortu du pertsonaiei pisu berezia eman nahi izan diela. «Nire ustez, pelikula guztietan eskaini behar dute pertsonaiek beren buruaren gaineko ikuspegi bat. Pertsonaiek zerbait ikasi behar dute pelikulak iraun bitartean. Gertatzen zaizkien gauza guztiekin, pertsonaia ezberdinak dira lehen minutuan ageri direnak eta gero 106. minutuan». Eta nabarmena da aldaketa, adibidez, Aliciaren kasuan. Bere zauriekin, baina zoriontsu ageri da filmaren hasieran. Zoriontasun hori apalduz joango zaio, ordea, pelikulak aurrera egin ahala. Estu hartuko du bizitzak, baina aurre egin behar denari. Eta antzera gertatzen zaio Antonio pertsonaiari ere. Eta hori erakusten du filmak. Bi pertsonaia horiek beren zauriak osatu nahian. Bakarrik. Bakarka.
Amaiera baikorra
Filmean ez da gatazkaren gaia soilik lantzen, ordea. Klaseen arteko tentsioa ere etengabea da, eta, Del Riok azaldu duenez, aldatuz doan Bilboren erretratu bat ere egin nahi izan du pelikularekin. Horregatik daude hiriaren plano zabalak.
Zinema aretoetarako formatuan errodatu du Umezurtzak Del Riok, baina telebistan emango dute. Egun, pantaila baten eta bestearen arteko mugak lausotuta daudela dio zuzendariak. «Telefilm kontzeptua ere oso kontzeptu malgua da. Pelikulak dira denak, azken batean. Zinema. Irudi eta soinu bidez, istorio bat kontatzen dute». Eta apenas historia den historia kontatzeko baliatu nahi izan du berak. «Saiatu gara amaiera baikor bat ematen».
Iragan ez den iragana
ETAko baten eta hark eraildako epaile baten alabaren arteko topaketa filmatu du Ernesto Del Riok 'Umezurtzak' telefilmeanPertsonaien barne bidaiari eman nahi izan dio garrantzia zuzendariak fikziozko lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu