Nerea Ibarzabal Salegi. Bizkaiko bertsolari txapelduna

«Irabazteko, irabazi nahia eduki behar, eta posible zela ikusi nuen»

Lehenengoz jantzi du txapela Ibarzabalek, eta «pozik» dago garaipenarekin. Txapelketa prestatzea «gogorra» izan bada ere, ingurukoen babesak aurrera egiteko indarra eman dio.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Ziortza-Bolibar
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun

«Nekatuta baina pozik». Hala dago Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein, Bizkaia, 1994) larunbatean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi ostean. Oraindik ere lortutakoa ezin sinetsita dabil, eta elkarrizketa egin bitartean, dozenaka izan dira bertsolaria agurtu eta zoriondu duten herritarrak.

Oro har, zein aldarterekin joan zinen finalera?

Egia esan, ondo sentitzen nintzen. Larrabetzuko [Bizkaia] finalaurrekoan sufritu egin nuen, eta niretzat lorpen bat izan zen finalera iritsi izana. Hortaz, lanera joan nintzen, baina, aldi berean, sosegu puntu bat ere banuen. Buruz burukorako aukera oso zabalik zegoen, eta ez nuen amore eman nahi. Alde horretatik, zortea izan nuen, beti ez delako lortzen gorputzaldi ona izatea.

Nola ikusi zenuen zeure burua finalean bertan?

Modu erregularrean aritu nintzen bertsotan, eta hori ez dut askotan lortzen. Gainerako bertsolariak ere oso ondo ari ziren, eta alde horretatik ere pozik nengoen. Beti da zaila norbere burua baloratzea, baina ez nuen inon hankarik sartu, eta behin eta berriz ari nintzen neure buruari «eutsi, Nerea» errepikatzen. Finaletan etengabeko borroka psikologikoa izan ohi dugu geure buruarekin.

Harry Potterren doinuekin abiatu zenuen agurra, eta entzuleak ere lehen une horretatik harrapatu zenituen. Magia hori hasieratik transmititu nahi izan zenuen?

Hori zen asmoa, bai. Izatez, final misteriotsua zen, eta misterio horrekin jolasten ahalegindu nintzen. Nire izaeraren zati bat da Harry Potter, eta fantasiazko munduen oso zalea ere banaiz. Lehen agurrean naizen hori islatu nahi izan nuen, benetako ni-a. Iaztik izan dut prest.

Iaztik?

Bai, bai [barreak]. Itxialdi garaian, pianoa jotzeari ekin nion berriro ere, hamar urteko etenaren ondoren, eta doinu horrekin jolasean hasi nintzen. Garai hartan ez neukan inolako motibaziorik, denok geunden triste eta txapelketa ere ez nuen bideragarri ikusten inondik inora ere. Hortaz, txapelketara pozik joateko egin nuen. Neure burua konbentzitzeko modu bat zen azken batean.

Saio osoan ibili zinen argi, baina, bereziki, bakarkakoan lortu zenuen txalo zaparradarik handiena: Uxue Alberdiren azalean jarri zinen.

Egia esan, ez zitzaidan beste ezer bururatzen. Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua etortzen zitzaidan burura behin eta berriro, eta ez nuen beste biderik aurkitzen. Ardura handia zen, eta ezin nuen hankarik sartu, denok jakin genuelako noren izen-abizenetik nenbilen kantuan. Baina, aldi berean, konfiantza ere banuen. Uxue lagun handia da, gauza asko erakusten dizkit, eta nolabaiteko zilegitasuna hartu nuen haren ahotik kantatzeko. Horrek lasaitu egin ninduen. Izan ere, banekien liburu horrek zer-nolako eragina izan duen inguruan. Oholtzatik jaisterakoan berarekin elkartzeko aukera izan nuen, eta oso pozik zegoen.

Buruz burukoan, berriz, Jone Uriarekin aritu zinen.

Asko poztu nintzen. Jone beti aritzen da oso ondo, eta finalean ere saio ikaragarria egin zuen. Oso argi izan nuen buruz burukora sailkatuko zela, eta horren momentu estua elkarrekin konpartitzea ederra izan zen. Eusten jakin genuen, eta azken unera arte ez genuen amore eman. Niretzat berezia izan zen: umetatik hor egon den erreferenteetako bat izan da, adinean nahiko gertu gauden arren. Plaza asko, eskolarteko asko eta bizipen asko partekatu ditugu, eta horrek indarra ematen du.

Bi emakume, lehenengoz, buruz buru. Zer adierazten du horrek?

Txapelketa lagin txiki bat da, egun oso puntual bat, eta hortik ez da komeni estatistika orokorrik ateratzerik. Baina egia da, nahiz eta kopuruz emakume gutxiagok parte hartu, beti lortzen dugula gorengo mailara heltzea. Gaizki egiteko, neska askok ez apuntatzea erabakitzen dute eta dugu, eta horrek ere gutaz eta gure sistemaz asko esan nahi du. Buruz buruko horren parte izatea ohorea izan zen niretzat, Onintza Enbeitak txapela eskuratu zuenean izan zen bezala. Hala ere, eguneroko lana da, eta txapelketaz gainera, jarraitu behar da feminismotik eraikitako plaza erosoak sortzen.

Azkenaldian, emakume bertsolarien lekua sendotzen ari dela dirudi: Saioa Alkaizak irabazi zuen Nafarroako Bertso Txapelketa, eta, orain, zuk, Bizkaikoa. Ez da kasualitatea, ezta?

Azken urteotan elkarlanean egiten ari garen bide baten emaitza da. Eta hori txapelketan ere islatu da. Guk lehertzen ikusi dugu beste hainbat lekutan, eta, azkenean, ari da olatu hori bertsolaritzara ere gerturatzen. Beste batzuen lorpenak guztion lorpenak izan ziren, eta nik ere sentitu dut haien poza nire garaipenarekin. Elkarren artean lehiakortasuna eraiki beharrean, elkarrengana gerturatu gara, eta hori pozgarria da.

Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitiarekin aritu zara txapelketa prestatzen, eta finalean ere elkarrengandik gertu esertzea egokitu zitzaizuen. Alde horretatik babestuta sentituko zinen.

Finalean elkarrengandik gertu egotea sekulakoa izan zen. Gainera, aurreko txapelketan ere antzeko lekuetan egotea egokitu zitzaigun, eta seinale bat bezala hartu nuen. Bertso eskoletan dugun giro onak egiten du jasangarri txapelketa, eta zoragarria izan zen. Gainera, alboan, Etxahun [Lekue] zegoen, eta azken txapelketa zela esan izanak ere egin zuen berezi finala. Bertsolari miresgarri bat da, eta pozik nago ibilbide horren zati bat partekatu dugulako.

Aurreko bi txapelketetan ere finalean izan zinen. Aurten, bazenuen txapelduna izateko esperantzarik?

Itxaropena bainoago, aukera posible zela sentitu nuen. Aurrekoetan irabazle argi batzuk ikusten nituen, eta ahal nuena egiten saiatzen nintzen. Baina aurten desberdina izan da. Irabazteko, irabazi nahia eduki behar duzu, eta, aurten, aukera horri leku bat egin nion nire buruan.

Azken asteotan askotan errepikatu izan da final desberdina izango zela. Hala izan da?

Final guztiak izaten dira desberdinak. Aurten bi aurpegi berri egon dira [Etxebarriazarraga eta Pagonabarraga], eta horrek jende berria ekarri du publikora. Finalaurrekoetan argi geratu zen sekulako maila dagoela, eta ezin garela konbentzituta joan, ezustekoak gerta daitezkeelako.

Nola bizi izan zenuten oholtzako giroa zortzi finalistok?

Ondo. Kontua da zortzi garenez, ez duzula urrunekoekin hitz egiteko aukerarik, eta horrek pena ematen dit. Egia da igo aurretik ordubete inguru egon ginela kamerinotan eta giro ona sumatzen zela. Urduritasuna nabaria zen, baina giro polita sortu zen. Oholtza gainean bakardadea handia da, baina ingurukoak ondo ari direla ikustea ederra da.

Miribilla ere bero zegoen.

Oso. Publikoa oso umore onez zegoen, oso hartzaile. Eta horrek zu ere motibatzen zaitu. Publiko gabe ez luke zentzurik izango.

Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak jantzi zizuten txapela. Zer gorde duzu une berezi horretatik?

Eurak oholtzara igo ziren momentua ez dut inoiz ahaztuko. Gazte-gaztetatik konfiantza ematen dizuten bi pertsona umil eta langile dira, momentu estuetan adorea ematen dizutenak. Atzetik lan handia egiten dute zu oholtza gainera igo eta luzitzeko. Ez naiz hitz zehatzekin gogoratzen, baina Etxebarriak txapela jantzi zidanean halako zerbait esan zidan: «Zuk jarraitu aurrera, baina lurrera». Esanez bezala: «Sekulakoa lortu duzu, baina ez ahaztu nondik zatozen». Arrazoi du. Asko dago ikasteko halako pertsonengandik.

Amaierako agurrean gauza ederrenak arrakaletatik lortzen direla iradoki zenuen. Zeri egin nahi zenion erreferentzia?

Azken agur horretan dena esan nahi nuen, baina dena kabitu ezin. Bertsoaren hasieran bizitzako emakumeei esker ona adierazi nahi izan nien, baita bizikideei ere. Baina, gerora, bizi dugun egoera honi egin nahi izan nion erreferentzia. Pandemiak kontu ugari estaltzen dituela iruditzen zait. Horrenbesteko nekea eta frustrazioa dago, gauza garrantzitsu asko ahazten ari gara. Era berean, gure bizipenak zeharkatzen dituzten arazo estruktural oso potoloak agerian daude oraindik ere. Esperantzarik ezak ezin du luzaroan iraun, esna egon behar dugu, datorrenari eutsi egin behar diogu, eta borrokatzen jarraitu behar dugu.

Plazetako martxari eustea dagokizu orain, eta Euskal Herrikoa ere laster dator. Gogotsu?

Oraindik ez [barreak]. Pixka bat deskantsatzeko beharra ere badut. Bizkaiko Txapelketarako prestatzea, mentalizatzea eta motibatzea gogorra egin zait, eta, egia esan, asko kostatu zait bidea egitea. Euskal Herrikora beste gorputzaldi batekin joango gara. Hor zaldi eta behor ugari egongo dira zain, baina ea asmatzen dugun guztiok eta txapelketa eder bat egiteko gai garen. Auskalo!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.