Azken uda dantza (VII)

Ipuin harrigarri eta dantzagarrienak

Trikitia oinarri, pop abesti melodikoak plazaratu zituen Alaitz eta Maider bikoteak. Udako kantu bilakatu ziren asko eta asko, eta Euskal Herria dantzan jarri zuten 'Txanpon baten truke' eta beste pieza batzuekin. Hamabost urte egin zituzten elkarrekin.

Alaitz Telletxea eta Maider Saralegi 1989an elkartu ziren trikiti bikote gisara, eta taldea osatu zuten gero. BERRIA.
aitor biain
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Aspaldiko garaietan eta urrutiko lurraldeetan gertatutako istorio harrigarriak dira, baina ipuin triste batzuk sekula ez dira horren dantzagarriak izan. Dragoia eta printzesa, basoko Loti Ederra eta Printze Urdina, Txanogorritxu eta otsoa: den-denak kale kantoian jarritako gizonak kontatuak, txanpon baten truke. Alaitz eta Maider bikoteak triki-pop doinuekin sortutako kantuak sekulako arrakasta izan zuen 1990eko hamarkadaren azken urteetan. Haien aurreneko abestietako bat izan zen Txanpon baten truke, eta Euskal Herriko plaza guztiak dantzan jarri zituen.

Alaitz Telletxea eta Maider Zabalegi 1989an elkartu ziren trikiti bikote gisara. Soinu txikiaren eta panderoaren molde tradizionalari eutsita, plazarik plaza aritu ziren biak. Maketa bat ere grabatu zuten formatu horretan. Baina aurrez Tapia eta Leturiak, Gozategik edo Maixa eta Ixiarrek egin zuten moduan, rock taldearen forma eman zioten bikoteari, gitarra, baxua eta bateria batuta.

Zabalegiren hitzetan, taldea «modu naturalean» eta pixkanaka sortu zen. Baina gogoan du talde berriaren formatuak aldeko nahiz kontrako iritziak sortu zituela: «Garai hartan, eztabaida handia zegoen; izan ere, bazen trikitia zerbait tradizionala zela uste zuenik, eta ez zuen egoki ikusten baxuarekin eta bateriarekin uztartzea. Gu baiezkoan geunden, ordea, eta baziren gure aurretik gauza bera egin zutenak ere». Izan ere, trikitia bide berriak urratzen hasia zen ordurako Euskal Herrian. Formula berriak sekulako arrakasta izan zuen, eta soinu txikia oinarri zuten taldeek garai batean berbena taldeek zuten lekua hartu zuten, Mikel Markezek Badok.eus-en gogora dakarrenez.

1997an kaleratu zuten aurreneko lan luzea: Alaitz eta Maider (Elkar). Berehala egin ziren ezagun, eta Euskal Herri osoan aritu ziren kontzertuak ematen. Harriduraz hartu zuten erantzuna, Telletxeak aitortu duenez: «Ez genuen inondik ere halako arrakastarik espero. Baina opari bat izan zen: jendeak gure abestiak zekizkiela ikustea... Hori ez da ezerekin ordaintzen». Izan ere, aurreneko disko hura osatzen zuten abesti askoren arrakasta ere berehalakoa izan zen, eta udako kantu bilakatu ziren Amets bat, Háblame en cristiano eta diskoa bera zabaltzen duen Txanpon baten truke, esaterako.

Joxe Mari Karrerek idatzi zituen hitzak. Telletxea: «Garai hartan, Mikel Markez eta biok Joxe Marirekin aritzen ginen ikuskizun bat egiten. Herriz herri aritzen ginen: berak ipuinak kontatzen zituen, eta Mikelek eta biok musika jartzen genion. Eta halako egun batean eman zidan letra». Ipuin kontalari bat da abestiko protagonista ere, baina Karrerek Euskadi Irratiko Faktoria saioan azaldu zuenez, Mikel Laboak musikatutako Gaberako aterbea olerkia du oinarri. Hasierako bertsioa «luzeegia» zela azaldu du Telletxeak, ordea, eta apur bat moldatu zuela, musikatzeko. «Gogoratzen dut letrari musika jarri niola nire gurasoen etxeko sukaldeko mahaian eserita. Bertan entseatzen genuen askotan Maiderrek eta biok». Lokalean osatu zuten gero, taldean.

Telletxeak aitortu du pieza «berezia» dela; izan ere, musika eta hitzak ez dira aldarte berekoak: «Egia da musika oso alaia dela, eta letra, agian, tristea. Baina hala atera zitzaidan bere momentuan». Zabalegik dio, halere, «gaur egungo bizimoduaren isla» ere badela kantua: «Erritmo azkarrean bizi gara, errealitateari eta inguruan dugunari kasu handirik egin gabe». Nolanahi ere, indar eta energia asko transmititzen duen pieza bat da, haren hitzetan, eta bikotearen hasierako garaietako «inozentzia, freskura eta ilusioa» islatzen ditu. «Gurekin lotura gehien duen kantua da».

Nor bere bidetik

Hamabost urteko bide oparoa egin zuten elkarrekin Telletxeak eta Zabalegik, eta hiru disko kaleratu zituzten: lehenaz gain, Inshala argitaratu zuten 1999an, eta Auskalo 2002an. 2004an, baina, elkarrekin aritzeari uztea erabaki zuten. Telletxea: «Bizitzan bezalaxe, faseak izaten dira, eta bakoitzak bere arrazoiak zituen fasez aldatzeko». Beren sorterrian, Oiartzunen (Gipuzkoa) eman zuten azken kontzertua, bikotearen ibilbidean mugarri izan zirenekin batera. Bide horretan, hain zuzen, musikari askoren laguntza izan zuten, baina Joseba Tapiarena da denetan nabarmenena. «Asko lagundu zigun sorkuntzari dagokionez, eta aholkulari moduan ere izan genuen taldea osatzerakoan. Berak animatu gintuen ere disko bat grabatzera», adierazi du Telletxeak. «Tapia eta Leturiaren kontzertuen aurretik jotzen genuen askotan. Beti izan genuen alboan», gehitu du Zabalegik.

Nork bere bidea hartu zuen gero. Telletxea Lantz taldean aritu zen, eta egun Amak laukoteko kide da. Zabalegik, berriz, bakarkako bideari ekin zion, eta 2017an bere lehen diskoa kaleratu zuen: Zuei (Elkar). Bere zuzenekoetan Txanpon baten truke jotzen du tarteka: «Alaitzekin bizitakoa oso polita izan zen, eta kontzertuetan tarte bat egitea ederra da; iraganera itzultzea bezala da». Kantuak festa askoren ikur izaten segitzen du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.