Ipuinaren hiriburua izango da Gasteiz martxoaren 11tik 15era, Aldekoa Ipuin Literarioen Nazioarteko Jaialdia egingo baitute bertan. Bigarrenez antolatu du topaketa Arabako Foru Aldundiak, eta, Iban Zaldua idazlearen zuzendaritzapean, aurten muga izango du ardatz. Hain zuzen, Ipuina mugaldean, ipuinaren mugak izenburupean, jaialdiak «poesiaren eta eleberriaren, fantasiaren eta errealitatearen, tradizioaren eta abangoardiaren artean mugitzen den genero hori mugarri gisa» aztertuko duela azaldu dute antolatzaileek. Araba «ipuinaren eta literatura laburraren funtsezko erreferente» izatea nahi dutela gaineratu dute.
Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta Zalduak berak eman dute aurtengo edizioaren xehetasunen berri. Zalduaren hitzetan, «ipuina da, beharbada, genero moldakorrena eta, aldi berean, kontatzeko giza esentziatik hurbilen dagoena». Haren ustez, kontakizunek, «muga literarioei aurre egiteaz gain, pertsonen arteko mugak ere eraisten dituzte».
Mahai inguruak, irakurraldiak, liburu aurkezpenak eta tailer bat bildu dituzte programazioan, haien bidez publikoa «ipuinaren aberastasun eta aniztasun osoa deskubritzera» gonbidatzeko. Hainbat idazlek parte hartuko dute jardueretan, tartean Harkaitz Canok, Cristina Fernandez Cubasek, Beñat Sarasolak, Elvira Navarrok, Luis Mateo Diezek, Jose Maria Merinok, Juan Pedro Apariciok, Eider Rodriguezek, Joxemari Iturraldek, Maria Fernanda Ampuerok, Jon Bilbaok eta Karmele Jaiok, «literaturan ezinbestekoak diren beste ahots batzuekin batera». Euskaraz izango dira jardueretako batzuk, eta gaztelaniaz beste batzuk.
Jaialdiak Ignacio Aldekoa Kultur Etxea izango du egoitza nagusi, baina hiriko beste hainbat kultur espaziotara ere zabalduko da, hala nola Florida zinemetara, Arabako Unibertsitate Campusera, Izaskun Arrue Kulturgunera, Aldabe Gizarte Etxeko liburutegira eta Elkar zein Mara-Mara liburu dendetara.
Halaber, aurten jaialdiak «esanahi berezia» izango duela gogorarazi dute antolatzaileek, Ignacio Aldekoaren jaiotzaren mendeurrenarekin bat egiten du eta. «Figura hori funtsezkoa da gaztelaniazko ipuin literarioaren bilakaeran. Haren lana erreferentea da, oraindik ere, narratzaileen eta irakurleen egungo belaunaldientzat», nabarmendu dute.
Jardueretan parte hartzea doakoa izango da, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Egitarau osoa jaialdiaren webgunean jarri dute ikusgai.