KRITIKA. Musika

Intentsitatea melodiaz nahasturik

METZ taldearen'Up On Gravity Hill' diskoaren azala.
METZ taldearen'Up On Gravity Hill' diskoaren azala.
2024ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun

METZ

'Up On Gravity Hill'

 

Diskoetxea: Sub Pop / Popstock!

Kanadako METZ noise rock taldearen bosgarren iraupen luzeko lanak, Up On Gravity Hill izenekoak, Alex Edkinsek, Hayden Menziesek eta Chris Slorachek osatutako hirukoteak izandako soinu bilakaera esanguratsua irudikatzen du. Bere ibilbidean zehar, Torontoko hirukoteak hasierako proposamena zehaztu du, horren ezaugarri nagusia intentsitate handia eta zaratatsua izanik, baina ñabardura berriak ere sartu dituzte honakoan, eta doinu melodikoagoak eta esparru atmosferikoagoak esploratu dituzte.

Diskoaren irekitzen duen abestiak, No Reservation/Love Comes Crashing izenekoak, ikuspegi berritu horren tonua ezartzen du. Sei minutu baino gehiago irauten duen abestia ohiko katramila distortsionatuetatik crescendo inguratzaile batera iristen da, Owen Pallett konpositorearen biolinen presentziak aberastuta. Sendotasunaren eta fintasunaren arteko kontraste den adibide hau disko osoan zehar mantentzen dela esan daiteke. Hala gertatzen da beste abesti batzuetan ere, 99 eta Superior Mirage kantuek taldearen bultzada frenetiko eta urratzaileari eusten baitiote, baina ahots-harmoniak eta popetik hurbilago dauden egiturak txertatzen baitituzte, konposizioei sakontasuna ematen dieten soinu-tentsioak sortuz. Bestalde, Glass Eye eta Never Still Again bezalako abestiek eremu psikodelikoak eta ingurumenekoak esploratzen dituzte, elkarri lotutako gitarren testura eta geruzei lehentasuna emanez.

Azpimarratzekoa da METZek naturaltasunez integratzen dituela joera berri horiek, haien esentzia alde batera utzi gabe. Menziesen eta Slorachen atal erritmikoak bere sendotasun gupidagabeari eusten dio; Edkinsek, berriz, trebetasunez uztartzen ditu katarsi zaratatsuen uneak eta pasarte melodikoago eta kontenplatiboagoak bere ahots eta gitarra lerroetan.

Hitzen aldetik, Up On Gravity Hill kantuak gai existentzialak jorratzen ditu, hilkortasuna eta bizitzaren iragankortasuna kasurako, baina ikuspegi zuzen eta zorrotzarekin, erraietatik aterata, Edkinsen beraren hitzetan. Zintzotasun emozional horrek goia jotzen du Light Your Way Home amaitzen doanean. Balada hauskor horretan, abeslariak Black Mountaineko Amber Webberrenarekin lotzen du bere ahotsa, giro hunkigarria sortuz.

Up On Gravity Hill lanak METZ taldearen eraldaketa artistikoa sendotzen du, jatorrizko nortasunari eutsiz baina soinu-espektroa lurralde finago eta kontenplatzaileagoetara zabalduz. Nahiz eta aldaketa horrek hasierako soinuaren jarraitzaile sutsuenen ilusioak zapuztu ditzakeen —zaila iruditzen zait hala ere, aldaketa ez baita hain drastikoa, eta eboluzioa naturala baita—, diskoak hirukotearen heldutasun sortzailea eta benetakotasunik galdu gabe eboluzionatzeko gaitasuna erakusten ditu. Inongo konplexurik gabe bidean aurrera doazela nabari da, nondik datozen ahaztu gabe, baina garaian sentitzen dutena eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.