Interneten erabilerak kezka sortzen du. Normala da, pantailei itsatsita bizi gara, neu ere bai. Batez ere nerabeek arduratzen gaituzte, ordea: zaurgarriak dira, nortasuna garatzen ari dira eta ez dute behar besteko gaitasunik erreminta horiek ongi kudeatzeko.
Auziari heltzeko, Altxa Burua ekimena sortu da herri askotan eta, irakurri dudanez, 16 urtera arte gaztetxoek mugikorrik ez izatea defendatzen du hainbatek. Ni nerabea nintzenean ere bazen ika-mikarik. Ea norekin ari zaren hizketan messenger bidez, nor ote da foro horretan nick eta abatar horren atzean ezkutatzen dena, eta nork esaten dizu blog hori idazten duena fidagarria dela? Nik 16 urte nituenerako musika mordoxka bat deskargatua nuen, nire herritik kanpoko jendearekin txateatzen nuen eta musikari buruz aktiboki aritzen nintzen foro batean. Gordinago: nire identitatea eraikitzerakoan zentralak izan diren musika, film eta liburu asko Internet bidez ezagutu nituen eta ditut, nire inguruan nekez topa nitzakeenak. Are argiago: nerabezaro hura izan ez banu, ni ez nengoke hemen zuei idazten.
Zentzuzko kezka hau irakurri nuen sarean orain gutxi: «Jakin nahi nuke 16 urtetik beherakoei mugikorraren erabilera debekatzea defendatzen dutenek zer asmo duten haiek musika entzun dezaten». Ze gaur egun etxe gehienetan ez dago CD erreproduzitzailerik, ezta autoetan ere, lagun artean ez dute disko piratarik partekatzen. Non entzungo dute musika? Gurasoekin, eskutik helduta?
Nik neuk ordenagailu finko bat erosi dut etxerako, soinu ekipoa berreraikitzen ari naiz nire semeak musika entzunaldi aktiboago bat ezagutu dezan formatu fisikoaren bitartez, streaming-ak proposatzen duen «hondoko musika» markoaz edota batetik besterako salto azkarraz haragoko zerbait bizi dezan. Helburu berarekin erosi dut espazioa lainoan eta streaming zerbitzu propioa eraiki dut nire mp3 bildumarekin. Agian kontua ez baita pantailetatik askatzea soilik, pantailak askatzea ere ez legoke gaizki, bertan bestela aritzen ikastea.
Musikak ez du agian identitateak eraikitzeko inoiz izan zuen indar berbera, sare sozialek dirudite gakoa orain. Bilaka dezagun ba musika berriz ere arriskutsu eta, bide batez, baita Internet ere.