Inoren Ero Ni, nor bere perlen bila

Lau kanturekin ondu dute 'Il cercatore di perle' lan berria. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute gaur, eta Gasteizko Jimmy Jazz-en bihar

Ezkerretik eskuinera, Hurtado, Guantxe, Iglesias eta Abrego. ARIADNE ARAN.
itziar ugarte irizar
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Hona hemen, Inoren Ero Ni./ Bidehutseko irrati mugikorreko/ DJ zaharra eta Jaizzaren dukeak./ Gaindosiarekin gara./ Gure deabru laztanak lagun gaitzala/ zuen ezinegona elikatzen». Hala dator, Okene Abregoren ahotsean, Inoren Ero Niren disko berria: Il cercatore di perle. Atzean entzuten dira Iñaki Guantxeren bateria kolpeak, Mariano Hurtadoren baxua eta Borja Iglesiasen gitarra hotsa. Amen eta orain da diskoa abiatzen duen kantu hori, eta Inoren Ero Ni «hemen eta orain bizitzeko» taldea dela dio Abregok. Hainbat tokitan aurkeztu dute jada disko berria: Baionako Le Magneton, Donostiako Le Bukowskin eta Ondarroako Portuko Ranpin (Bizkaia)... Eta bero sumatu dituzte zaleak kantu berrien aurrean. «Kostatu zaie, baina uste dugu jendeak gero eta gehiago ulertzen gaituela. Hori nabaritu egiten da. Dantza egon da kontzertuetan, gogoa, jendearen aldetik eta gure aldetik».

Taldeak 2004an kaleratu zuen lehen lan luzea, Inoren ero ni, orain artean plazaratutako disko luze bakarra. Gronhölm (2008), Fosbury (2009) eta Fregoli (2011) EPek osatutako trilogia eman zuten gero —azken hori grabatuta zegoela sartu zen taldera Guantxe, Mikel Abregok utzitako lekua hartuz; aurretik, Xabier Olazabal Drake-ren lekua hartu zuen Hurtadok, Gronholm grabatu ostean—. Egungo laukoak elkarrekin ondutako lehen lana Iennei izan zen, 2016an. Eta hauxe dute bigarrena. Lau kantuz osatuta dago, eta soinua «oso eurena» dela aipatu du Abregok: «Oso hartuta dugu. Biniloan ere soinua fina izateko atera dugu. Topikoa da, baina uste dut den-dena entzuten dela bikain disko honetan».

Azken urteetan kontzertuak hasteko erabili izan dute Amen eta orain, tokian tokira egokituz letra. Haren ondotik datoz diskoan Minaren gauzatzea, Il cercatore di perle eta Zerria. «Motza da, baina ni pozik nago behintzat atera dugulako zerbait. Gure faktorian gauza asko egiten ditugu, baina mugatuago gaude orain». Pozik Abrego, halaber, aurretik egin gabeko zerbait ontzea lortu dutelakoan: «Zaila zirudien ezer berria egitea, baina uste dut egin dugula urrats bat. Aurretik egin gabeko disko bat da: oso bat-batekoa izan da dena. Estudioan bertan eraiki zen abesti bat (Zerria), beste bi bertan bukatu genituen (Minaren gauzatzea eta Il Cercatore di perle), eta horrek naturaltasun bat eman dio. Konposizioek ere erakusten dute bagoazela gure bidean aurrera».

Abrego arduratzen da batik bat kantuen hitzez, eta, alderdi horretan, adierazi du umorerantz gerturatzen saiatu direla. «Umorea zaila egiten da gure eszenan, eta guk faltan hartzen dugu». Diskoari izena ematen dion kantuan italieraz abestu du, eta hori ardatzean daramaten askatasunaren erakusle dela dio. «Musikan, melodian, hitzetan... beti dago jolas aske hori. Maite dut italieraren sonoritatea, eta lagun italiar bati eskatu nion Borjak espainolez idatzitako testu hau itzultzeko».

Aurten hemezortzi urte

Taldearen lehen lanak 2004ko data daraman arren, kideek 2002an kokatzen dute hasiera. «Ia bi urte egin genituen laborategian», Abregok. Hemezortzi urte dira ordutik, eta aurrera doan bide batez mintzo da kantaria. Hasierako urteetan BAPen itzala aipatzen bazen ere, «gaindituta» ikusten du, eta, egotekotan, taldekideen beste proiektuen lorratzak ere hor direla dio: El Hombre Burbuja (Hurtado), Purr (Iglesias), Lobo Electrico (Guantxe)... «Batzuetan zama da beti gogoratu beharra nondik gatozen; baina ez gara damu, harro gaude». Inoren Ero Ni orain «deskubritzen» ari direnak gero eta gehiago direla ere aipatu du. «Eta hori guretzat kristorena da. Egun gauden une madarikatu honetan, teknologia berriak eta gailuak ohitura asko ari dira irensten. Baina gurea bertan bizitzekoa da». Bilbon ariko dira gaur, Kafe Antzokian, eta Gasteizen bihar, Jimmy Jazz aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.