Ez dago ilunik argirik gabe, eta Arrate Egañak (Errenteria, Gipuzkoa, 1963) eskala osoa jaso nahi izan du Itzalen distira liburuko ipuinetan (Erein). Ezohiko egoeretan harrapatutako pertsonaiak marraztu ditu, eta sakrifizioaren orbana sumatzen du denengan: oroitzapen lazgarri bat atzean uzteko beharra duen preso ohia, aitaren hileta elizkizuna fede krisi betean dagoen apaizaren esku utzi nahi duen andre ateoa, fikzioaren adikzioak zulo batean sartu duen emakumea... «Bi aldeetan jarri naiz, irakurleak erabakitzeko zer posiziotan jarriko litzatekeen bera».
Ipuinen giro errealista bihurritu egiten da uneren batean. Zein izaten da haiek idazteko bidea?
Gustatzen zait egoera batzuk luzatzea muturreraino, erradikalagoak bihurtzea, eta ikustea pertsonaiek nola funtzionatzen duten egoera horiekin. Askotan, ideia bera nahiko eroa da hasieratik. Esaterako, azken ipuinaren ideia, ehiztaria ehizatua izatearena, beti eduki dut buruan. Olga Tokarczuken Erabili goldea hilen hezurren gainetik liburua ildo horretatik doa, eta asko gustatu zitzaidan, bai ideia, bai nola dagoen idatzia.
Gogor bukatu duzu liburua, 'Mercy' eman izeneko ipuin horrekin. Istripuz hildako ehiztarien misterioa argitzen da...
Bai, agian inpaktantea da pertsona askorentzat... Batek esan zidan gehiegizkoa zela. Igual oso zerebrala da, oso hotza, baina banaiz animalien eskubideen aldekoa. Historia osoan asko sufritu dute, erori dira bata bestearen atzetik, eta orain, nahiz eta gauza batzuk lortu, ez da nahikoa, ezta urrutitik ere. Mendeku txiki-txiki bat da. Naturara ere asko jotzen dut. Agian pixka bat idealizatuta, zeren, ikusten duzu, nire mundua oso urbanoa da, baina inportantea da niretzat.
Lehen ipuinak, Marquez izenekoak, Gabriel Aresti saria irabazi zuen, 2013an. Lagundu zizun libururako tonu bat sortzen?
Egia esan, denboran pixka bat aparte doa dena. Liburua osatu aurretik, ipuin guztiak eginak nituen, argitaratu direnak eta kanpoan utzi ditugun hiruzpalau, eta gero editatu genituen argi-ilunen gaiarekin lotura zutenak.
Gai hori gogoan izan zenuen idaztean, ala edizioan atera da?
Konturatzen nintzen hor nenbilela, zeren, ideia hori muturreraino eramanda, iristen zara sakrifiziora. Zerbaiten alde egiten duzu, zu izorratuta eta bestea onuragarri irtenda. Ideia hori beti interesatu zait: nola denbora guztian aukeratzen dugun zer pauso eman, eta nola beste batzuk atzean gelditzen diren. Ni batzuetan kontziente izan naiz atzean utzi dudanak sekulako mina eman didala. Batzuen sakrifizioa besteen onura dela ikusten da ipuinetan.
Egoerak muturrera eraman arren, pertsonaien psikologia garrantzitsuagoa da edozein gertakari bitxi baino.
Interesatzen zait pertsonaiak ez izatea alderrai dabiltzan aktore batzuk, baizik eta pisua izatea. Nahiz eta ipuinetan orrialde gutxi eduki beren istorioak garatzeko, saiatzen naiz lehenbailehen zehazten, eta hor jokoan sartzen dira emozioak. Uste dut batzuei nire ipuinak pixka bat hotzak egiten zaizkiela; niri asko interesatzen zaizkit emozioak, baina ez naiz batere sentimentala. Umorea erabiltzea ere gustatzen zait, eta uste dut umorea eta sentimentalismoa ez datozela bat.
Atzetik istorio interesgarria dute, adibidez, Imsersoko bidaiara gogoz kontra doan emakumeak, edo umetako bere antza duen neskatila batekin obsesionatzen denak.
Gainera, bi horiek adineko pertsonak dira, eta azken bolada honetan asko erreparatzen diet horrelako pertsonei eta pertsonaiei. Askotan tratatzen ditugu, bereziki emakumeak, esanez bezala: «Bueno, ja zaharrak dira, bideratu egin behar ditugu». Ematen du zahartzen zarenean uzten diozula pertsona normala izateari. Saiatu naiz emakume libreak jartzen.
Ipuinetako gizonak ere ez dira oso ohikoak; bortxatutako preso ohia, adibidez.
Denak dira pixka bat atipikoak, bai. Emakumeak ahaldunduta proiektatzen ditut, boterea ematen diet, nahiz eta protagonistak ez izan. Bortxatua izan den gizon bat ere arraroa da. Eta Itzalak ipuineko gizona negar batean hasten da jakiten duenean bere amorantea gaixo dagoela. Maitasunagatik negar egitea ere ez da oso ohikoa.
Haurrentzako lanak maiz argitaratu arren, eten luze samar bat izan duzu helduen literaturan.
Nire idazteko erritmoa aldakorra da, irregularra. Segun nola nagoen... Ez da bakarrik lana, ez da bakarrik denbora. Neuk egon behar dut idazteko moduan. Umeentzat idazten oso ondo pasatzen dut. Ni hasi nintzen idazten helduentzat, gaztelaniaz —Filologia Hispanikoa ikasi nuen—, eta alabak jaio zirenean interesatu nintzen mundu horrekin. Inoiz ez dut utzi helduentzako literatura. Idaztea ez da izaten erabaki kontziente bat, intuizioari men egiten diot.
Orain, ari zara idazten?
Ba, ez, momentu honetan ez asko. Ikasturtea lan askorekin hasi dut, eta, zorionez, liburuarekin deitzen didate toki batzuetatik. Orain ari naiz kasik inkontzienteki idatzi ditudan gauzei buelta bilatzen: zergatik dikotomia hau, umorea nola... Baditut proiektuak, baina ez naiz hasi idazten.
Zeuk marraztutako koadro baten zati bat eraman duzu azalera. Pinturak zer leku du zugan?
Beti pintatu dut, txikitatik. Azaleko koadroa duela urte pila bat egin nuen, eta orduan ere sakrifizioaren ideia nuen buruan. Gustuko dut pintatzea, baina ahal dudanean bakarrik egiten dut.
Arrate Egaña. Idazlea
«Interesatzen zaizkit emozioak, baina ez sentimentalismoa»
Fikziorako grinak eraman du Egaña ezohiko pertsonaiak ezohiko egoeretan ipintzera 'Itzalen distira' liburuko ipuinetan. Arrotza etxekotu du, sakrifizioaren bi aldeak ulertzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu