Durangoko Azokak oparotasun arranditsua erakusten du; urtetik urtera luzatzen den etxe orratza dirudi. Alde batera, ikusmira luzatzeko aukera ematen du. Baina beste aldera, berriz, ez ote duen txikia are inurriago bihurtzen, salmentak ezartzen duen eskalaren eta proportzioen maleziaz. BERRIAn helduen literaturan diharduten hiru kritikariek —Nagore Fernandez, Irati Majuelo eta Asier Urkiza— 2023. urteak bere osoan eman duenari jarri diote arreta, eta hainbat ikuspegitatik aztertu dute literaturari ekarria.
Hasteko eta behin, kopuruaz mintzatu dira. 2022ko zenbakiei erreparatuta, «nahiko egonkor» mantendu dela iruditu zaio Urkizari, «bai kantitatez, bai kalitatez ere». Fernandezek, ordea, nabarmendu du aurtengo uzta murriztu egin dela, eta, iturrien arabera aldea egon litekeela kontuan hartuta ere, esan du beheranzko joera baten seinale izan litekeela: «2021ean, 160 liburu argitaratu ziren, gutxi gorabehera; 2022an, 155 inguru; eta aurten, ordea, 122».
Literatur moldeei erreparatuz gero, aurtengoak aurrekoa berretsi duela azpimarratu du Fernandezek: «Nobela gehien argitaratzen den generoa da oraindik ere; oraingoan, gainera, proportzio handiagoan, 2022an %26 inguru argitaratu baitziren, eta 2023an %30». Kopurua, baina, ez da beti erabakigarriena. «Irudipena dut aurten nobelaren nagusitasuna huts-hutsean kuantitatiboa izan dela», esan du, eta ez du «guztiz asebete» duen nobelarik aurkitu aurten. Haren ustez, ipuin liburuek aurrea hartu diote kualitatiboki, eta ez da iritzi horren aldeko kritikari bakarra. Urkizarentzat, hain zuzen, 2023ko uztaz nabarmenduko lukeen ezaugarrietako bat ipuingintzaren eta eleberri laburraren garrantzia litzateke: «Lehendik datorren joera bat da, baina genero horretako autore berrien agerpenak sendotu egin du». Autore berri horien artean aurtengo lanarekin egonkortu diren autoreak kokatu ditu, hain berriak ez izan arren, baita «beteranoagoak» ere. Esaterako, Eneko Aizpurua eta haren Gaueko azken expressoa (Alberdania), «anbizio handiko» eleberria.
«Ipuin liburu interesgarriak argitaratu dira, gehienak Durangoko Azokako zurrunbiloaren aurretik, eta horrek nobedadeetatik bereizteko aukera eman die idazleei».
IRATI MAJUELOLiteratur kritikaria
Majuelo ere bat dator. Haren ustez, aurtengo ipuin liburu interesgarrietarik gehienak «Durangoko Azokako zurrunbiloaren aurretik argitaratu ziren, eta horrek azken hilabeteetan pilatzen diren nobedadeetatik bereizteko aukera eman die idazleei». Horren adibide gisa, Esti Martinezen Animalia domestikoak (Elkar) aipatu du, baina baita Garazi Arrularen Lurraz beste ere (Txalaparta). Hain zuzen, liburu horren harira bat egin dute hiru kritikariek, gustukoenen zerrendara ekarri baitute, ordena berean ez izanagatik ere. Majuelok dioenez, «arretaz irakurtzeko liburua» da, eta lehen postuan jarri du bere zerrendan, istorioak «geruza ugarikoak» direlako, eta «ipuingintzaren engainu eta harridura mekanismoak baliatzen dituztelako, irakurlea epel ez uzteko». Istorio «arrunt» horiek «haragoko zerbait» seinalatzen dutela uste du Urkizak, eta nabarmentzekoak iruditu zaizkio «pertsona gramatikalen erabilera eta fokalizazioarekin egindako lana».
Era berean, ipuin liburuen datuei erreparatu die Fernandezek, eta, azken bi urteetako joerari jarraikiz, «gehien argitaratutako laugarren generoa» dela nabarmendu du, «nahiz eta proportzionalki 2022an baino gutxiago plazaratu diren». Jaitsiera kuantitatiboa da inondik ere, alderatuz gero, «gehiago konbentzitu» baitute ipuin liburuek. Aurtengo produkzioak «Miriam Lukirena bezalako ahots (ipuingile) berri eta interesgarria» eman duela ere azpimarratu du.
«Aurtengo produkzioak Miriam Lukirena bezalako ahots (ipuingile) berri eta interesgarria eman du».
NAGORE FERNANDEZLiteratur kritikaria
Horretan ere ados agertu da Urkiza. Lukiren Argialdiak (Susa) bildumako bederatzi ipuinek «giza harremanen konplexutasunean» arakatzen dute. Haren esanetan, «gorputzen arteko distantziak neurtzen ditu Lukik, ñabarduretara jotzen duen eta kutsu eliptikoa duen idazkeraz». Giroa sortzen abilezia handia duela uste du, eta «azaldu baino gehiago, erakutsi» egiten duela, irakurleak bere ondorioak atera ditzan.
Baina ipuin liburuak ez ezik, eleberri laburragoak, «are, kontakizun izatetik oso gertu daudenak», ere nagusitu dira, Fernandezen hitzetan. «Laburtasunaren aldeko euskal literaturaren aldarria» litzatekeenaren erakusle, Oihane Amantegiren Cayo Hueso (Elkar), Goiatz Labandibarren Bekatua, Nerea Baldaren Azpimarrak eta Ane Labakaren Barraskiloek baino bat gehiago aipatu ditu, azken hirurak Ereinek argitaratuak.
Poesia, asebetetzeko modukoa
2023ko errepasoak poesiaren aipamen berezia ekarri du, halaber. Fernandezek bi obra bereizi ditu guztien artetik: Mari Luz Estebanen Haragizko erreformak (Pamiela) eta Harkaitz Canoren Ulu egiteko bolondres bila (Susa). Azken horri heldu dio Urkizak ere, eta argitaletxe berean argitaratutako Pozaren erdia soneto bildumaren osagarri jo du. Haren ustez, «honen bertso librea eta jolas literariorako grina aurrekoaren molde klasikoari» kontrajartzen zaizkio, eta poesiaren mugei buruzko hausnarketa dakar; «egunerokoari distantzia literariotik begiratzen tematzen da, bere keria eta tasunak, bere unibertso propioa hortik galbahetuz».
Majuelok, berriz, Oihane Garmendiaren Bi aldiz iraun (Balea Zuria) poema liburua azpimarratu du. Haren ustez, «estilo propioa garatzen jakin duen idazle gaztea» da Garmendia, eta «hizkuntza aberatsa, erreferentzia klasikoak, irudi ederrak eta gogoetak uztartu jakin du, irakurlearen zentzumenak pizteaz batera».
Saiakerak bigarren postuari eutsi dio 2023koan ere, baina 2022koak baino kopuru handiagoa eman du. Majueloren aburuz, urte ona izan du genero horrek; batetik, «itzal handiko idazleen argitalpenak» plazaratu direlako, besteak beste, Joxe Azurmendiren Europa bezain zaharra (Jakin); bestetik, «idazle berriek saiakerari heldu diotelako», esate baterako, Jon Urzelaik eta Eva Perez-Ponsek; eta, azkenik, itzulpengintzak, «bereziki Eskafandra bildumak eta Katakrakek», egindako ekarpenagatik. Majuelok Urzelairen Su-festak (Susa) nabarmendu du, «Euskal Herriko musika eszenari, eta, batik bat, jaialdien eta ekoizleen ekosistemari egindako kritika zorrotz, sakon eta originalagatik». Dokumentazio lana ez ezik, «kokapen eta norabide argia eta estilo adierazkorra» uztartu izana goraipatu dizkio.
Fernandezek antzerkigintzari loturiko bi saiakera txalotu ditu, Susako Ganbila bilduman atereak biak: Maddi Goikoetxearen Ura jaten eta Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan liburuki parea. «Guztiz garrantzitsuak» iruditzen zaizkiola esan du, «alderdi teorikoaren soslai bat eskaintzen duten heinean».
«Urte honek autore batzuen egonkortzea, beste batzuen debuta eta beterano zenbaiten itzulera ekarri du».
ASIER URKIZALiteratur kritikaria
Euskarara ekarriak, kanonikoak
Itzulpengintzari emandako errepasoan, «ale bikainak» plazaratu izana azpimarratu du Urkizak, baina bestela epaitu beharrekoak direla iritzi dio, «egile kanonikoenak izan ohi direlako, eta literatura unibertsalean maila eta prestigio literario handia dutelako». Haren ustez, ezin dira jatorrizko lanekin parekatu, nagusiki, euskal literaturan diharduten kritikarien eginbeharra zehatzagoa delako: «Euskal literaturaren barruan galbahetzea, sailkatzea eta harrera kritikoa egitea». Izan ere, «bestelako mekanismoen arabera funtzionatzen dute euskarara ekarritako egileek eta obrek». Halaz ere, eta berdintasun harremanean jarri ezina garbi utzita, itzulpen lan hauek goretsi ditu: Herman Melvilleren Moby Dick (Balea Zuria), Juan Garziak itzulia —«aurtengo gertakari literario garrantzitsuenetakoa gurean»—; Annie Ernauxen Emakume izoztua (Elkar), Gema Lopez de las Herasek itzulia; Pier Paolo Pasoliniren poemak (Susa), Irene Hurtado de Saratxoren eskutik; Hannah Arendten Eichmann Jerusalemen (Katakrak), Koro Navarrok itzulia; eta Karl Marxen Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia (Igela), Idoia Santamariak itzulia.
Majuelok komikiarekin lotu du itzulpengintza, eta aurtengoa klasikoak markatu duela esan du. Argitara eman diren lanen artean, «obra politikoak» nabarmendu ditu, besteak beste, Marjane Satrapiren Persepolis (Elkar), Irene Arrarats BERRIAko euskara arduradunak itzulia; eta Joe Saccoren Palestina (Astiberri), Julen Gabiriak itzulia.
Aipamen laburrik gabe utzi ezin izan dituztenak, honako hauek: Fernandezek, Xabier Mendigurenen Oso latza izan da (Elkar), «kazetaritza generotik hurbilagoko testigantza lan bat izan arren»; eta Urkizak, Mendigurenenaz gainera, Jon Alonsoren Carvalho Euskadin (Susa), Iñaki Irazuren Zakur zaunkak (Susa), Bernardo Atxagaren Paradisuaren kanpoko aldeak (Pamiela) eta Xabier Montoiaren Hiriak eta urteak (Pamiela).
Urtea laburbiltzeko, Fernandezen esaldiak balio lezake: «Jatorrizko lanetan, ipuingintza eta poesia nabarmendu direla esango nuke, eta itzulpenetan, ostera, argitaletxeek saiakeraren eta nobelaren aldeko apustua egin dute».
2023KO liburu nabarmenak
nagore fernandez
Argialdiak, Miriam Luki, Susa.
Lurraz beste, Garazi Arrula, Txalaparta.
Ulu egiteko bolondres bila, Harkaitz Cano, Susa.
ASIER URKIZA
Argialdiak, Miriam Luki, Susa.
Lurraz beste, Garazi Arrula, Txalaparta.
Ulu egiteko bolondres bila, Harkaitz Cano, Susa.
IRATI MAJUELO
Bi aldiz iraun, Oihane Garmendia, Balea Zuria
Lurraz beste, Garazi Arrula, Txalaparta.
Su-festak, Jon Urzelai, Susa.