Ipuin eta poema «modernoak» bildu ditu bi antologiatan Alai editorialak

Juanjo Olasagarrek atondu du 1951 eta 2019 bitarteko poemen bilduma, eta Ibon Egañak, berriz, 1963 eta 2018 bitarteko ipuinena. Sail berri bat inauguratu du Alaik lanokin

Juanjo Olasagarre eta Ibon Egaña, atzo, antologia biak eskuetan hartuta, Donostiako Parte Zaharrean. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Juango Olasagarre idazlea, Aurelio Erdozain Alai argitaletxeko kidea eta Ibon Egaña kritikaria. Hirurak mahaiaren luzetara jarriak, hirurak irakasleak eta alor horretatik datorkien kezka konpartitu batek zeharkatuak: ikasleengan sumatzen duten heziketa literario ahula eta euskal letrekiko interes falta. «Euskara eta literatura ikasgaian, euskara, hizkuntza baino ez da irakasten; literatura bazterrean geratzen da gure institutuetan, ikastoletan». Argi adierazi du zein den kezka Erdozainek, eta argi esan hor eragitea dela argitaletxearen bilduma berriaren xedea, gazteen artean literatura bultzatzea. Bi antologiarekin abiatu dute Hautak sail berria: Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018), Egañak atondua; eta Bideko hitza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019), Olasagarrek osatu duen bilduma.

Erdozainengandik jaso zuen enkargua, eta Egañak azaldu du «memoria ariketa bat» egitea izan dela, «itzulera bat irakurle bezala». Gogora ekarri du bildumaren definizioan ageri den hitz bat kanona dela, eta aitortu du horrek «galderak eta kontraesanak» sortzen dizkiola. «Azken urteetan asko eztabaidatu da kanonaren inguruan; badakigulako kontestu ideologiko jakinetan sortua dela, jende jakin batek sortua, eta abar. Baina galdera sortzen zait, baita ere, zenbateraino uko egin diezaiokegun kanonari». Erdibideko jarrera proposatu du berak: «Iruditzen zait neurri batean ez geniokeela uko egin behar kanonaren ideiari, baina etengabe jarri beharko genukeela zalantzan, eta zirrikituak bilatu».

Harkaitz Canoren aipu batetik hartu du antologiarako izena Egañak. Hala zioen Canok: «Nobelagileari maleta bat egiteko esan eta mudantza bat antolatuko dizu. Ipuingileak ez: behar duen doia baino ez du honek maletan sartuko». Definizio horri, «ipuinaren intentsitate eta trinkotasunari» erantzuten dioten istorioak bildu ditu berak. Gustu pertsonalei segituta, baina harantzago joatera ere behartuz bere burua, «saiatzeko eskaintzen urte hauetan guztietan argitaratu diren ipuinen artetik esanguratsuak direnak». Alde horretatik, kanonean sartu izan diren narraziorik bada liburuan, baina hortik kanpo geratu izan diren ahotsak ekartzen ere saiatu da kritikaria. «Oreka bat bilatzea» izan du argitalpena ontzerakoan «obsesioetako bat»; hamarkada, idazle belaunaldi, jatorri, genero, gai eta estiloen arteko oreka. Jon Miranderen salbuespenarekin, liburuetan argitaratu izan diren ipuinak biltzea erabaki du, eta idazle bakoitzaren kontakizun bakarra hautatzea.

Oreka bilatzearekin batera izan duen beste kezka bat liburua «biltegi huts» ez bihurtzea izan da. Hots, liburu gisa, osotasunean ere irakurgarria izan zedila. Lau ataletan antolatu ditu hala ipuinak; Larruak, Bizitzak, Begiak eta Piztiak gaien bueltan, eta ordena kronologikotik at. Nahasian datoz, bada, Rozasen, Montoiaren, Izagirreren, Lizarralderen, Mintegiren, Lukuren, Rodriguezen, Miranderen eta besteen narrazioak, haien arteko «elkarrizketak» ere proposatuz.

Zoru bat konpartitzea

Beste puntu bat nabarmendu du Olasagarrek berak apailatutako poema antologia aurkeztean. Poetak bainoago, berak poemak bilatu dituela nabarmendu du, eta poemen artean, «poema argien, ulerterrazen» atzetik aritu dela, betiere ikasleak gogoan hartuta. «Poemak transmititzen errazak izatea izan da nire helburu nagusia. Irakur zitzatela pare bat, ulertu, gozatu, eta, ahal bada, jaso zezatela zerbait hortik».

Poeten adinaren eta poemen argitaratze urtearen arabera osatutako ordena batean antolatu ditu olerkiak liburuan. Eta, Egañaren kasuan ez bezala, badira errepikatuta datozen sinadurak: Mirande, Aresti, Lekuona, Gandiaga, Lete, Artze, Atxaga, Sarrionandia, Otamendi, Igerabide, Borda, Anselmi, Iturbide, Markuleta, Suarez, Esteban, Astiz, Erro, Gerediaga, Uribe, Bilbao, Txibite eta gehiago. «Falta dira kanonean dauden zenbait egile, baina ez zuten betetzen nire irizpide nagusia: poema iristerrazak izatearena».

Duela hiru urte BERRIAn argitaratu zen artikulu bat ere ekarri du gogora Olasagarrek, eta liburuko hitzaurrean ere jaso du haren aipamena: Rikardo Arregik idatzitako Plazent eta atsegin, egunkari honetako kultura orrietan plazaratu zena, Hirudia atalean. Egilearen arabera, soka ekarri zuten Arregik han esandakoek, eta eztabaidaren fokupera heldu ziren kanonaren ahulezia, euskal literaturaren ezagutza eskasa, gazteen irakurzaletasun urria, testuak ulertzeko zailtasun orokorra eta beste. Horiei heltzeko zeharkako deia egiteko baliatu du Olasagarrek argitalpena. «Rikardok esaten zuen testuak eta irakurketak konpartitu badituzu, neurri batean zoru bat konpartitu duzula, eta horrek komunitate zentzua ekartzen duela». Guztiz bat agertu, eta hor kokatu du Bidearen hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.