Idazlea

Nerea Loiola: «Ipuinak sortzen jarraitzen du nigandik harago»

Irakurlearen autonomian sinesten du Nerea Loiola idazleak, eta horren froga dira 'Zebrak eta bideak' liburuko ipuinak. Baina izan da idaztea bereziki zail egin zaion kontakizunik ere. Hiru urte dira idaztea ogibide hartu zuela, eta pozik dagoela dio.

Nerea Loiola idazlea, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nerea Loiola idazlea, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Inigo Astiz
Zarautz
2025eko apirilaren 20a
04:55
Entzun 00:00:0000:00:00

«Neure buruari esaten diot: istorio baten bila nabil. Eta beranduago: ez, bilatzen dudana ez da istorio bat, tonu bat baizik; nahiz eta benetan bilatzen dudana den nola estali beldurraren arratoiak barrutik korrika doakidanean egiten duen zarata». Rafael Chirbes idazlearen egunkarietan topatu zuen esaldi hori Nerea Loiola idazleak (Deba, Gipuzkoa, 1985), eta ez zuen debalde txertatu Zebrak eta bideak ipuin bildumaren abiaburuan —Gipuzkoako Foru Aldundiaren Raul Guerra Garrido beka irabazi, eta Ereinekin argitaratu zuen udazkenean—. Batetik, hain zuzen ere beldurra baitu mintzagai liburuko kontakizunik biografikoenak, eta, bestetik, istorioz beteta baitauka burua berak ere. Matematikako irakasle lanetan baimena hartu, eta idazle autonomo modura hasi zen lanean duela hiru ikasturte, eta, dioenez, marmar etengabean dabilkio irudimena. Abian ditu haur eta gazteentzako pentsatutako hainbat lan, eta, gainera, poesia bilduma bat lantzen ere badabil, helduentzako nobela baterako oharrak hartzen jarraitzen duen bitartean. «Koaderno bat betetzen nabil jadanik ohar horiekin», azaldu du, «eta atzeratzen nabilen arren, uste dut berehala helduko dela hasiera hori». Jardun horretaz eta, batez ere, bere ipuinez aritzeko bildu da BERRIArekin.

Orain arteko bizimodutik ateratzera tentatzen dituen desira edo grina moduko bat dute Zebrak eta bideak ipuin bildumako pertsonaia ia guztiek. Izan daiteke liburuaren muin nagusia?

Igual nik ere bizitzarekiko diskonformismo bat izan daitekeenetik funtzionatzen dudalako izan daiteke hori. Pertsonaia guztiek daukate halako ezinegon bat, edo ez dira aseak sentitzen zerbaitekin, eta beti dago horrelako antsietate moduko bat aurrera egitera daramatzana, nahiz eta aurrerako hori iluna, argia edo dena delakoa izan daitekeen. Zuk grina esan duzu, eta nik antsietatea esan dut.

Egunerokoari oso itsatsita dago kontaera bilduma osoan. Eguneroko hori da zure literaturarako meatzea?

Justu aurreko batean BERRIAn agertu zen Gasteizen, Aldekoa ipuin literarioen jaialdian, egindako mahai inguruaren kronika. Iker Sancho, Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberria aritu ziren hizlari; [Raymond] Carverren eta [Alice] Munroren idazketari buruz aritu ziren, eta aipatzen zuten egunerokotasunaren literatura zela haiena. Berez, haien ipuinetan kanpotik gertatzen den hori zerrendatzen hasten bazara, ez dira gauza asko gertatzen, baina, gero, pertsonaia horien barnean bai, gauza asko gertatzen dira. Oso identifikatuta sentitu nintzen horrekin. Ze egia da nik ere joera dudala bizitzako zatitxo bat hartu eta hori kontatzeko. Lehenagoko kameren negatibo tira horiekin irudikatzen dut nik; horko irudi batzuk hartu, eta hori da nire ipuina. Eta nik beti pentsatzen dut irudi horien aurretik pertsonaia horiek bizitza bat zutela, eta irudi horien ondoren ere jarraituko dutela bizitzen. Beraz, hor, hautatzen ditudan tira zati horietan, aztertzen dut kanpora begira zer gertatzen den eta pertsonaiaren barrura begira zer gertatzen den. Bien arteko kontraste horretan lan egitea gustatzen zait.

«Egunerokotasuna oso gauza sinplea da, baina oso potentea. Etxekotu egiten ditu benetan harrigarriak izan daitezkeen gauzak»

Liburuari izena ematen dion Zebrak eta bideak ipuinean, zera dio narratzaileak: «Ez dago egunerokotasunak etxekotu ez dezakeenik». Esaldi horrek bildu dezake liburuaren espiritu osoa?

Bakoitzak daukagu gure errealitatea, bakoitzak daukagu gure egunerokotasuna, eta, horren barruan, batentzat normalak dira gauza batzuk, eta bestearentzat, berriz, beste batzuk. Pertsona bat antsietatearekin bizi bada bi urtez, ohitu egiten da horrela bizitzera, eta momentu batean normala irudituko zaio horrela bizitzea.

Zebrak eta bideak ipuinean, zehazki beldurrarekin lotutako esaldi bat da hori, baina egia da pertsonaia guztiak harrapa ditzakeela. Azken batean, egunerokotasuna oso gauza sinplea da, baina oso potentea. Etxekotu egiten ditu benetan harrigarriak izan daitezkeen gauzak. Nik horietako batzuk bildu ditut, baina, pentsatzen hasten baldin bagara, biolentziarekin eta beldurrarekin lotutakoak, adibidez, pila bat daude.

Azken ipuina hori da. ETA oraindik aktibo zegoen garaiari buruzko kontakizun bat, ETA jadanik aktibo ez dagoen garai batean irakurria.

Gaur egun ere gertatzen da, eta garai horretan ere gauza asko bizi genituen «normal».

Euskal literaturan ez da oso ohikoa izan Poliziaren ikuspegia presente duen ipuin bat topatzea.

Beldur handia neukan ipuin horri heltzeko. Kostatu zait. Hamar urte daramatzat hori idazten, eta hamar urteren ondoren heldu diot gaiari. Nire genealogiarekin oso lotuta dago. Ertzainburu baten alaba naiz, horrek dauzkan gauza guztiekin. Haurtzaroan, igual, ez nintzen konturatu horren esanahiaz, baina, gero, gaztaroan, bai. Herri txiki batean bizi nintzen, eta garai oso potente batean. Eta alde batetik zure aita da, zu maite zaituena eta zuk maite duzuna, zure begiradatik oso pertsona ona eta maitagarria, baina, beste alde batetik, zuk eta zure lagunek gorroto dituzuen polizia horietako bat da. Orduan... bua! Hor zegoen...

«Gauza gehienez gero ohartu nintzen. Gaztea nintzenean, igual gehiago posizionatzen nintzen Poliziaren kontrako jarrera horretan, eta ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten aita mehatxatua egon zitekeenik, adibidez»

Eta zerk uxatu zizun beldurra, azkenean, ipuina idatzi ahal izateko?

Bi urteko terapiaren ondoren lortu dut gaztaroko Nereak bakeak egitea orduko bere guraso horiekin. Batetik hori, eta, bestetik, ausartu nintzen aitari konbertsazio bat eskatzera, ze gurasoek inoiz ez digute hitz egin horri buruz. Isiltasuna aukeratu zuten gu babesteko, eta, ondorioz, nik inoiz ez nuen ezer jakin horri buruz. Gauza gehienez gero ohartu nintzen. Gaztea nintzenean, igual gehiago posizionatzen nintzen Poliziaren kontrako jarrera horretan, kontziente izan gabe aitak zer gauza bizi zitzakeen. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten mehatxatua egon zitekeenik, adibidez. Eta terapia horren guztiaren ondoren aipatu nion nahi nukeela berarekin hitz egin; etxera joan nintzen, bizpahiru goizetan hitz egin, eta lehenengo aldiz sentitu nuen heldutik heldurako solasaldi bat izaten ari nintzela. Gauza pila bat kontatu zizkidan.

Ordura arte erabat estalita edukiko zituenak.

Bai. Konbertsazio hori eskatu nionean, nire helburua ez zen ipuin bat idaztea, baina...

Baina korapilo hori hor zenuen.

Noski. Eta ipuinean hark kontatutako gauzak daude, baina kontatzen diren guztiak ez dira nire aitari zuzenean gertatutakoak. Nirea zegoen, harena, haren lankideena... Kontatu behar bat eta kontatu nahi bat sortu zitzaidan, baina zalantza asko ere sortu zitzaizkidan. Ze, hasteko, ez nuen konfliktoari buruzko ipuin bat idatzi nahi. Nik nahi nuen neska adoleszente bati buruzko ipuin bat izatea. Nahi nuen berriro heldu bizitzaren zati bat kontatzea, eta eguneroko bat. Hori egiteko, ezinezkoa zen konfliktotik ateratzea, ze istorioaren markoa hori da, eta denean eragiten du. Niretzat izan da ariketa...

Katartikoa?

Bai. Ez nuen errelato bat egin nahi, edo ez nuen alderik defendatu nahi. Istorioa hortik ateratzea zen erronka, eta nire gaztaroko errealitatea kontatzea, nahiz eta fikzioa izan.

Súper Pop aldizkaria eta euskal gatazka gurutzatzen ziren bidegurutze hori kontatzea, alegia.

Hori da. Ipuina idatzi eta gero, zenbait pertsonari eman nien irakurtzeko. Eta galdetzen nien ea zer irakurketa egin zuten. Gustatu zitzaidan jaso nuen hori, eta aurrera.

Eta gerora ere, ipuinak izan duen harrerak ere kendu dizu beldurra?

Bai. Nik uste dut nahiko garbi gelditzen dela ez nabilela inoren diskurtsoa defendatu nahian, baizik eta kontatzen zer sentitu edo bizi zezakeen ertzain baten alabak garai hartan.

«Ipuin irekiak asko disfrutatzen ditut. Ipuin bat irakurri, liburua itxi, txakurra ateratzera joan, eta konturatzea ipuin hori buruan bueltaka dabilkidala oraindik. Eta nire literaturan ere irakurleari hori ematea da erronka»

Irakurleari interpretaziorako tarte handia uzten diozu, batez ere amaieretan, berak erabaki dezan ipuina nola ixten den.

Irakurle moduan asko gustatzen zait hori. Ipuin ireki horiek asko disfrutatzen ditut. Ipuin bat irakurri, liburua itxi, txakurra ateratzera joan, eta konturatzea ipuin hori buruan bueltaka dabilkidala oraindik. Eta nire literaturan ere irakurleari hori ematea da erronka. Ze nolabait ase ere egin behar duzu, ezin baituzu erabat irekita utzi. Gustatzen zaidan amaiera mota hori da. Ipuinak sortzen jarraitzen du nigandik harago. Oso interesgarria egiten zait ideia hori.

Eskapu liburuak izenean bildutako zure haur eta gazteentzako lanek ere badute joera hori. Irakurleek eurek aukeratu behar dute egoera bakoitzean zer egin.

Bai! Egia da irakurle guztiei ez zaiela gustatzen hori. Irakurle talde batzuetan pasatu zait. Irakurle batzuek galdetu didate ea ipuineko pertsonaiak azkenean benetan zer egin zuen. «Ba, ez dakit», nik. Eta hark: «Bai, bai, baina hotelera sartu zen, edo ez?». Nik badakit nire pertsonaia ipuinaren ondoren ere bizi dela, baina ez dakit zer egiten duen. Nik horraino dakit. Nik irudikatzen dut ipuina bera oinez, besteen buruetan, eta, gainera, irakurle bakoitzak haren bertsio bat egingo du. Eta, inkluso, irakurle berak, bere bizitzako momentu bakoitzean bertsio desberdinak egingo ditu igual.

2021ean eman zenuen argitara helduentzako zure lehen ipuin bilduma, Epizentroa (Erein), eta, beraz, helduentzako bigarren liburua da Zebrak eta bideak. Hain zuzen ere, bigarren liburuaren antsietateari buruz mintzo da Inoizko ipuinik onena kontakizuneko protagonista. «Iruzurti bat naizela pentsatuko dute. Liburu bakarra eta arrakasta; orain denek nibela mantentzea espero dute». Beldur hori izan duzu?

[Segundo batez pentsatu du] Ez dut uste beldur hori izan denik liburuarenleitmotiva, baina behin baino gehiagotan etortzen zitzaidan lehenengo liburua idatzi eta pixka batera Erein argitaletxeko Inazio Mujikak esandakoa. «Bueno, Nerea, orain lasai», esan zidan, «lehenengoa idatzi ez bazenu bezala idatzi behar duzu bigarrena». [Barrez]. Eta hori nola egiten da? Sentitu dut presio moduko bat, baina ez hainbeste arrakastari edo harrerari begira. Nik neure buruari jartzen nion presioa, gehienbat aldendu egin nahi nuelako Epizentroa-n funtzionatu zuten gauzak errepikatzetik. Erronka zen efektu berak ez erabiltzea. Eta hori ez zen erraza.

«Nik neure buruari jartzen nion presioa, gehienbat aldendu egin nahi nuelako lehen liburuan funtzionatu zuten gauzak errepikatzetik. Erronka zen efektu berak ez erabiltzea. Eta hori ez zen erraza»

Lehenengoari iheska idatzi duzu bigarrena, beraz?

Nahiz eta gauza batzuk errepikatzen diren, hala nola estiloa, egunerokotasunarena eta emakumezkoen ahotsak biltzearena, saiatu naiz egiturak eta pertsonaien begiradak berriak izan daitezen, eta esperimentatzen.

Lehen liburua basatiagoa edo erpintsuagoa zen. Bigarrenean, langintzaren kontzientzia handiagoa igartzen da.

Epizentroa argitaratu zenetik hiruzpalau urte pasatu dira. Genero honi begirako gauza asko irakurri ditut, eta uste dut irakurtzen ere ikasi dudala denbora honetan. Begirada jartzen. Idazten ere trebatu naiz, eta uste dut igarri egiten dela. Eta, bestalde, Epizentroa idatzi nuenean, profesionalki, irakaslea nintzen, eta nire umeak ere txikiagoak ziren. Eta, aldiz, hau idatzi dudanean, idazle autonomo moduan nabil lanean; beraz, dedikazioa eta burua eta arreta bestelakoak izan dira, eta uste dut hori igarri egiten dela.

(ID_14850336) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-04-08, Zarautz. Nerea Loiola, idazlea
Nerea Loiola. ANDONI CANELLADA / FOKU

«Beti gabiltza kexaka euskarazko helduen literaturak irakurle gutxi dituelako, baina, gero, abandonatu egiten ditugu haur eta gazteak»

 

Idaztea du lanbide Loiolak. Edo ia. Idazteaz gainera, idaztearen bueltako beste hainbat lan ere egiten baititu. Guztiek elikatzen dute haren jarduna, eta, dioenez, bereziki pozik dago, adibidez, haur eta gazte irakurleentzako dinamizatzen dituen irakurle taldeekin. Argi du: irakurle helduak izateko, irakurle gazteak ezin dira abandonatu.

Duela zenbat urte erabaki zenuen idazle autonomo modura hastea?

Hau da hirugarren ikasturtea. Irakasle lanetik baimena hartuta nagoenez, ikasturteka kontatzen dut. Ekain bukaeran erabaki behar dut ea baimenarekin jarraituko dudan edo ez.

Eta jarraituko duzu?

Autonomoaren ekonomiak ematen badit, oso gustura nago.

Maiz aipatzen da ezinezkoa dela idaztetik bakarrik bizitzea. Ezinbestekoa da hitzaldiak ematea, ikastaroak antolatzea eta irakurle klubetara joatea, adibidez. Eta, halere, zure kasuan, badirudi haur eta gazte literaturako lanekin eta helduentzako liburuekin hurbiltzen zarela batez ere idaztetik bizi ahal izatera. Hala da?

Ikusten ari naiz nire idazte lanetatik jasotzen ari naizen dirua ere pixka bat handitzen ari dela urtetik urtera. Bereziki Eskapu bildumak [Erein argitaletxearekin kaleratzen duen haur eta gazteentzako bildumak] arrakasta handia izan duelako da hori. Baina edozein kasutan, erdi eta erdikoa izango da portzentajea, idaztearen eta bestelako lanak egitearen artean. Baina lortu dut beste lanek ere literaturarekin zerikusia izatea. Irakurle taldeak dinamizatzen ditut, eskoletara joaten naiz, beste batzuentzako idazketarekin zerikusia duten enkarguak egiten ditut... Azkenean, beti ari naiz nire lanbidea elikatzen. Genero askotan ibiltzeak aukera ematen dit idazketan aktiboago egoteko. Nik ezingo bainuke Zebrak eta bideak bukatu eta helduentzako beste lan batekin jarri hurrengo astean, baina Zebrak eta bideak bukatu eta Eskaputxiki bildumako lan bati heldu diezaioket, ze buruan eskatzen didan lan mota oso desberdina da.

«Iruditzen zait oso zaila litzatekeela idazle autonomo gisa aritu ahal izatea energiarik handiena helduen literaturan jarri izan banu»

Literatura ogibide izan ahal izateko, orain artean behintzat, ezinbestekoa zirudien gutxienez nobela bat argitaratzea. Akaso zentraltasuna galdu du nobelak? Edo izan daiteke zuri dagokizunez haur eta gazte literaturak pisu berezia izatea?

Hor dago gakoa, nire ustez. Iruditzen zait oso zaila litzatekeela idazle autonomo gisa aritu ahal izatea energiarik handiena helduen literaturan jarri izan banu. Baina, aldiz, erabakia hartu nuenean, jadanik banituen haur eta gazteentzako liburu batzuk. Nik urtean igual berrogei saio egiten ditut eskoletan, Idazleak Ikastetxeetan programaren bitartez [Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen du]. Saio asko dira. Erabakia hartu nuenean, igual 25 egiten nituen, baina baziren saio batzuk, eta horrek ekonomikoki ematen zidan koltxoitxo bat. Horrek pisua izan zuen erabakia hartzerakoan.

Haur eta gazte literatura argitaratu ez ezik, saldu ere egiten da, baina ematen al zaio baliorik?

Merezi duen baino askoz ere prestigio gutxiago ematen zaio, baina, aldi berean, hori lotuta dago kulturari orokorrean ematen zaion prestigioarekin. Komunikabideetan kultura sailean dagoen langile kopurua urria baldin bada, gizartean ere ez zaiolako behar bezainbesteko garrantzirik ematen alor horri, langile horiek ere iristen diren lekura iritsiko dira, eta helduen literaturari emango diote lehentasuna. Ondorioz, ez da haur eta gazte literaturarik ateratzen komunikabideetan eta prentsan, eta, beraz, inork ez du hori jasotzen, eta halako espiral bat sortzen du horrek.

Batzuetan ematen du ahaztu egiten zaigula gaur egungo haur eta gazteak direla etorkizuneko irakurle helduak. Beti kexaka ari gara irakurle gutxi dagoelako helduen literaturan euskaraz, baina, gero, abandonatu egiten ditugu haur eta gazteak. Kontu biologiko bat da. Haziko dira eta helduak izango dira, eta berriro ibiliko gara esaten ez dagoela irakurlerik. Hor zeuden, eta ez genien kasurik egin. Asko kezkatzen nau gai horrek.

Edonola ere, azkenaldian baikor nabil.

Zergatik?

Uste dudalako haur eta gazteen irakurle talde asko aktibatu direla, eta, oraindik eta positiboagoa dena, talde horiek dinamizatzen ditugunok saretzen hasi gara. Haur eta gazte literatura erosi bai, egiten da, baina, gero, irakurleak ez ditugu akonpainatzen. Helduok literatura erosten diegu umeei, eta behartu egiten ditugu irakurtzera, baina ez ditugu akonpainatzen; ez diegu irakurtzen. Eta laguntza horren ondorioz, genero horren prestigioa ere areagotuko litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.