Aurtengoan 39 berritasun iritsiko dira Durangora (Bizkaia) Ipar Euskal Herritik: 21 liburu, lau komiki edo eleberri grafiko, liburu disko bat, 11 disko, urteroko Seaskako egutegia, eta Maiatz argitaletxearen literatura aldizkaria. Ekoizpenak gaurtik igandera bitarte aurkeztuko dira, besteen artean. Zenbait liburuk aurkezpen ofiziala badute azokan gaurtik geroz, eta zenbait diskoren musikari eta kantariei tarte bat eskainiko zaie kontzertua egiteko, larunbatetik goiti. Halere, Maia Etxandi EKE Euskal Kultur Erakundeko langileak azaldu duenez, ez da erraza leku baten eskuratzea: «Bada eskaera toki bat baino gehiago; izen emateak irail edo urrian irekitzen dira, eta biziki fite betetzen da dena. Erakusleiho paregabea da». Artistentzat aukera garrantzitsua da Durangoko Azoka, izan dezaketen eragina azokatik bertatik harago baitoa: «Filmatua da, pasatzen da sare sozialetan, bada azoka telebista... Urte guzian erabilgarria da artistentzat».
Liburuen artetik, haur literaturan, adibidez, Naia Robles Arangiz eta Oihan Delavigne Roblesen Papogorri liburua aurkeztuko da: ipuin musikala. Gazte literaturan, besteren artean, Amaia Hennebutten T. liburua salduko da; tristura eta bestelako emozioz mintzo da liburua, ikatzez eta tinta txinatarrez marraztua. Iparraldeko hiru poesia liburu ere aurkeztuko dira Durangon: horien artean, Aritz Mutiozabalen Zetakak. Aurtengoan, ikasmaterial berria ere erosten ahalko da; hain zuzen, Maite Urmenetak Historia XIX. mendea argitaratu du: edukiak Euskal Herriko dokumentuetan oinarritzen dira.
Bea Salaberri eta Adur Larrea ilustratzailearen Oihenartea ez hunki liburua ere aurkeztuko da, zeina A1 mailako irakurgaia den; liburuak egungo Ipar Euskal Herria eta espekulazioaren arazoaren errealitatea agertzen ditu. Jean Baptiste Orpustanek nabar-lapurterako Euskal Gramatika ere badu idatzia. Bestelakoetan, Eneko Bidegainen Bichta Eder liburua aurkeztuko da, Joseba Aurkerena Barandiaranen Xiberoa bihotzean eta gogoan antologia liburua, Jakes Lafitteren Zortzi pastorala berri, Xan Idiarten Nostalgia ez da salgai ipuin liburua, Piarre Erramousperen Ene bizipen, pertsu ta kantuak biografia, eta Simone Weilen Askatasunaren erroak liburuaren itzulpena, Beñat Castorenek egina, adibidez.
Inbertsio ere bai
Nahiz promoziorako aukera izan, Durangoko Azoka inbertsio bat ere bada bertaratzen den artistarentzat. Etxandik zera azaldu du: «Azokan mahai bat ukaitea kostatzen da; 50 orduz behar da iraun, eta egitura guztiek ez dute baitezpada norbait bost egunez irauteko; batzuek pertsonak ordaintzen dituzte... Durangon aurkeztea inbertsio ekonomiko bat da». Horregatik, EKEk artistak laguntzen ditu urtero, Gerediaga elkartearekin duten partaidetzari esker, adibidez. Hain zuzen, argitaletxeei laguntza bat eskaintzen zaie erakusmahaia kudeatzeko. Eta EKEk diru laguntza bat ere eskaintzen die artistei bide gastu eta hotel gastuak errazago ordaintzeko. Komunikazioari dagokionez, Ipar Euskal Herriko ekoizpenen katalogoa aurkezten dute urtero; gerora ere, ekoizpen horiek argitan ezartzen ahalegintzen dira: sare sozialen bidez lanketa bat egiten dute, besteak beste.
Beste urteetan, Ipar Euskal Herriko eragile eta artistak elkarrekin bilduak ziren azokaren alde batean. Baina, horrela antolaturik, Ipar Euskal Herriko musikari, kantari, idazle ala marrazkilariak Hego Euskal Herriko hologrametatik bereiz kokatzen ziren azokaren antolaketan. Hain zuzen, azokan, geografiaren arabera barreatuak ziren Iparraldeko artistak, eta ez alor artistikoaren arabera. Aurten, ordea, lehen aldiz, besteak bezala antolatuko dira: disko bat aurkeztera datozenak musikaren eremuan, eta liburu bat aurkeztera datozenak literaturarenean, adibidez.