Idazlea

Anjel Lertxundi: «Inspirazioaren atzean urteetako apunteak, erreferentziak eta azpimarrak daude»

Idazle gisa literaturak eman dio prestigioa, baina euskal prentsak izan duen kolaboratzailerik oparoenetako bat ere izan da Anjel Lertxundi. Hogei urte pasatsuan ekarpen antologikoa egin du.

Anjel Lertxundi, Zarautzen. G.U.
Anjel Lertxundi, Zarautzen. G.U.
garbine ubeda goikoetxea
2024ko urriaren 13a
05:10
Entzun

Eguneroko zutabeak ezinbestean eguneko gaietatik atera behar duela sinetsita, zer idatziko zuen jakin gabe jaiki izan zen egunero, BERRIAn zutabegile emandako hamalau urteetan. Hilean behingo hitzordura eta formatu luzeagora pasatu zen gero, BERRIAn betiere, oraintsu utzi duen arte.

Zutabeak eta iritzi artikuluak kazetaritzaren barruan sailkatu izan dira. Zer dira zuretzat?

Oso gaztetandik gustatu zait idaztea; lanbide bezala, kazetaritzan posible izan zitekeela iruditu, eta Nafarroako Unibertsitatean eman nuen izena hamazortzi urte nituenean. Oso azterketa harrigarria egin zidaten: ezertxo ere ez nuen idatzi: aktualitate arinenari jarraitzen ote nion besterik ez zitzaien axola. Arrastorik ez neukan garai hartan zer artista zegoen zineman, dantzan edo diskoetan, eta hori bezala, makina bat gauza. Suspenditu egin nuen, eta kalean gelditu nintzen.

Gero, zortea lagun, Mariano Ferrer ezagutu nuen, eta Egin sortu aurretik deitu egin zidan Kultura arloa antolatzeko. Ia bi urte eman nituen han, eta kazetaritzaz asko ikasi nuen. Beti interesatu zait kazetaritza, begira zenbateraino: zutabeak idazten emandako hamalau urteetan, argitaratzeko egun berean idazten nuen zutabea ―salbu kanpora irten behar nuen egunen batean―. Egun hartan zer zutabe idatziko nuen jakin gabe jaikitzen nintzen.

Zein izan dira zure iturriak?

Etxean bizpahiru periodiko jasotzen nituen, eta Interneten ere begiratzen nuen. Txinparta zerk piztuko zidan bilatzen nuen, eta horrekin egiten nuen. Zergatik? Halako artikuluei ere egunerokotasuna emateko. Ezin nintzen hasi sei hilabete lehenagoko kontu batekin, ez baldin bazen egun hartako zerbaitekin lotua.

Eta estilistikoki ere, gauza bera: zutabeetan ezin duzu idatzi nobelak idazten dituzun bezala; beste idazkera bat eman behar diozu, edo saiatu behintzat. Norabait joan behar izaten nuenean egiten nituen soilik salbuespenak, eta bizpahiru zutabe aurreratzen nituen, eguneroko martxari jarraitzerik ez nuelako izango.

«Estilistikoki ere, zutabeetan ezin duzu idatzi nobelak idazten dituzun bezala; beste idazkera bat eman behar diozu, edo saiatu behintzat»

Baina badira gai atenporalak ere.

Bai, baina eguneroko zutabea ezin da atenporala izan: eguneko gaietatik atera behar du. Andoni Egañak ere eguneroko tenporalitate horri eusten dio. Gero bertsolariengana joango da, eta bertsolariak hau eta beste esango du, baina abiatu, gaurkotasunetik abiatzen da.

Egunkariak aipatu dituzu, baina egunkariek askotan betiko gaiak dakartzate, eta hainbeste urtean hainbeste gai ateratzea misterio handia izan liteke. Zerk inspiratzen zaitu?

Hor, Berbelitzen kasuan bezala, urteetako apunteak, erreferentziak eta azpimarrak daude inspirazioaren atzean. Txikitatik izan dut liburuak irakurtzeko eta azpimarratzeko ohitura. Azpimarra memoria lantzeko teknika ere bada: interesatzen zaizuna gorde egiten duzu zure artxiboan, eta zure artxiboa azpimarra da. Nik beti izan dut memoria ona, baina letretarako bakarrik.

«Orain dakidanarekin, duela hogei urte Martxelok [Otamendi] eguneroko zutabea edo hileroko orrialde osoa aukeran eman izan balizkit, egunerokoa aukeratuko nukeen»

BERRIAn bi formatutan aritu zara, bateko egunero, eta besteko hilean behin. Zer eman dizu bakoitzak?

Hilabetean behin idazteak lan handiak eman dizkit. Orain dakidanarekin, duela hogei urte Martxelok [Otamendik] eguneroko zutabea edo hileroko orrialde osoa aukeran eman izan balizkit, egunerokoa aukeratuko nukeen.

Oso formatu diferenteak dira. Egunerokoa elementu batekin egiten duzu, txispa batekin. Eta bestean, hamar txisparekin ere ez duzu ezer egiten: landu egin behar duzu, oso serio landu ere; beste lan klase bat da. Ziurtasun minimo bat behar duzu halako testuak idazteko.

Eta segituko nukeen, baina osasun bolada pattala pasatu dut, eta atsedena behar nuen. Ez da beste motiborik izan; ez naiz aspertu.

Utzi duzu inoiz gairik idatzi gabe, ausardia faltaz adibidez, edo ez zenekielako nondik heldu?

Ausardia faltaz ez, hori inoiz ez. Baina gaiaz nahikoa jakin ez eta intuizioz bakarrik aritu beharko nukeelako, adibidez, bai.

Politikaren alor hurbilenarekin ez naiz askorik aritu. Interesatzen zait herritar moduan, eta hala behar du gainera, baina horrek bere martxa darama, eta idazten hasi nintzenetik literatura eta euskara izan dira nire asaba zaharren baratzean landu ditudan alor nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.