Abenduaren 18ko finalean, Nafarroa Arenako oholtzara igoko da Iñaki Murua (Gabiria, Gipuzkoa, 1956), eta berak jantziko dio txapela Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari. Hala adierazi du Bertsozale Elkarteak gaur goizean, egin duen lanagatik esker ona erakusteko asmoz.
Bertsolaria ez ezik, bertsoaren munduko eragile handia ere izan da Murua. Bertsolari zebilela, 1982an parte hartu zuen lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta 1986koan eta 1989koan finalera iritsi zen. Finalista izan zen Gipuzkoako 1991ko eta 1995eko txapelketetan ere.
Eragile gisa, «etengabeko lana» egin du, Bertsozale Elkartearen esanetan, «Gabirian bertan hasi eta Euskal Herri osoan ere bai»: 2005etik 2018ra, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen.
Ohar batean esan dutenez, gaur egun ere «figura oso garrantzitsua» da elkartean: «Maitasunetik eta zaintzatik aritzen da beti, eta bertso munduko gazte, heldu, boluntario, langile zein gertuko guztiek estimu handitan daukagu».