Iragan ahaztuari eta etorkizunari begiratzeko bi proposamen

'Ogiak hizketan baleki' eta 'Benniz' proiektuak hautatu dituzte TopAraba egitasmoaren barruan gauzatzeko. Emaitzak urrian ikusi ahalko dira

Proiektuen sortzaileak, atzo, Gasteizko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Ogiak hizketan baleki eta Benniz: horiek dira TopAraba egitasmoaren bi proiektu irabazleak. Askotariko diziplinak eta sortzaileak batzen dituzte proiektuek, eta biek ala biek balio dute sormenetik iraganari eta geroari leiho bat zabaltzeko. Aurten lehen aldia du egitasmoak; Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak antolatu dute, eta euskarazko sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea izan ditu helburu.

Ogiak hizketan baleki diziplina anitzeko proposamen bat da, ikus-entzunezkoak, kazetaritza, arte eszenikoak, historia eta literatura uztartzen dituena. Mamiak kolektibo sortu berria dago proiektuaren atzean: Marina Suarezek, Irantzu Lekuek, Josune Velez de Mendizabalek, Edu Zelaietak, Ander Grondak eta Txema Ramirez de la Piscinak osatzen dute kolektiboa. Gasteizen historiako zenbait pasadizo berreskuratzea da taldearen xedea.

1836an girotu dute obra, Lehen Karlistaldian, hiria milaka soldatu atzerritarrek hartu zuten urtean. Hortik dator antzezlanaren azpititulua, hain zuzen: Gasteiz 1835-1836: hiri okupatuaren kronika bat. Josefa de Mugika izeneko emakume bat da protagonista,eta Jose de Elosegi haren senarrarekin lotutako gertakarien ondorioz garai hura nola bizi izan zuen kontatu nahi dute. BERRIA da antzezlanaren sustatzaileetako bat.

Bestalde, Benniz Beñat Goitia eta Anne Baskareinen proiektu bat da. Musika eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen kontzertu bat da. Oinarrian bideoklipei begira ondutako lana da, baina zuzenekoetara eramatea da bi sortzaileen nahia. Hala, Goitiaren kantuei irudiak jarriko dizkie Baskaranek, eta, horrela, estetika oso bat eman proposamenari.

Bedroom pop edo musika etxean nork bere kasa egiteko modutik abiatuta, 80ko hamarkadaren «nostalgiatik ihes» egin eta doinu eta erreferente berriak plazaratzea du helburu proiektuak. Modu horretan, «ateak ireki» nahi dizkiete belaunaldi berriei.

Talde bakoitzak sei hilabete izango du proiektua garatzeko, eta, horretarako, Vital fundazioak emandako laguntza izango dute: lehenak, 4.000 euro, eta bigarrenak, 3.500 euro. Udazkenean aurkeztuko dituzte emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.