Artea

Intimotasuna eskuragarri

2024ko maiatzaren 14a
05:10
Entzun

'BADAKIZU'

Artista: Irantzu Ialdebere. Non: Bilbo Arten. Noiz arte: Ekainaren 2ra arte.

Arratsaldeko laurak aldera heldu gara laguna eta biok Uribitarte 40-ko aretora. Determinazioz erabaki ditugu erakusketa ikusteko eguna eta ordua Ialdebereren lanarekin ahalik eta lasaien harremandu ahal izateko. Sartu aurretik ikusi ahal izan dugu argi zuria aretoko beirazko paretak zeharkatzen, eta, horrekin batera, horietan itsatsita «Badakizu zein ederra zaren?» esaldia osatzen duten tamaina handiko hizkiak dirdiraka. Galdera hori buruan eta ordura arteko elkarrizketa etenda, isilik sartu gara erakusketa espaziora.

Badakizu mostra Irantzu Ialdeberek ondutako Badakizu zein ederra zaren? argazki-liburuaren hedapena da, non 2015etik 2023ra egindako argazki analogikoak bildu eta antolatu dituen. Erakusketa hiru espaziotan egituratzen dela irudi lezake, pareta zurien disposizioak baldintzatutako txokotxoen arabera. Oro har, halakoetan abiapuntua areto-testuak markatzen duen arren, oraingoan ez diogu kasu handirik egin. Hala, azalpenik irakurri gabe, intuitiboki, sartu bezain pronto ikusitako lehen bi argazkietara hurbildu gara, Ialdebereren bi autorretratuetara: bata kolorean, beiraz eta markoz babestuta eta, bestea, zuri beltzean eta orratz batzuekin eutsita.

Paretako hustasun zuriak bertan kokatutako elementuetan arreta berezia jartzera bultzatu gaitu, dagoenari behar besteko atentzioa eskaintzera, alegia. Euskarri fisikoan ageri diren argazki urriak elkarrengandik nahiko bereizita kokatzen dira, islatzen dituzten pertsonen arabera antolatuta. Irudien tamainari dagokionez, aipagarria da argazki gehienak ez direla eskala handikoak; halere, badira horma osoa hartzen duten inpresioak ere. Horietako batzuek aurpegi bako gorputzek sortutako konposizioak erakusten dituzte, beste batzuek, ordea, aurpegiari eta horrek dakarren adierazpenari zentralitatea ematen diote. Halaber, deigarria da nola argi naturalak erabat baldintzatzen duen argazkiak ikusteko esperientzia eta haien izaera formala, areto barruan ez baitago argiztapen artifizialik.

Artistaren autorretratuak ikusi eta gero, erdialdeko proiekzioko argazkiak ikustera jesarri naiz, bizkarralde bako banku txuri batean. Jesarlekua erosoegia ez den arren (denbora luzez bertan irauteko), heldu eta lehen argazkia berriz ere ikusi dudan arte ez naiz altxatu. Erabat kontzientea izan ez den ekintza horretan irudi-segidek zuzenean harrapatu naute, eta, ondorioz, artistaren mundura gerturatu. Beste bizitza batzuetan sartu izanaren sentsazioa eta ilusioa izan dut, ezagunak egin zaizkidan egoera eta emozioak berpiztearena.

Argazki bakoitzak maite zaitut bat dirudiela iruditu zait, eta, horregatik, horrelako zerbait bere inguruari arretaz begiratzen dion norbaitek soilik egin dezakeela. Hala ere, ez edonolako arreta, enpatiaz eta kontsiderazioz blaitutakoa baizik. Izan ere, Ialdebereren argazkiek bere bikotekidea, ahizpa, lagunak, gurasoak eta bestelako paisaia emozionalak erakusten dituzte, espazio pribatuan zein publikoan kokatutako egoera intimoak. Hala ere, intimotasun eskuragarri horrekin batera, argazkietan nabaria da konposizioen, argiaren, koloreen edota prozesuan gerta daitezkeen bestelako faktoreen lanketa eta garrantzia. Bada, argazkiok ez dira bizitza kontatu eta gordetzeko ariketa hutsa, erabaki estetikoek ere berebiziko pisua baitute. Beharbada, bi horien arteko lotura eta oreka dira Ialdebereren lanari indarra bermatzen diotenak, bizipen pertsonaletik lengoaia estetiko bereizgarria sortzeko abilidadea izanik.

Irudiok badute zerbait haiei buruz idaztea eragozten didana. Badute zerbait poesiatik, zerbait hori zehazki zer den esateko gauza ez banaiz ere. Horregatik, poesiaz idaztea bezain zaila suertatzen zait Ialdebereren obraz idaztea, eta itzulpen ariketa konplexu horren ezintasuna da harritu nauena. Izan ere, esango nuke artistak aspaldi erakusketa areto batean sentitzen ez nuen zerbait sentitzeko lekua eskaini duela; besteak beste, leku bat artearen eta bizitzaren arteko loturak zeintzuk eta nolakoak izan daitezkeen gogoratzeko.

Ez da batere erraza norberaren mundua, transfigurazio artistikoan bada ere, publiko egitea, umiltasunez besteei eskaintzea, eta, erraza ez izateaz gain, beldurra ematen duelako iruditzen zait opari bat dela horrelako lanekin topo egin ahal izatea. Intimotasun partekatuak intelektualizaziorako joerari bestelako esperientzia eta afektu batzuekin erantzuten die, eta, une honetan, diskurtsoa sobran dagoela iruditzen zaidanez gero, idatziko dudan azken gauza zera da, gonbidapen bat: Badakizu ikusi, hurbildu, hartu denbora, gelditu, begiratu, gogoratu, saiatu egoten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.