Oso latza izan da orain hurrena argitaratutako liburuaren lorratzean jarraitu du Xabier Mendiguren Elizegi idazleak (Beasain, Gipuzkoa, 1964) Borrero txiki bat nobela idaztean. Euskal Herriko gatazkan eta 1980ko hamarraldiko gizartean girotuak dira biak, eta, halaber, Donostiako Guardia Zibilaren kuartela dago bien muinean. Borrero txiki bat nobelan, baina, idazleak beste ikuspegi batetik heldu nahi izan die hala gaiari nola garai hartako giroari. Hain zuzen, Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibil baten semea da protagonista, Ivan, eta haren sentipenek, bizipenek eta hausnarketek harilkatzen dute nobelaren mataza.
Aintzane Muguruza gizarte ekintzaileak lagunduta aurkeztu du liburua Xabier Mendigurenek. Muguruzaren aburuz, pertsonaiaren hautuak bestelako aukera bat zabaldu dio Mendigureni euskal gatazkaren muinean murgiltzeko: «ETAk armak utzi zituenetik urteak joan dira, eta horrek parada ematen du beste espazio batzuetatik hitz egiteko eta oraindik ere tabu diren ikuspuntuak adierazteko». Alde horretatik, Borrero txiki bat «ezinbesteko nobela bat» dela esan du Muguruzak, eta eskertu egin dio idazleari argitara eman izana: «Tokatzen da honi buruz hitz egitea».
Euskal Herriko gatazkaren harira, besterik ere nabarmendu du gizarte ekintzaileak: «Emakumeen ikuspegia falta da oraindik, baina helduko da hori ere».
«ETAk armak utzi zituenetik urteak joan dira, eta horrek parada ematen du beste espazio batzuetatik hitz egiteko eta oraindik ere tabu diren ikuspuntuak adierazteko»
AINTZANE MUGURUZAGizarte ekintzailea
Auschwitz abiapuntu
Oso latza izan da kronika idatzi ostean «esateko asko» gelditu zitzaiola nabarmendu du Mendigurenek: «Haren ondotik, antzeko gertakariak ikertzen jarraitu nuen, eta horretan ari nintzela, lehendik ikusi gabeko gauza batzuk deskubritu nituen». Horiei helduko ote ziekeen pentsatu zuen idazleak: «Atxilotutakoen bizipenak konta nitzakeen, baina beste aldea gehiago interesatzen zitzaidan». Halere, alde batera utzia zuen gaia, «nori galdetu» ez zeukanez.
Jonathan Glazer zinemagilearen The Zone of Interest filma ikusi zuenean argitu zitzaion bidea —Auschwitzeko kontzentrazio eremuko ofizialen emazte eta seme-alaben bizitzaz mintzo da filma—. Mendiguren: «Auschwitzeko sufrimendua, hilketak, atxilotuak eta gainontzekoak ez dira ageri, baina sumatzen da horrorea. Eta horrore horretan bizi daiteke. Horrek animatu ninduen fikzioa egitera». Zehaztapenik ere egin du: «Benetako erreferentziak baditu, baina fikzioa da goitik behera; errealitatearen antzik balu, kasualitatea izango litzateke erabat».
Bere fikzioaren xedeaz ere hitz egin du idazleak: «Pertsonaia baten barruan sartzeko eta harena ulertzeko enpatia ariketa bat egin dut, baina helburua ez da izan konexio unibertsal bat sortzea, istorio sinesgarri bat ontzea baizik».
«Pertsonaia baten barruan sartzeko eta harena ulertzeko enpatia ariketa bat egin dut, baina helburua ez da izan konexio unibertsal bat sortzea, istorio sinesgarri bat ontzea baizik»
XABIER MENDIGURENIdazlea
Hiru atal
Nobelaren lehen atalean protagonistaren zirkunstantziak azaltzen dira. Besteak beste, Ivanen gurasoak andaluziarrak direla, eta sorterrian lanerako aukerarik ez izateagatik egingo dela aita guardia zibil; halaber, Zamoran (Espainia) jaioa dela Ivan, eta aitaren laneko igoera bat tarteko dela helduko da familia Intxaurrondoko kuartel eraiki berrira, 1978an. 1991ra arteko tartea hartzen du lehen atalak, Ivanek 18 urte bete eta unibertsitatera joateko ordua iritsiko zaion artekoa.
Hortik aurrerakorik ez du hizpide hartu nahi izan idazleak, «dena agerian uzteko beldurrez», baina azaldu du estilo eta narratzaile aldaketa ugari dagoela, «irakurleak ezustea, misterioa eta erakargarritasuna aurkitu ditzan betiere».
Gogoetarako parada ere hartu du Mendigurenek, bereziki eleberriaren amaiera aldera: «Adiskidetzeaz, biktima izateaz, minaz, aitortzaz eta beste zenbait kontuz egin dut hausnarketa».
Oso latza izan da kronikarekin gertatu bezala, Borrero txiki bat idatzi ostean ere gauza asko gelditu zaio esateko Mendigureni: «Berdintasuna behar da betebehar eta eskubideetan, baina desberdinak izateko eskubidea dugu denok, eta izatez halakoak gara. Ikuspuntu guztiak dira zilegi baldin eta zintzotasun intelektual minimo bat badute».
Mendigurenek bide horretatik jarraituko du: «Badut gauza bat idatzia, eta badakit aterako dela, beharbada datorren urtean».