Ipar Euskal Herritik 59. Durangoko Azokara (Bizkaia) joanen diren ekoizpenak aurkeztu dituzte, gaur, Baionan. Eskaintza osoaren parte dira denak, baina aparteko zerrendan nabarmendu dituzte. Hamabost egitura, bost argitaletxe, bi diskoetxe eta zazpi talde edo artista independente agertuko dira aurten. Guztira, urte honetan plazaratu 50 berrikuntza ekarriko dituzte: 32 liburu, hamabost disko eta beste hiru ekoizpen. EKE Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz joaten ahalko dira, eta hemezortzigarren urtea du EKEk Gerediagarekin partaidetza daramala.
Gerediaga elkarteak antolatzen du azoka, eta Izaskun Ellakuriaga Bustinzak haren izenean bihurtu dizkio eskerrak EKEri. «Bitartekaritza lan handia egiten duelako Ipar Euskal Herritik Durangora gerturatzen diren argitaletxe eta eragileekin».
EKEko Marion Lastirik oroitarazi du partaidetzari esker Ipar Euskal Herriko sortzaileek EKEren diru laguntza eskuratzen dutela Durangon agertzeko. «Laguntza ekonomikoa eta teknikoa lortzen dute, eta horrela erakusmahaia merkeago alokatu eta errazago sartzen ahal dira Durangoko Azokaren programazioan». Horri esker, Ipar Euskal Herriaren presentzia «garatzen eta iraunkortzen» dela uste du Lastirik. Horrez gain, urteko Ipar Euskal Herriko euskal ekoizpenen katalogoa argitaratu du EKEk, eta haren Internet atarian atzeman daiteke.
Zapalkuntzari buru egiteko
Sortzaile eta ekoiztetxe batzuek ere parte hartu dute aurkezpenean, aurten atera lanen berri jakinarazteko.
Ixabel Etxeberria Urruñako idazleak, Ikas-ekin plazaratu eta haurrei zuzendu bi liburu aurkeztu ditu, Garbiñe Ubedarekin elkarlanean ondu dituenak: Bi etxe, maitasun bera eta Urtaroak. Urruñan (Lapurdi) sortua duten antzerki eskolaren diruztatzeko moldea zaizkie liburu horiek, baina hizkuntzari buruzko helburu nagusi bat ere badute, Etxeberriak jakinarazi duenez: «Testu sinple batekin buraso eta haurren artean euskarazko harremana bultzatzea».
Herrima argitaletxeak bi lan aurkezten ditu aurten. Ekaitz Bergaretxeren lehen idazlana da haietako bat, Masusta erreximenta izenekoa, eta Zapalduon pedagogia da bestea, Ane Ablanedorea. Bergaretxek adierazi du «autobiografia» hitza «potoloegia» dela Masusta erreximenta sailkatzeko; «lekukotasun bat da gehiago». Bere historia pertsonaletik Euskal Herrikoaren «zatitxo bat» nahi izan du kontatu. «Jorratzen ditudan gaiak hauek dira: zapalkuntzak —bereziki herriarena—. Eta azken parte batean, proiekzioa eta askatasunerako bidea». Horretan, agerian eman nahi izan du Euskal Herriaren «kolonizatu izaera», erran duenez.
Ane Ablanedoren lana, urte askotako iritzi artikuluen bilduma da, esplikatu duenez; BERRIAn, Argia-n eta beste aldizkarietan agertutakoak. Izenburuak dioen haritik, pedagogia aipatzen du bildumak: «Alde batetik, heziketa librea zertan datzan lantzen du. Nolako heziketa beharko lukeen haur batek libre hazteko; euskal haur batek libre hazteko. Gure herria zapaldua baita». Beste alde batetik, «euskal politikaren kritika zorrotza» egiten duten artikuluak bildu ditu Ablanedok. Eneko Bidegainek idatzi dio hitzaurrea eta ilustrazioa Dom Campistronek egin dio.
Autoekoizpenen indarra
Musika alorrean, Maider Zigarroak aurten jalgi duen Biran den lasaia diskoa aipatu du. Hitzentzat Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariekin lan egin duela jakinarazi du. Musika aldetik, Kattalin Indaburu, Iban Larrandaburu eta Gorka Pastor izan ditu bidelagunak.
Mattin Lerissa kantariak disko berria plazaratu du Durangoko azokaren karietara, horrek ere bere baitarik ekoitzirik. Mundu zabalerako deitu du; hamar kantu biribilkatuak dira diskoan. Denak ere sorkuntzak. Hainbat idazleren testuak erabili ditu kantuak egiteko. Ondoko hauenak: Itxaro Borda, Jean-Louis Davant, Aguxtin Alkhat, Pantxo Hirigarai, Manex Erdozaintzi-Etxart eta Manex Pagola. Musikari ezagunak izan ditu inguruan, halaber, Lerissak: Mixel Ducau (gitarra, saxofoia, txirula, perkusioak), Iñaki Diegez (eskusoinua), Txomin Duhalde (bateria). «Kontzertuen aldetik, heldu den udaberriari buruz izango dira», gehitu du.
Kuartz taldeko Oihan Delavigne (bateria) eta Ibes Mogaburu (gitarra, ahotsa) ere izan dira aurkezpenean, eta hirugarren diskoa aurkeztuko dutela jakinarazi dute. «Baxenabarreko rock talde bat gara», adierazi du Delavignek, «eta lehen aldikoz hurbilduko gara Durangora, eta biziki kontent gara». Aukera bat zaio lana Hego Euskal Herriko lagunekin partekatzeko, ezagutzen egiteko. Zortzi urte ditu Kuartz taldeak eta, Delavignen arabera, hirugarren lan hori «momentu ona» da multzo handiagoari aurkezteko. Abenduaren 8an, igandearekin aurkeztuko dute zuzenean, azokako Ahotsenea gunean.
IPAR EUSKAL HERRIKO AURTENGO EKOIZPENAK
LIBURUAK:
Elkar
Euritan desagertu arte. Idoia Rodriguez Mondragon.
Euskal Herriko fauna gida. Iker Elosegi.
Gatuzain
Euskal alfabetoa iruditan. Lontxo Yriarte.
Herrima
Masusta erreximenta. Ekaitz Bergaretxe.
Zapalduon pedagogia edo nola libre hazi, hezi, bizi. Ane Ablanedo Larrion.
Ikas
Amestoki goxoa. Antton Kazabon & Leire Iparragirre.
Bi etxe, maitasun bera. Ixabel Etxeberria & Garbiñe Ubeda.
Urtaroak. Ixabel Etxeberria & Garbiñe Ubeda.
Maiatza
Alegia zuzenduak. Pantzo Hirigarai.
Barneko galderak. Xerar Urrutia.
Biharraren hegietan. Maddi Sarasua Lazkarai.
Eguneko arrantza. Eric Fottorino (Itzulpena: Itxaro Borda)
Egurats zabaletako izendaezinak. Rakel Pardo Perez.
Etxauz. Pantzo Hirigarai.
Filosofian ibiliz. Piarres Aintziart.
Haize gaziak. Arantza Martinez Etxarri.
Lorratzak. Txomin Hegi.
Post-Internet. Eric Dixarri.
Santxo Azkarra. Petri Marka.
Zortziko
Irritaia. Mattin.
Dakit
Haritzaren adarrak. Joseba Aurkenerena Barandiaran.
Euskaltzaindia
Zortzi pastoral berri (I. Tomoa). Junes Casenave-Harigile/Jean-Baptiste Coyos.
Hebentik
Xiberoko dantza jauziak. Sacha Standen.
Kilika
Euskal Herria Koloretan. Jacques Battesti.
Sü Azia
Xiberotarren gramatika. Pierre Guiresse.
Susa Itzalen tektonika. Itxaro Borda.
Txalaparta Mesfida zaitez. Bea Salaberri.
Pamiela Kepa Anabitarte. Eneko Bidegain.
Arteaz
Bi ikuspegi – Evolution du Paysage basque. Louis Floutier, Xabier Soubelet.
Haran Ubel
Izana eta izena. Mari Campistron, Xan Aire, Amelie Fontaine, Pierre Tandille.
Atlantica
Baiona besta bat da. Kolektiboa.
Hatsa Hatsaren poesia.
DISKOAK
Autoekoizpenak
Biran den lasaia. Maider Zigarroa.
Buruz buru. Maskak.
Herra Hutsa. Mirabe.
Mundu zabalerako. Mattin Lerissa.
Iluma II. Iluma.
Azken erregina. Xalbador eta Ihidoi.
Hitzik gabeko historia eta ixtorio. Txo.
Playback kosmikoa. Pangea Pop.
Miretsiz. Mikel Artieda & Leire Berasaluze.
Norabide xuriak. Xabaltx.
III. Kuartz.
Altzükütarrak.
Xutik.
Forbidden Colours
Inbasioak. Ekhi Lambert.
Usopop Deus. Kaskezur.
Errekak nola. Bananas.
Maiatz Deus. Eric Dicharry & Ferederic Desmesure.
BESTELAKOAK
79. Maiatz aldizkaria. Seaska Zenbat dugun kontatzeko mapa ludikoa.
2025 urteko egutegia.
Ipar Euskal Herriko SORTZAILEEN azokako ekitaldiak
Abenduaren 5a. Liburu aurkezpena.
16:30. Eneko Bidegain, Kepa Anabitarte liburua.
18:00. Ane Ablanedo, Zapalduon pedagogia liburua.
Abenduaren 6a. Musika.
12:10. Mikel Artieda & Leire Berasaluze, Miretsiz.
13:20. Maskak, Buruz buru.
Abenduaren 7a. Musika eta liburu.
13:20. Ekhi Lambert & Haize Karrikaburu, Inbasioak diskoa.
15:00. Antton Kazabon &Leire Iparragirre, Amestoki goxoa liburua.
18:00. Kaskezur, Deus kontzertua.
19:30. Pantzo Hirigarai, Etxauz liburua.
Abenduaren 8a.
Musika eta liburu.
11:00. Xabaltx, Norabide xuriak kontzertua.
11:30. Maddi Sarasua Lazkarai, Biharraren hegietan liburua.
13:20. Kuartz III kontzertua.
14:00. Ekaitz Bergaretxe, Masusta erreximenta liburua.
.