«Azkenian, zuria ta zuria eittekotan ziñala… ta ara! Ementxe utzi nazu 9 umeren jabe! Ara nun diran nik e kantatuko nizuke gustoa asko, goizero-goizero gosiak jota zutaz galdezka esnatu ta aidi ze emanik ez dedanian». Anjelita Kerejeta emaztea Uruguain beren bederatzi seme-alaben kargu utzi, eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen Jose Maria Iparragirre abeslariak 1842. urtean, eta, hain zuzen, emazte izandakoaren ikuspegitik idatzitako eskutitz bat izan du abiapuntu Loraldia jaialdiak Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duen Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari ikuskizunak. Bardoa jaio zela bi mende beteko dira aurten, eta inguruan izan zituen hainbat emakumeren ikuspuntutik gogoratuko dute haren figura. Tanttaka teatroak, Demode Quartet taldeak eta Loraldia Kultur Elkarteak ekoitzi dute lana, eta Fernando Bernuesek zuzendu du. Erdiz kontzertu baten eta erdiz antzezlan baten itxura izango du piezak, eta, aurreratu dutenaren arabera, esan daiteke emanaldia, era berean, erdiz izango dela omenaldi, eta erdiz kontu kitatze bat. Martxoaren 10ean egingo dute aurrestreinaldia Urretxun (Gipuzkoa), eta hurrengo egunean izango da estreinaldia Bilbon.
«Oso zaila da duela 200 urteko bizitza bati egungo begiekin begiratzea», esan du Bernuesek, baina gehitu duenez, emanaldi osoa dago «maitasunez tindatuta». Musikariaren figuraren garrantzia nabarmendu du zuzendariak, eta, haren hitzetan, «historizista» izan beharrari izkin egin, eta «gertuko» proposamen bat sortzea izan du erronka. «Duela 200 urte inguru sortutako dozena bat edo hogei kanta inguruko multzo batetik, batzuk herrikoi bilakatu dira urteekin, eta haietako bat ereserki bihurtu da. Iparragirreren kantuak herri honen ariman sartu eta instalatu dira, eta ez daude halako adibide asko».
Musika «gaurkotua»
Iñigo Legorburu bertsolariak idatzitako eskutitz bati esker topatu zuen Bernuesek kontatu nahi zuena kontatzeko modua. Legorburuk sortua da Uruguain bederatzi umeren kargu gelditu zen Angelita Kerejetaren ikuspegitik Iparragirreri idatzitako eskutitza, eta hari esker irabazi zuen Bergarako (Gipuzkoa) Amodiozko Eskutitzen lehiaketa. Eta testu hura irakurtzean ikusi zuen nondik nora jo Bernuesek. Emanaldirako eskutitz gehiago idazteko eskatu zieten orduan Arantxa Iturbe eta Aizpea Goenagari, eta eskutitz horiek eta Iparragirreren dozena bat kantarekin osatu dute ikuskizuna orain.
Demode Quartet taldeko Joli Pascualena eta Iker Uitzi arduratu dira ikuskizunaren alderdi musikalaz, eta, azaldu dutenez, Iparragirreren errepertorioa «gaurkotzea» izan da haien asmoa. Bardoaren abestiak pop, blues, tango, txarleston, ska, rumba eta rap doinuetara eraman dituzte horretarako. «Kontu eta errespetu handiz hurbildu ginen haren musikara hasieran», onartu du Pascualenak, «baina ohartu ginen hura hartu, idulki horretatik jaitsi, eta gurekin estudiora ekartzea zela onena. Ikusteko ea berak nola sortuko lituzkeen kanta horiek gaur egun».
Kale museo bat
Ikuskizunean musikari taldeak emango die koherentzia moldaketei, Pascualenaren hitzetan. Angel Unzu gitarra jotzailea izango da emanaldiko bihotz musikala, eta harekin izango dira oholtzan Pascualena bera, Ainara Ortega eta Ane Gabarain. Abeslari eta aktore arituko dira, aldi berean, hiru emakumeak, eta musikatik antzerkira joan-etorrian ibiliko da saioa horregatik.
Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrenaren harira, 30 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Urretxun, bardoaren jaioterrian, eta haietako bat gehiago izango da emanaldiaren aurrestreinaldia. Irailaren 5ean izango da beste ekitaldi handietako bat, egun horretan, herri antzerki baten bidez XIX. mendera eramango baitute herria, eta sasoi hartako itxuraz jantziko baitituzte kaleak. Iparragirreri eskainitako «kale museo» bat irekitzeko asmoa ere badu udalak, bestalde, eta abeslariaren izena daraman kalean haren bizitza kontatzen duten hainbat panel eta audio jarriko dituzte horretarako.
Urretxun eta Bilbon egingo diren saioez gainera, Euskal Herriko beste hainbat herritara ere eraman nahi dute emanaldia Loraldiko arduradunek.
Iparragirren loriaren itzalak
Inguruan zituen emakumeen ikuspegitik gogoratuko dute Jose Mari Iparragirreren figura Loraldian, martxoaren 11n, musika eta antzerkia nahasten dituen ikuskizun baten bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu