Ipuinen Egunaren 11. aldia egingo dute gaur eta bihar Ozetako Garaion Sorgingunean

Ipuin kontalariak ofizioan trebatu eta ipuinzaleei eskaintzarik onena eskaintzeko asmoz antolatu dute eguna. Kontalaritzari «merezi duen tokia» eman nahi diote.

Ipuinen Egunaren aurreko aldiaren irudi bat. GARAION SORGINGUNEA
Ipuinen Egunaren aurreko aldiaren irudi bat. GARAION SORGINGUNEA
edurne begiristain
2024ko irailaren 13a
05:05
Entzun

Arabazan Arabako kontalarien elkartea eta Ozetako Garaion Sorgingunea duela hamar urte baino gehiago hasi ziren ahozkotasunaren eta kontalaritzaren inguruan bidea elkarrekin urratzen. Urte osoan, ipuin kontalariak ofizioan trebatzeko eta ipuinzaleei eskaintza osatua aurkezteko saio ugari antolatzen dituzte, eta, urtero, iraila hastearekin batera, Ipuinen eguna antolatzen dute. Hain justu ere, gaur eta bihar egingo dute ipuinak goratzeko jaialdiaren 11. aldia Garaion Sorgingunea espazioan, Ozetan (Araba).

Kontalaritzari «merezi duen tokia» eman nahi diotela azaldu du Itziar Rekalde Arabazaneko kideak. Barrura zein kanpora begira lan egingo dute topaketan, eta, ofizioaren erakusleiho izatez gain, publiko berria erakarri nahi dute. Barrura begira, ipuin kontalariaren ofizioan sakontzeko parada eskaini nahi dute, eta, horretarako, eskarmentua duten kontalariekin batera, hasiberriek ere izango dute tokia Ozetan. «Ofizioa ongi ezagutzen dutenek badutelako zer irakatsi lanbidera heldu berri direnei», azaldu du Rekaldek. Hala, kontalaritzan bide bat egina duten Odei Arregi, Ane Gebara eta Peio Añorga izango dira jaialdian, eta ofizioan lehen urratsak egiten hasia den Maitane San Juan ere arituko da ipuinak kontatzen. Bihar eskainiko dituzte saioak, goiz eta arratsaldez. Gaur arratsaldean, berriz, Ispiluak helduentzako ikuskizuna eskainiko du Dorleta Kortazarrek.

Ipuin kontalaritza ez da ofizio berria, baina urte askoan «isilean» egon da, eta formakuntzarik ez dute hartu horretara dedikatu direnek, Rekaldek gogoratu duenez. «Etxeetan-eta aritu izan gara, trebakuntzarik gabe, eta hutsetik hasi behar izan dugu, ahal izan dugun eran, lanbidea ikasten eta geure buruak prestatzen». Horregatik, Ozetako jaialdia lanbidea duintzeko pauso gisa ikusten du, publikoari erakusteko nolakoa den ipuin kontalarien lana: «Badirudi karaoke baten antzekoa dela, eta aski dela ipuin bat grazia apur batekin kontatzea. Hori baino askoz zailagoa da gure lana».

Garai batean oso zabalduta zegoen ipuinak umeentzako baino ez ziren ustea, baina apurka-apurka hori ere aldatuz joan da, Arabazan-eko kideak azpimarratu duenez. «Jaialdia ere publiko berriak hartuz joan da urteen poderioz, eta, oraindik gurasoak eta umeak nagusi diren arren, geroz eta gehiago dira ipuingintzaren munduak erakarrita joaten den publikoa». Guztientzako moduko saioak izango dira, beraz, Ozetan.

Kontalaritza eskola

Duela hiru urte sortu zen Arabazan elkartea, eta ahozkotasunaren tradizioa eta formakuntza lantzeko helburuarekin, aldiro ikastaro jarraiak eta trinkoak egiten ditu ipuin zaleentzat, profesionalentzat, hezitzaileentzat, eta abarrentzat. Aurrera begira, ordea, egitasmo anbiziotsu bati helduko diotela jakinarazi du Rekaldek: hiru urteko eskola profesionala martxan jarriko dute Garaionen. Ofizioa sustatzeko helburuz jarriko dute abian eskola, eta Euskal Herriko zein kanpoko profesionalek parte hartuko dute. Egitasmoari azken ukituak ematen ari dira, eta aurrerago emango dituzte proiektuari buruzko xehetasun gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.