Bakarka hasitakoa egitasmo kolektibo bilakatu da azkenean. Hein handi batean, Ander Mujikak musika bere kabuz sortzeko grinaren ondorioa da Testura, baina bidean batu zaizkion Felix eta Johannes Buff anaien eta Maialen Belaustegiren ekarpenak ezinbestekoak izan dira proiektuaren azken emaitzan. «Sei soinu piezak eta kantu batek» osatzen dute Forbidden Colours zigiluak kaleratu duen disko hori, eta, aukeratutako izenak iradokitzen duen lez, soinuaren tolesturak gailendu zaizkie ohiko kantu moldeei. Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoan eman zizkioten azken ukituak, eta han ziren hilaren 26an aurkeztekoak, baina, oraingoz, horrek ere itxaron egin beharko du.
Oholtzan beste musikari batzuekin aritu izan da Mujika —Napoka Irian, Anarirekin, Jabier Muguruzarekin—, baina beti izan du bakarka zirriborroak grabatzeko joera.Halere, garatu gabe geratu izan dira asmo horiek maiz. «Batez ere bakarrik ari naizenean, ideia horiei amaiera ematea asko kostatu izan zait». Oraingoan, ordea, gordeak zituen eta sortuz joan zen «zirriborro horietatik tiraka, aurrera egitea» erabaki zuen, eta, sortutakoaren aurrekaririk topatzeko, Muguruzarekin batera ondutako Leiho bat zabalikdiskora jo beharko luke, akaso, entzuleak. Testuran egin bezala, orduan ere giroak eta atmosferak landu baitzituen batik bat. «Gitarrarekin esperimentatzeko aukera izan nuen, eta hainbat tresna erabili nituen soinu eta giroak eraikitzeko. Eraginik izango zuen, bainaegiten duzun guztiak eragiten dizu». Oraingoan ere ehundurak landu ditu, beste modu batera bada ere.Ohiko dituen gitarra sokek baino presentzia handiagoa dute gailu elektronikoek. «Bidean ikusten joan naizen zerbait izan da; ez da hautu kontziente bat izan. Badakit batzuei arrotza egingo zaiela, baina jendearigustatu zaiona zer den, zer ez... jakin nahiko nuke. Batzuetan, kritika eraikitzaile eta negatiboen falta nabaritzen dut. Uste dut kritika negatiboei beldurra diegula, eta, horrela, oso zaila izaten da zure lanaren ikuspegi objektibo bat izatea».
Landutako estiloak publiko zabalarentzat ohikoak ez izanagatik ere, ez dira arrotzak Mujikaren munduan. «Agian, topikoa izango da, baina ni naizena islatzen saiatu naiz». Eta hor gauza askok du lekua: droneek, giro musikak, soinu bandek... Abestiak osatzean, landa grabaketak, sintetizadoreak, hotsak eta abar erabili dituzte, eta, horrenbestez, geruzak etengabe gainjartzean oinarritu den jardun luzea ematen du. Kontrara, Mujikak aitortu du dirudien baino sinpleagoa dela abestien hezurdura: «Diskoak oso konplexua irudi lezake, baina ez da horrela. Pista gehien duen abestiak agian hamabi izango ditu, eta gaur egungo pop edo rock kantu batek hogei pista baino gehiago izan ditzake. Prozesua bera ere erraza eta azkarra izan da. Kantuei ez diegu horrenbeste buelta ere eman: arina izatea nahi genuen». Perfekzionismoa baino gehiago, intuizioari jarraitzea izan da helburua, eta pista asko txertatzea baino gehiago, pista horiek «elkarren artean nahastea», soinu bateratu bat bilatzeko. Emaitza askotarikoa da bere barne koherentzian, eta aurpegi ugari horien artean badago pop egitura duen kantu batentzat espazioa ere. «Izena duen pieza bakar hori [Fuji] sobran dagoela esan dit gertuko lagunen batek, baina nik ez dut dudarik izan. Niretzat zentzu osoa du, bilatutako kontraste bat da». Anarik jarri dizkio hitzak, eta ostarte txiki bat da disko, oro har, ilun batean. «Ideia nik planteatu nion, baina letra osoa berea da».
Taldearen garrantzia
Anari ez da izan lan honetan bere alea jarri duen musikari bakarra. Izan ere, hasieran bakarkako proiektu gisa irudikatzen zuena talde lan bilakatuz joan da. «Bakarrik lan egitea kostatzen ari zitzaidala ikusita, Felix Buffengana jo nuen. Neukana erakutsi nion, eta ea zer iruditzen zitzaion galdetu eta ea moldaketa batzuk proposatuko zizkidan eskatu nion». Gonbita onartu, eta elkarlanean hasi ziren, sarearen bidez grabaketa eta proposamenak trukatuz. Mujikak dio kantuen oinarria bazegoela ordurako, baina Buffen lana abestiak antzaldatuz joan zela, gutxika. «Oso ikuspegi musikal aberatsa dauka, musikari osoa da. Perkusioak-eta sartu dituen arren, sintetizadoreekin aritu da gehiago. Zuzenean, gainera, ez du perkusiorik erabiliko».
Felixen anaia Johannesekin eta Maialen Belaustegirekin osatu zuen Mujikak behin betiko laukotea. Azken horrengana jo zuen beste inorengana baino lehenago, zuzenekoak nolakoak izango ziren pentsatzen hasi zenean. «Hasieran, neure burua bakarrik ikusten nuen pieza hauek aurkezten, eta banekien ez nuela agertoki gainean antzerkirik egingo. Ikuslearen tokian jarrita, oso gauza lineala eta aspergarria izan zitekeen ni abesti horiek zuzenean jotzen ikustea, eta bisualki inongo interesik ez zuela iruditzen zitzaidan». Transparentzien proiektore batekin jolasean aritua zen Mujika, eta Belaustegiri eskaini zion. «Banekien tresna horri sekulako zukua aterako ziola, eta horixe da gertatu dena. Elementu gutxirekin, emaitza ikaragarria lortu eta musikarekin bat datorren iruditegi bat osatu du». Johannes Buffek, berriz, «abestietako elementu guztiak hartu eta forma eman die soinu aldetik: zatiak garbitu, espazioak ireki... Sekulako argitasuna eman dio musikari».
Lana argitaratu eta laukotea osatu ostean, zuzenekoetarako tartea litzateke orain. Bistan denez, asmo guztiak era mugagabean atzeratu diren honetan, ezin aurreikuspen handirik egin, ordea. Plana zehaztuta dago, dena dela: «Zuzenekoetan gu publikoaren artean egongo gara, ekipoaren aurrean. Hala, Johannesek berak soinu guztiaren kontrola izango du». Areto orok ez du horretarako baldintzarik ematen, eta, gainera, proiekzioetarako distantzia eta horma egokiak ere behar dituzte. Horrekin nahikoa ez, eta kide bakoitza hamaika saltsatan aritzeak ez du egoera errazten. «Lauzpabost toki genituen hitzartuta. Aukera gehiago badatoz, oso ondo, baina, bestela, emanaldi gutxi batzuk emango ditugu».
Eta horren ondotik, zer? Testura esperimentu gisa ala Mujikaren luzerako proiektu pertsonal moduan ulertu behar da? Zaila zaio musikariari galdera horiek ziurtasunez erantzutea: «Ez da planteatu dudan gauza bat, eta besteekin ere ez dut horretaz hitz egin. Orain arte bezala, gauzak nola doazen ikusiko dugu». Gaur-gaurkoz argi dagoen gauza bakarretakoa da aurrerantzean ere Mujikak bakarka lanean jarraituko duela: «Nire ideia da neure kabuz beste gauza batzuk egiten joatea. Hori bai: zein forma izango duten ez dakit».
Intuizioari jarraituta
Ander Mujikak Testura laukotea osatu du, eta izen bereko diskoa argitaratu. Giroek eta musika ehundurek protagonismoa dute lehen lan horretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu