Mila urte bete dira aurten Gipuzkoa hitza lehen aldiz agertu zenetik. 1025. urtean aipatu zuten lehen aldiz, Huescako San Juan de la Peña monasterioko (Aragoi, Espainia) eskuizkribu batean, Ipuscua grafiaz idatzita. Efemeridearen harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horietako bat da Ipuscoa. Izanetik izena 1025-2025 erakusketa. San Telmo museoan egongo da ikusgai, bi kaperatan, urtarrilaren 18tik maiatzaren 11ra.
1025. urteko agiri horretan idatzitakoaren arabera, Gartzia Azenariz jaunak eta Gayla de Iputza haren emazteak dohaintzan eman zioten Olazabalgo Salbatore monasterioa ―gaur egungo Altzo herrian dago, Gipuzkoa― San Juan de la Peñako monasterioari, beste hainbat lurrekin batera. Eskuizkribu hori du abiapuntu San Telmo museoarenerakusketak.
Gaur egin dute erakusketaren aurkezpena, eta bertan egon dira, besteak beste, Susana Soto San Telmo museoko zuzendaria, Eneko Goia Donostiako alkatea, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotzia, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Iosu Etxezarraga erakusketaren komisarioa.
Antolaketa
Erakusketak «azken mila urteetan barrena egindako bidaia bat» proposatzen du, eta ibilbide horrek erakusten digu Gipuzkoa, hasieran entitate geografiko lauso bat zena, nola bilakatu zen nortasun juridiko propioa zuen elkarte egonkor bat. Horretarako, hiru garai kronologikotan banatu dute erakusketa: lurralde mugagabea zeneko garaia, lurraldea bilakatu eta erakundeak finkatu zirenekoa, eta aldaketen garaia. Guztira, «balio handiko» berrogeita hamar bat pieza historiko, arkeologiko eta dokumental bildu dituzte erakusketan. Besteak beste, armagintzako piezak, maketak, nobleziako armarriak, dokumentuak, liburuak eta erliebeak.
Erakusketaren lehen zatian, Gartzia Azenariz jaunak eta Gayla de Iputza haren emazteak 1025ean egindako dohaintza dokumentuak du garrantzirik handiena. Agiri horixe ikusiko du lehenik publikoak, eta huraxe da bidaiaren abiapuntua. Zaragozako Unibertsitateko liburutegiarena (Espainia) da berez, eta erakusketarako propio mailegatu dio San Telmo museoari. Hainbat galderari erantzuten ahalegindu dira lehen zati horretan: «Zer izan zen Gipuzkoa hastapenetan? Zer esan nahi du Gipuzkoa izenak?».
Bigarren atala XIV. mendearen amaieran hasten da. Garai hartako hiribilduak ermandadean bildu ziren —nobleziaren gehiegikerietatik babesteko herriek sortu zituzten konfederazioak—, eta, azkenean, lurraldeko erakunde politiko gorena bilakatu ziren. Garai hartako pieza esanguratsuen artean daude idiakeztarren armarria —XV-XVI. mendekoa da—, Berastegiko Kutxa ederra edo Jeronimo de Larrearen goi erliebeak. Azken pieza hori da erakusketako objektu garrantzitsuenetako bat.
Aldaketa garaia izeneko atala da erakusketaren hirugarren eta azken atala. Espainiako erregimen liberalaren menpe Gipuzkoak izandako homogeneizazioa du ardatz, XIX. mendean gertaturikoa, eta garai horretan ezarri ziren Gipuzkoak gaur egun dituen lurralde mugak. Atal horren pieza nagusia Gipuzkoako maketa handi bat da, zurez zizelkatua. Lurraldeak gaur egun dituen 88 herriak ikus daitezke, baita mendi eta ibai nagusiak ere.
Erakusketa, dena den, ez da hor amaitzen. San Telmo museoko elizak berak ematen dio amaiera erakusketari: Serten mihiseetan irudikatutako 11 eszenek erakusketan azaltzen den Gipuzkoako historia ilustratzen dute.
Zailtasunak bidean
Mila urteko ibilbideari egindako errepasoa izaki, halako erakusketa bat egiteak dituen zailtasunak aipatu dituzte gaurko prentsaurrekoan Etxezarraga komisarioak eta Soto museoko zuzendariak. Erakusketa prestatzea eskatu ziotenean, bi ideia etorri zitzaizkion burura Etxezarragari: «XI. mendeko piezak eta diskurtsoak» erakustea, eta azken mila urteetan Gipuzkoa «nola garatu den» azaltzea. Baina, komisarioaren hitzetan, «ezinezkoa» zen biak batera egitea: «XI. mendeko piezarik ia ez da kontserbatzen, edo ez dira topatu, eta, kontrara, azken mila urteetako historia oso aberatsa da, eta ez legoke toki nahikorik horretarako». Horregatik, bi ardatzetara mugatu du erakusketa Etxezarragak: lurraldetasunaren ikuspegia eta erakundeena. «Bi ardatz horien arteko harremana zuzena da. Gaur egun Gipuzkoak duen antolaketa geografikoak zerikusi handia duelako erakundearen eraikuntza prozesuarekin», gaineratu du.
Horrez gainera, «guztiontzat ulergarria izan daitekeen» diskurtsoa sortzea izan da Etxezarragaren eta San Telmo museoaren helburua, beste garai batean kokatzea «zail» egiten delako askotan. Hori dela eta, erabaki zuten zenbait garaitako piezak erakustea eta irudi berriak ere sortzea. Eta, horretarako, Martintxo Altzuetaren kolaborazioa izan dute antolatzaileek. Ilustrazio eta mapa berriak sortu ditu Altzuetak, testuetan kontatzen direnak bisualki uler zitezen. «Ilustrazioek ulerterrezago egingo dute horren historikoa den erakusketa; batez ere gazteenentzat», adierazi du Sotok.