benat sarasola
Lauhazka

Interpretazioaren kontra (reprise)

2024ko martxoaren 3a
05:05
Entzun

Batzuetan, pentsatzen dut Susan Sontagen Against Interpretation saiakera literatura ikasketen graduaren lehen urtean ezinbesteko irakurgai gisa jarri beharko litzatekeela. Beste batzuetan, gurean halako gradurik ez dela oroitzen dudalarik, humanitateetako gradu guztien lehen mailan jarri beharko litzatekeela. Geroz eta gehiago, ordea, bigarren hezkuntzako lerro guztietako irakurgaien artean sartu beharko litzatekeela iruditzen zait.

1966an argitaratu zen testu bikain hori eta, benetan, interpretazioaren kontrakoa bainoago, gaininterpretazioaren kontrakoa da; hots, literatura testu bat hartu eta, haren azal eta hezurrekiko inolako kuidadorik gabe murgiltzearen kontrakoa. Garai hartan, nagusiki, kritika literario psikoanalista eta marxisten zenbait boladako ildo izan zituen jopuntuan Sontagek. Haren ustez, literatura obrak zanpatzera dedikatzen ziren ildo horiek, aurrez ezarritako beren teoriak berresteko helburu bakarrarekin, aurrean egokitzen zitzaien obrari itsu eta gor. Kasualitatez, berriki Jorge Semprún-en 1950eko literatura kritika batera itzuli naiz, zeinetan Carmen Laforet-en Nada nobelaren gainetik igaro baitzen sobietar tankeak Pragako kaleetan barna igaro ziren gisa antzekoan. Besteak beste, «nihilista» eta «kosmopolitismo erreakzionarioa» bezalako kalifikatzaileak baliatu zituen Nada-z jarduteko; gainera, kritika berean, Besós Bartzelonatik igarotzen delarik, Hemingwayren For Whom the Bell Tolls nobela «mostruosoa» zela adierazi zuen. Denbora ez da literatura kritikaren aliatu onena izaten sarritan, eta kasu honetan ere halaxe izan zen, Sontagek salatu zuen horren adibide ezin hobea izateaz gainera. Semprunek, artean Stalin-zale gotorra zela, ispiluzko betaurrekoak erabiltzen zituen literatura irakurtzeko, eta hala, parean egokitutakoaren ordez norbere burua eta norbere aurreiritzi eta teoriak ikusteko baino ez zen kapaza.

Sare sozialen garai hauek, besteak beste, garai hiper erretorikoak dira, garai hanpatu eta fazatiak, non, beste ezer bainoago, norbere burua zein lubakitan dagoen antzeztea baita garrantzitsuena (eta beti bi dira, ez gehiago, aukeran dauden lubakiak). Horregatik, egun ere Sontagek salatzen duen garaien antzeko testuinguruan gaude. Kiribil erretorikoak, interpretazio efektistak, epai seguruak, ezinbestekoak dira sare sozialen antzokian norbere posizio segurua ziurtatzeko.

Sare sozialen garai hauek, besteak beste, garai hiper erretorikoak dira, garai hanpatu eta fazatiak, non, beste ezer bainoago, norbere burua zein lubakitan dagoen antzeztea baita garrantzitsuena.

Horixe etorri zait burura Yorgos Lanthimosen Poor Things filma dela-eta sarean piztu den eztabaida irakurri dudanean. Auzia ez da filma ona edo txarra iruditu zaigun, kontua da hari buruz nola hitz egin duten zenbaitek beren epaia (irmo eta apelaezina, esan gabe doa) ebazteko. Oihartzun zabala izan du txiolari espainiar batek idatzi duen hariak, zeinetan argudiatzen saiatzen baita filma zergatik ez den feminista (bidenabar, irakurketa feminista aski interesgarriagoa suertatu zait Iris César Del Amok Pikara-n argitaratu duena). Hari horren abiapuntua jada aski esanguratsua da, baina hori baino gehiago, benetan deigarria dena da nola aletzen dituen filmeko hainbat sekuentzia, horietako bakoitzak esanahi zehatz bat eta bakarra izango balu bezala. Hau da, filmaren elementu bakoitza ekuazio sinple batera murrizten du txio bakoitzean: X elementuak Y (eta bakarrik Y) esan nahi du. Ezinbestez, Sontagekin akordatu naiz berriro, hark salatzen zuenaren adibide garaikide bikaina delako. Haren hitzetan «interpretatzeko joera moderno hau agresibitate ageriko batek bultzatzen du, (…) induskatu egiten du, eta induskatu ahala, suntsitu; testutik harago iritsi arte aztarrikatzen du benetakoa izango den azpitestu baten bila». Balizko benetako mezu hori da, modu obsesibo batean, halako saiakerek bilatzen dutena, eta bidean, literatura-obrarekiko mesfidantza da azaleratzen dutena.

(ID_13507154) \'Poor Things\' filmaren fotograma bat
Emma Stone aktorea, Poor Things filmean

Izan ere, ez da nekeza atzematea literatura eta arteekiko sakoneko ikara eta arbuioa halako ahaleginen inkontzientean. Arteen lengoaia berezia ez ulertzeak sortzen duen ezinegona sumatzen da lehen segundotik (Sempruni ere ezinegon bera sumatzen zitzaion 1950an), soilik heziketa literario eta artistikoz senda daitekeena.

Auzia da badirela hamarkada batzuk literatura- eta arte-ikasketak aski ahulduta agertzen zaizkigula hezkuntzan zein debate publikoetan, eta periferikoak diren bestelako diskurtso soziologiko, politiko, antropologiko eta abarrekoak gailendu direla literatura eta arteari buruzko diskurtsoetan. Jakina, hurbilpen horien zilegitasuna ez du inork ukatuko; arazoa sortzen da, arteen lengoaia bereziari itsu eta gor, Sontagek aldarrikatzen duen «artearen erotikaren» aldean artearen bortizkeria moduko bat praktikatzen dutenean, arestian aipaturiko testuinguru hiper-erretorikoan nahi baino gehiagotan gertatu ohi den bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.