Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskal Literatura Saileko zortzigarren liburua da Egungo euskal ipuingintzaren historia, zortzi literatur ikerlarik idatzia eta haietako batek, Alvaro Rabellik (Basauri, Bizkaia, 1969), koordinatua. 1983. eta 2003. urteen artean argitaratutako 21 ipuin liburu aztertu dituzte ikerlariek, eta, horrez gain, Rabellik idatzitako hitzaurre zabala —ia ehun orrialdekoa— eskaintzen dio liburuak irakurleari.
«Ipuingintza garaikidea dugu euskal literaturara beranduen sortu den genero modernoa», diozu hitzaurrean. «1970ean Anjel Lertxundiren eskutik heldu zitzaigula esan genezake, asko erratu barik».Zer zegoen data horren aurretik, eta zer gero?
Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean ipuin liburua, 1970ekoa, aipatzen da euskal ipuingintza garaikidearen abiapuntutzat. Aurretik lan batzuk bazituen Lertxundik: Gabriel Aresti, Jon Mirande, Nemesio Etxaniz, Jean Etxepare Landerretxe, Martin Ugalde…; baina ipuingintza hura aldizkarietan geratu zen, idazle horien lanak ez baitziren argitaratu ipuin bilduma gisa, Ugalderena salbu, baina hura Ameriketan. Horregatik, ipuin horiek ez zuten garrantzi handirik izan beren garaian, nahiz eta oraingo ikuspegitik aitzindari gisa izan zuten garrantzia aitortzen zaien. Hunik arrats artean izan zen lehenbiziko liburua kontzienteki ipuinez egina. Hortik aurrera hasi zen generoa normaltasunez liburuetan argitaratzen, ipuin bildumetan.
Nolakoa izan zen 70eko hamarkadako ipuingintza hura?
Ordura arte nagusi zen kostunbrismoa alde batera utzita, generoaren zalantzak gelditzen dira agerian 70eko hamarkadako ipuingintzan. Narratiba esperimentala landu zen batik bat garai hartan, eta, nobeletan ez ezik, ipuinetan ere badago esperimentatzeko joera. Narratibitate gutxiko ipuinak dira gehienak, kronikatik gertu daudenak kasu batzuetan, gogoetatik gertu daudenak beste batzuetan…
Normaltasuneko urte batzuen ondoren, ipuingintzaren booma iritsi zen…
Sakoneko aldaketa ekarri zuen 80ko hamarkadak, batez ere Pott taldeko idazleen eskutik. Narratibitatea berreskuratu zen, kontatzeko gogo hori. Lehenengo mugarri garrantzitsua Joseba Sarrionandiaren Narrazioak da, atzean duen Jorge Luis Borgesen literaturaren oihartzun horrekin. Liburu hori da daukagun lehenengo liburu arrakastatsua. Atzetik, hainbat idazle gazte datoz, hainbat argitalpen, hainbat aldizkari, argitaletxe berriak… Eztanda bat gertatu zen, alde askotatik begiratuta. Dena nahastu zen 1983. eta 1984. urteetan, eta denak bat egin zuen du ipuingintzaren alde: Euskararen Legea indarrean jartzearekin batera, euskara ikasteko baliagarri izango ziren testu laburrak behar ziren; gazte belaunaldi berria etorri zen; punk mugimenduaren eragina ere ezin da ahaztu, ikuspegi horretatik begiratuta ipuina eskuragarriagoa baita nobela burgesa baino…
Horregatik, urte batzuetan nobelari aurrea hartu zion ipuingintzak euskal literaturan.
Narratiban, salbuespenak salbuespen, 80ko hamarkadako idazle nagusien lanik garrantzitsuenak ipuinak dira, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxagarenak, adibidez. Garai hartan ipuinari eleberriari baino garrantzi handiagoa eman zitzaion, 90eko hamarkadan ez bezala. Beharbada polemikoa izan daiteke hau esatea, baina, nire ustez, Pott taldeko kideek ipuingintzan egin zuten lana ez dute egin eleberrigintzan. Ipuingintza oso genero egokia izan da Potteko idazleentzat, beren literatur proposamenak aurrera eraman ahal izateko. Ekarpen handiagoa egin dute ipuingintzan eleberrigintzan baino.
Eta, oro har begiratuta, ekarpen handiagoak egin diraipuingintzan eleberrigintzan baino? Aberatsagoa izan da ipuingintza eleberrigintza baino?
Ñabardurak egin behar dira; 90eko hamarkadaren hasieran maila handiko eleberriak izan genituen, adibidez. Baina nik uste dut ahotsen , estetiken eta planteamendu narratiboen aldetik aberatsagoa izan dela ipuingintza, zenbait sasoitan edo zenbait liburutan behintzat. Kasu askotan lehenengoz ipuinetan esperimentatutakoa eleberrigintzara pasatu da gero. Ipuingintza, horrenbestez, aurretik ibili da kasu askotan, aitzindari izan da. 60ko hamarkadan ere ikusi zen hori. Nemesio Etxanizen ipuinetan agertu ziren lehenengoz Frantziako nouveau roman-aren eraginak, Ramon Saizarbitoriaren nobeletan baino lehenago. Gaien tratamenduan ere, gai gehiago landu dira ipuingintzan eleberrigintzan baino.
Genero malguagoa da, izan ere, aldakorragoa, arinagoa, probak egiteko egokiagoa akaso…
Bai. Nik uste dut genero nahiko zabala dela, hibridaziorako aukera ematen duena, eta horrek ausardia narratiboari eta proposamen narratibo berritzaileei laguntzen die. Kontuan hartu behar dugu ipuina poesiaren mugatik eleberriaren mugarako tartean dabilela. Bestetik, kontuan hartu behar da ipuina ez dela narratiba laburraren genero bakarra. Badira beste genero batzuk, ipuinak ez direnak, baina askotan haien arteko mugak oso lausoak dira. Horrek guztiak ipuinari, edo narratiba laburrari, aberastasun handia ematen dio, eta proposamen narratiboak aurrera emateko baliabideak.
Ausardiaz aparte, zer beste ezaugarri nagusi ditu euskal ipuingintza garaikideak? Nondik jaso ditu eragin nagusiak?
Idazle batzuek Hego Amerikako eskolara jo dute, beste batzuek Ipar Amerikako literaturaren eragina jaso dute, beste batzuek Europako tradizioarena… 80eko hamarkadan errealismo fantastikoarena izan zen eragin nagusia, baina ez bakarra, hala ere; 90ekoan era guztietako errealismoen eraginak nagusitu ziren. Baina 80ko hamarkadaz geroztik, azken batean, estetika narratibo guztiek izan dute eragina, eta eklektikoa da ipuingintzaren panorama, askotarikoa.
Azken urteetan galdua du berriro ere lehengo nagusitasuna, nobelaren mesedetan.
Oso nabarmena da nola 90eko hamarkadaren hasieran, euskal literaturaren sistema ezarri zenean, euskal literaturaren sistema horrek eleberri handiak behar zituen. Sistemak berak behar zuen justifikazioarengatik. Sistema literario guztiei prestigioa eman izan dien generoa nobela delako. Literaturaren historia eleberriek eta olerki liburu handiek egin baitute. Mendeetako tradizioa da hori Mendebaldean, eta euskal ipuingintzarentzat ere zailaizan da horri aurre egitea.
Alvaro Rabelli. Idazlea eta literatur ikertzailea
«Ipuingintza aurretik ibili da kasu askotan, aitzindari izan da»
Alvaro Rabellik koordinatuta, 1983 eta 2003 arteko euskal ipuingintza aztertu dute zortzi ikertzailek, denbora tarte horretan argitaratutako 21 ipuin libururi erreparatuz bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu