Liburu aurrerapena

Inurrien Hiztegia

2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Adiskidetasun

Inurri bat arras zorigaiztoko sentitzen zen, kasu bakarra eta ezezaguna lur azpiko inurritegietako mundu korapilatsu hartan...

Zergatik?, galdetu zioten adiskiderik minenek.

Ez dit kasurik egiten, berandu etortzen da, gure urteurrena ahaztu zaio, esan zuen zezelka zorigaiztoko inurriak negarrari ezin eutsiz.

Ea beste batekin dabilen!, esan zuen inurri konfidente beteranoenak.

Elkarri begiratu zioten denek. Zehatz-mehatz aztertu zuten. Tentsioak gora egin zuen une batean... Harik eta, azkenean, inurri bat gorri-gorri jarri zen arte, ezin nabarmenago.

Di-da batean jan zuten. Amen jesus batean. Ez zen inurri haren arrastorik geratu.

Zuengatik ez balitz, adiskide maiteok! Zorigaiztoko inurriak hasperen bat bota zuen lasaiago.

Diban

Inurri neurotikoak psikoanalistarengana jo zuen denbora luzez. Patuaz kexatu zen, bere izaeraren errua gurasoei leporatu eta lurreko jainko guztiei egotzi zien tximeleta izan ez izana. Psikoanalistak esan zionean neurosiaren irtenbide bakarra bizitza zen bezala onartzea zela, iruzur egin ziotela sentitu zuen barren-barrenean. Ez zitzaion arrazoirik falta. Psikoanalista sorgin-orratz baten antzera hegan egiten saiatzen zen egunero, gauez eta ezkutuan.

Hori bai, errudun sentimendu izpirik gabe.

Familia

Intsektu guztiak familia handi bat gara!, aldarrikatu zuen inurri apaizak. Gure artean ez du egon behar sexu, tamaina, kolore, nazionalitate ezberdintasunik, jarraitu zuen.

Eta termitak ere bai?, moztu zion inurri petral batek.

Horiek ezta aipatu ere niri! Izan ere, inurri apaiz hark termita bikotekide bat izana zuen Afrikan misiolari egon zen garaian. Eta noski, ezin zituen ikusi ere egin!

Galdera

Inurritxo batek, jaio bezain pronto, galdetu zuen ea zenbat denbora zuen bizitzeko.

Inork ez zuen jakin erantzuten.

Are gehiago, lagunak minduta sentitu ziren. Mukizua besteak lotsagarri uzten ari baitzen.

Bizi eta ixildu!, erantzun zioten.

Historia

Inurrien Historiak dioenez, suntsitu baino zortzi mende lehenago, dinosauroak saiatu ziren inurritegiak inbaditzen, behin eta berriro saiatu gainera. Eta gero, beren kodizeetan izkiriatzen zuten: Et domuit formicae, inurriak menperatu ditugu.

Baina, ez zen egia eta edozein inurrik irribarre egiten du gaur egun hori guztia gogoratzean.

Horren froga dugu, gaur egun, oraindik ere, salgai daudela inurrien aurkako produktuak auzoko edozein dendatan.

Igande

Igandean ez da lan egin behar!, errebindikatzen zuen inurri hark.

Azkenean, errebindikazio hura onartu zutenean, zoriontsu sentitu zen.

Bere bizitzako lehen igandean, berandu jaiki zen, hankatxo bat luzatu eta geroxeago besteak; inurritegitik irten zen behin eta berriro, hasperen egin zuen ispilurik ez zeukalako, burutxoa igurtzi zuen aurreko bi hankatxoez eta pentsatu ere egin zuen. Ideia handi bat izan zuen, hain handia, ezen burukomina jarri baitzitzaion, baina geroxeago ahaztu egin zitzaion.

Burukomina ez, ideia.

Eta igande hura ez zen berehala bukatu.

Literatura

Inurri batek bere bizitza kontatzeko sekulako premia sentitu zuen. Hori idazten bazuen autobiografia izango litzatekeela esan zioten. Eta hitz berri harekin txoratuta, gogo biziz ekin zion lanari.

Haurtzaroa etorri zitzaion gogora eta inurritegi bat ikusi zuen. Helduaroa etorri zitzaion gogora eta inurritegi bera ikusi zuen, lankidez beteta, baina ezin zen haien izenez gogoratu. Bizipenen errepasoa egin eta, euriaren eraginez inurritegia urpean geratu zeneko eguna salbu, ezin izan zuen gertakizun gehiagoz harro agertu.

Hala ere, inurri tematia zen eta, bere garaiko inurrien paradigma zelakoan, uste eta egiatasun osoz idatzi zuen, bere benetako bizitza baino gehiago bizitu izan nahi lukeena.

Baina autobiografia hau ez da egia!, zioten lotsagabe batzuek.

Ezjakin halakoak! Autobiografia gauza zaharkitua da, orain autofikzioa da puri-purian dagoena.

Liburua best seller bat izan zen urte hartan.

Monterroso (Augusto)

Eta dinosauroa esnatu zenean, inurriak han zeuden.

osasuna

Inurri naturista batek gupidaz begiratzen zien besteei.

Ez dakizue zenbat toxina duzuen gainean! Nire bizitza, berriz, sanoa da oso, eta zaharra izatera helduko naiz, esaten zien besteei azenario bat kraskatzen zuen bitartean.

Egun batean, behi bat pasa zen handik eta, inozentzia osoz, bat-batean eta ustekabean, 737 inurri zanpatu zituen, naturista barne.

Vedette

Letizia izeneko inurri batek zine-izar izan nahi zuen, baina inurritegi hartan ez zegoen ez zine-zuzendaririk, ez gidoigilerik, ez kamerarik eta are gutxiago script izan nahi zuen inurririk.

Beraz, Letiziak erabaki zuen antzerkigintzarako jaioa zela. Baina inurritegi hartan ez zegoen agertokirik, ez banbalinarik, ez fokurik eta are gutxiago Hamlet nor izan zen jakingo zuenik.

Beraz, Letiziak pentsatu zuen abeslari izatea.

Bello canto-n hasi eta denbora gutxira, beste inurriak txitxarra deitzen hasi zitzaizkion eta mesfidantzaz begiratzen.

Hura ere utzi behar izan zuen.

A zer-nolako artista galdu duen munduak!, esan zuen Letiziak tente-tente, besteen lerroan sartzen zen bitartean gari-hazitxoa garraiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.