Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Internet II (Lapurreta)

2025eko martxoaren 23a
04:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez zenuke auto bat lapurtuko. Ez zenuke diru-zorro bat lapurtuko. Ez zenuke telebista bat lapurtuko. Ez zenuke film bat lapurtuko. Internetetik pelikulak jaistea lapurreta da. Lapurreta ilegala da. Pirateria krimen bat da». Irakurle gazteenek ez duzue jakingo zertaz ari naizen, baina beste askok jada identifikatuko zenuten 2000ko hamarkadan denok ikusi genuen iragarkia, filmak hasi aurretik jartzen zuten hura.

Orduan asko azpimarratzen baitzen pirateria delitua zela; filmak, abestiak, diskoak deskargatzea jokabide onartezina zen. Spotifyz aritzean oinarri ustez sendo hori ahaztu egiten da, ordea: konpainiak, bere eredua finkatzeko orduan, abestien artxibo itzela osatzeko material pirata erabili behar izan zuen. Behin haien aplikazioa findu zutenean, orduan hasi ziren diskoetxe handiekin egile-eskubideez hitz egiten.

Marta G. Francok dio hiru aldiz lapurtu digutela Internet. Lehen aldiz, sarea existitu ahal izateko ezinbesteko azpiegitura —konturatu ez arren, kable erraldoiak doaz alde batetik bestera— erakunde publikoetatik enpresa pribatuetara pasatu zenean; bigarrenez, Web 2.0 delakoarekin, enpresak gure borondatezko lana ustiatzen hasi zirenean: gu sortzen hasi ginenean ezinbesteko duten edukia edo, bestela esanda, produktua gu izaten hasi ginenean; eta, azkenik, inoiz matxinada prestatzeko baliagarri izandako sare sozialek komunikazio eraginkor baterako bitarteko izateari utzi ziotenean.

OpenAIk, ChatGPT eta Dall E proiektuen atzean dagoen enpresak berriki esan du halako AA erremintak copyright-legeak hautsi gabe garatzea «ezinezkoa» dela. Gordin esanda: AA entrenatzeko, gure lana lapurtzen ari dira. Zenbait, arrazoi osoz, Aaron Swartzez oroitu da: artikulu akademikoak (70gb) eskuragarri jartzeko asmoz deskargatzeagatik atxilotu, eta judizialki jazarri zitzaizkion; Metak gauza bera egin berri du (81Tb) bere AA prestatzeko. Bere buruaz beste egin zuen Swartzek.

Eredu digital aldakorretara egokitzeak negozio eredu berriak egonkortzea esan nahi du, ez besterik. Spotifyren ordez liburutegi digital publiko erraldoiak izan genitzakeen, baina halakorik egiten saiatzea lapurreta litzateke, kapitalismoak berezkoak dituen itxiturak hausten saiatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.