Intimitateak, maskarapean

Nerea Arrien idazleak 'Hirutter' nobela plazaratu du, Ereinekin. Pertsonen arteko harremanak, sare sozialak eta haien atzean ezkutatzen direnak hartu ditu hizpide egileak bere lehen eleberrian

Nerea Arrien idazlea, Hirutter izenburupean plazaratu duen nobela eskuetan, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Sei oin, edredoi baten azpitik agerian. Bi pare elkarrengandik gertu daude, eta aparteago bestea. Eta gainean Hirutter izenburua. Azalak ematen ditu zantzu batzuk liburuaren barruan gertatzen denaz. Izan ere, hiru pertsonaiaren arteko harremana, sare sozialak eta horien atzean ezkutatzen direnak hartu ditu osagai Nerea Arrienek (Lekeitio, Bizkaia, 1976) bere eleberria eraikitzeko. Erein argitaletxearekin plazaratu du Hirutter, bere lehen nobela dena.

Hiru dira kontakizuneko protagonistak: Ines, Gari eta Martin. Haien arteko harreman gatazkatsuan, sexu irudiak dituen bideo bat partekatuko du haietariko batek sare sozialen bitartez. Egileak azaldu duenez, «epaiketa birtual bat egongo da, eta baita hain biktima ez den biktima bat ere». Arrienek uste du hiru pertsonaiak jo daitezkeela biktimatzat, baina, aldi berean, beste aurpegi batzuk ere badituztela.

Hori ageriago dagoen istorioaren zatia, Arrienen hitzetan, baina, liburuan hazka egin ahala, «nobelaren mamian» sartuko da irakurlea. Eta mamian intimitatearen auzia dago, edo, zehatzago esanda, intimitateena, pluralean. «Biktimari, sarean bideo hori jartzeak baino lotsa handiagoa emango diote bestelako intimitate batzuek». Hori da gai nagusia, Arrienen esanetan, «intimitate motak eta intimitate horiek ezkutatzeko moduak». Haurtzaro zailak, hutsuneak... hainbat ezkutuko paisaia agertuko dira. «Espazio abstraktu hori da intimitatea, eta intimitate horiek ezkutatzeko moduak, berriz, estereotipoak dira, nobelako hiru protagonistek janzten dituzten jantziak».

Horregatik jo du sare sozialetara egileak, harentzat «estereotipoaren sumun-a» direnak: «Hor denok gara inteligenteenak, azkarrenak, politikoki zuzenenak...». Barne mundu horien eta sare sozialetan ageri diren maskara horien artean mugitzen da istorioa. «Hirutter titulua jarri nion kanpotik izan zezan izen hotz bat, oskol baten modukoa, sare sozialetan bezala, baina, nire ustez, barrutik intimitatea du nobelak».

Pertsonaiak, hortaz, bi espazio horietan mugitzen dira etengabe. «Aitorpen eta ezkutaketa eremu batean dabiltza une oro; dualitate batean daude denbora guztian». Eta Arrienek aitortu du ez zitzaiola erraza egin pertsonaia horiek eraikitzea, tarteka «enpagua» ere sortzen ziotela: «Ikusten nituen zitalak, berekoiak, zinikoak, matxistak... baina horrela sentitzen nituen, eta ez nuen nahi hori mozorrotu». Alde horretatik, nobelak ez duela tonu amultsurik dio, baina pertsonaiek badutela kontraesan bat ere beraiekin, gizatasuna ere badutelako azpian. Nobelaren amaieran ageriago geratuko da gizatasun hori, idazleak azaldu duenez. «Hor uzten dituzte, sugeak azalberritze prozesuan bezala, ezkata zatar horiek atzean, eta nobelaren amaierara suge berriak helduko dira. Sugeak oraindik, amaieran ere ez baitira on-onak».

Sareen kutsua estiloan ere

Narratzailerik ez du kontakizunak. Baina «erreferentzia bat» sartu du Arrienek; psikiatra bat, zeinari Inesek bere intimitateak kontatzen dizkion. «Horrek baimen batzuk eman dizkit; psikiatrari edozer ahal diozu kontatu». Hari mintzatzen zaio Ines, eta Inesi, berriz, Gari eta Martin.

Sare sozialek protagonismo handia dute istorioan, baina, nolabait, nobelaren egituran bertan ere badute islarik. Izan ere, Twitterreko idazkerarekin egin du jolas Arrienek. «Hitz gutxirekin asko esan behar duzu Twitterren, eta hori izan da nire erronka. Twitterreko hari luze baten modukoa da nobela, eta kapitulu bakoitza, berriz, txio bat». Atal motzak idatzi ditu, mezu labur bat emateko bakoitzean; horrek liburuari azkartasuna ematen diola uste du. Eta, aldiz, hiru pertsonaien arteko harremanak atmosfera pisutsuago bat gehitzen diola iruditzen zaio. Biak uztartu nahi izan ditu. «Hirurak hor dabiltza, hiruki horretan bueltaka eta bueltaka, arrainak arrainontzian moduan, eta horrek halako atmosfera bat ematen dio, nobelaren dinamikotasun hori nolabait hondoratu egiten duena pixka bat; azpira heltzeko berun puntu bat izatea polita dela iruditzen zait».

Molde horren berritasuna nabarmendu du Iñaki Aldekoa Ereineko editoreak. «Idazkera berria da ni bezalako irakurle klasiko batentzat; teknologia berriek nobelaren forma bera baldintzatzen dute. Nobelagile klasikoago bat gehiago barneratuko litzateke pertsonaien psikologian, baina hemen mundu horiek iradoki egiten dira, eta elipsi asko dago». Editorearen hitzetan, eleberrian «mundu gordinak agertzen dira, zoriontasun gutxi, eta frustrazio asko», baina aurrera egin ahala, ikasbide bat ere egongo da pertsonaiengan, bilakaera bat. Bat dator Arrien harekin: «Azkenean lortzen dute diren hori aurkitzea, eta pentsatzen dut estereotipoak bidean uzten dituztela, haiek apurtzeko adorea aurkitzen dutela, eta hobeto edo okerrago, zoriontasunaren bidean jartzen direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.