Antzinako urteetan bezala, IDB Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak Harri Xuri Dantzan jaialdia antolatu du, Luhuson (Lapurdi). Bihartik igandera, lau dantza emanaldi sartu ditu egitarauan, eta dantza jantzien erakusketa bat. Izenak dioen bezala, Luhusoko Harri Xuri gelan izanen dira emanaldiak, IDBk bertan baitauka egoitza soziala eta dantzarako muntatu baitzen. Bilaka dantza konpainia profesionalak irekiko du jaialdia, bihar 20:00etan, Ilauna lan berriarekin. Larunbat gauean Berritza konpainia zuberotarrak Maska’roa sortu berria aurkeztuko du, baina sartze guziak salduak dira jadaneko. Igandean, Ezpeleta eta Lekorne herrietako dantzariek erakutsiko dituzte landu dituzten azken dantzak.
Miarritzeko (Lapurdi) Maitaldia dantza jaialdian aurkeztu berri du Bilakak Ilauna. Euskal Herriko eta Okzitaniako herri musika lantzen duen Adar musika taldearekin landu egitasmoa izan da. Gau Beltzaren erritu eta sinbologia hartu dute oinarritzat dantza mugimendu eta koreografien asmatzeko.
Mauleko Berritza konpainiako dantzariek, berriz, Kukai taldeko Eneko Gil dantzariarekin berrikusi nahi izan dituzte maskaradetako moldeak, Maska’roa deitu duten ikuskizunean. Urrian aurkeztu berri dute, Maule-Lextarren. Larunbatean, 20:00etan emanen dute berriz Luhuson.
Ezpela Ezpeletako (Lapurdi) dantza taldeak 55 urte bete ditu aurten, eta molde berezian markatu du. Taldeko gaurko eta atzoko dantzariak bilduz. 7 eta 77 urte arteko dantzariak nahasiz, Amalur ikuskizuna eman zuten herrian berean, irailean. Lekorneko (Lapurdi) herritarrek, uda honetan kabalkada muntatu zuten. Dantzari alde handia aritu da, eta kabalkadako apailatu dantza batzuk emanen dituzte Luhuson. Igandean, 17:00etan ariko dira Harri Xuriko oholtzan ezpeletarrak eta lekondarrak.
IDBk nahitara bildu ditu dantza ogibidea dutenak eta herrietako amateurrak jaialdirako. Gehiago dena, plazaratu diren lan berriak dituzte erakutsiko. IDBko langile berriak, Aintzane Garatek, esplikatu du IDBko talde guziei egin zaiela gomita Harri Xuri Dantzan jaialdirako zerbait proposa dezaten. «Halako festibal baten helburua talde eta maila ezberdinetako dantzariak aitzinean ematea da», erran duenez. Egin duten lana «jende gehiagori» erakusteko parada ukan dezaten.
Berritzakoek ez, baina beste taldeek moldaketak egin dituzte Luhusorako. Bilakak Ilauna jende artean emateko pentsatua du «giro intimista batean». Parez pareko plantan agertuko direnez Luhusoko gelan, araberan apailatuko dute. Lekorneko kabalkada herriko plazako eta kanpoko muntatu zenez, hor ere zenbait dantza hautatu eta araberan emanen dituzte. Ezpelakoek ere ez dute Ezpeletan eman zuten ikuskizuna den bezala emanen. «Dantza batzuk hautatu dituzte agerraldia laburtuz».
Emanaldiak gauez izanagatik, gaualdi oro ostatu bat proposatuko du IDBk. Horrez gain, larunbatean eta igandean, Kanboko ikastolak taloak salduko ditu. Dantza emanaldiez gain, bestalde, Zuberoako dantza jantzien erakusketa bat ikusten ahalko da, larunbatean, Harri Xurin, Maritzuli konpainiak eginik.
Talde berria IDBn
Garat etorri berria da IDBko irakasle lanpostura. Intza Irungarairen eta Pierre Latasaren segida hartu duen talde berritua dauka elkarteak. Garatek ikastetxeetan dantza eskolak ematen ditu, orain.
Bizkitartean, dantza taldeen federazioak lehengo helburu berekin jarraitzen du: «Gure helburua beti da euskal dantza eta kultura irakastea». Haatik, Garatek erran duenez, ez da IDBren egitekoetan dantza taldeetarat irakasleen bidaltzea, baizik eta dantza taldeetakoen formatzea: «Dantza taldeentzat edukiak sortzen ditugu fitxa teknikoen bidez».
Harri Xuri Dantzan jaialdiko dantza emanaldietarako sartzeak salgai dira, oraindik, Helloasso Interneteko plataforman.