Inozokeria ez da gutxi batzuen sintoma hutsa

'Ergela' antzezlana estreinatuko dute gaur Sara Cozarrek eta Joseba Apaolazak, Bilbon. Komedia izan arren, gai sakonak landuko dituzte

Maider Galardi
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Egunkarian iragarkia ikusi, eta protagonistak modu inozoan pentsatu du dirua azkar irabazteko aukera erraza izan daitekeela ikerketa psikologiko baterako izena ematea. Ohartu gabe, ordea, irtenbiderik gabeko zurrunbilo batean ikusiko du bere burua, eta ahalik eta ongien kudeatu beharko ditu, derrigorrez, psikologoak jartzen dizkion amarru guztiak. «Ergela» izan da lan horrekin dirua erraz lor zezakeela pentsatzegatik, baina Joseba Apaolaza aktoreak argi du: «Gizarte honetan denok gaude apur bat ergelduta». Egungo testuinguruari eginiko kritika da Txalo ekoizpen etxeak aurkeztutako Ergela antzezlana; umorez egina, eta hausnarketako aukera emanez. Gaur estreinatuko dute Begoña Bilbaok zuzendu eta Cozarrek eta Apaolazak antzeztutako obra, Bilboko BBK aretoan.

Jordi Casanovasek idatzi du antezlana, eta Martin Agirrek ekarri du euskarara. «Oso testu erraza da; gidoiak ongi islatzen ditu pertsonaien gorabeherak», azaldu du Apaolazak. Izan ere, ez da samurra ordu eta laurdenez tentsioa mantentzea bi lagunen arteko elkarrizketan. Gainera, jatorrian komedia izan arren, pertsonaiek gai serioen inguruko gogoetak ere egiten dituzte, eta barre algarak isilune bihurtzen dira segidan: «Hasierako tonu barregarria atzean utzita, maltzurkeria nabarmentzen da antzezlanean». Trama arina izan arren, elkarrizketa gero eta sakonagoa bilakatzen da istorioan aurrera egin ahala.

«Hala ere, publikoak ez du aspertzeko astirik izango», ohartarazi du antzezleak. Oinarrian, gizon heldu baten istorioa kontatzen da. Arazo ekonomikoak dituenez, izena ematea erabakitzen du korporazio handi bateko ikerketa psikologiko baterako, dirua erraz lortuko duelakoan. Cozarrek egiten ditu psikologo lanak, eta ataka bizian jartzen du Apaolaza: «Haren amarruek estu hartzen dute nire pertsonaia; asmakizunak, galderak, ebazpenak... denetarik erantzun behar izaten dut».

Hori da, Apaolazaren ustez, obraren pizgarri nagusietako bat: «Psikologoak niri egiten dizkit galderak, baina publikoan daudenak ere erantzun bila aritzen dira. Nahi gabe, obraren barnean sartzen ditugu ikusleak». Horretarako, ordea, aktoreek tentsioa mantendu behar izaten dute antzezlan osoan. Cozarrek tinko heltzen die Apaolazaren erantzunei, eta Apaolazak, azkenerako, erakusten du ez dela hasieran uste bezain inozoa: «Edonor izan zitekeen enpresaren esku dagoen ergel hori, eta, hala ere, enbatari aurre egiten saiatzen da».

Hartu-eman horretan igartzen da Cozarrek Apaolaza kontrolpean hartzen duela: «Estatus kontu bat da. Nire gainetik jartzen da Sara». Hierarkia hori irudikatzeko, berriz, esaldi laburrak, erantzun zakarrak eta elkarrizketa bitxiak uztartu dituzte. «Ezinbestekoa izan da elkarren arteko konplizitatea», azaldu du Apaolazak. Izan ere, 40 egunean prestatu dute antzezlana, eta elkar ulertze hori lagungarria izan da prozesuan: «Bata bestearen eskuetan gaude oholtza gainean; kontzentrazio handia behar dugu».

Ez da elkarrekin lan egiten duten lehen aldia, baina orain arte ez dira eszena gainera biak bakarrik igo. Besteak beste, DBH telesailean eta Uda gau bateko ametsa antzezlanean egin dute topo, baina horietan askoz ere kide gehiagoz inguratuta egon ziren.

Bestalde, eszenografia berezia izango dute. Bulego soil baten antzeko gela bat osatuko dute, baina Apaolazarentzat kartzela baten modukoa bilakatuko da: «Sararen galderek eta gela itxi horrek harrapatuta geldituko da nire pertsonaia».

Gaur-gaurko gaia

Itxitura sentsazio hori publikoari helaraztea da asmoa; izan ere, Apaolazaren esanetan, gaurkotasun eta sinesgarritasun handiko istorioa baita kontatzen dutena. Batetik, gero eta ohikoagoa da osasun probak egiteagatik dirua irabaztea. Bestetik, Apaolazak iradoki du gero eta ikerketa gehiago egiten direla gizakien inguruan, hain justu gizakia are gehiago edukitzeko kontrolpean: «Egunero sumatzen dugu dena ez dagoela gure eskuetan. Zein bizimodu eduki behar dugun, zein diren gure beharrak, zein asebideak... badago hori kontrolatu nahian dabilen jendea».

Hain zuzen ere, horixe da antzezlanaren gakoa: «Denok izan gaitezke engainatuak, inozoak, ergelak», azaldu du aktoreak. Finean, edonor izan zitekeen pertsonaia nagusia, eta horregatik, obrak gogoetarako hainbat gako eskaintzen ditu, komedia tonuan. «Genero trabestismoa da hori» azaldu du Apaolazak. Komedia tankerako antzezlana izan arren, sarri aldatzen dute estiloa. Aktorea ohartzen da hautu horrek dituen arriskuez, baina uste du hori dela, hain justu, antzezlanari bizitasuna ematen dion aldagaia. Oholtza gaineko gorabeherek ikuslearengan duten eragina, etengabe tentsioari aurre egin nahia eta barre eginarazten duten elkarrizketak osagai bikainak dira ikuslea antzezlanean erabat murgiltzeko.

«Uste dut jendea ez aspertzea bermatu dezakegula», ziurtatu du Apaolazak. Hori da entseguetan izan duten inpresioa. Gaur, ordea, ikusleen aurrera egingo dute jauzi, lehendabiziko aldiz. «Gogotsu» daude aktoreak: «Jendeak gustuko izango du, ziur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.