Iazko abendua zen. Covid-ak ohean etzanda egotera behartu ninduen, eta urte osoan zehar mesanotxean oharkabean pilatu zitzaizkidan liburuak irakurtzeko tenore ezin hobea fortunatu zitzaidan. Egonaldi haren oroitzapen bikaina daukat, batez ere urte osoan baino liburu gehiago irakurtzeko parada izan nuelako. Ohe ondoko mahaitxoko paperezko dorreari begiratu, eta han agertu zen liburu-dendara egindako bidaldi ohiko horietakoren batean, izenburuak erakarrita lehenbizi eta azalak ondoren, erositako liburua, Grekoko eskola, Han Kang idazle korearrarena.
Egilea bera ezaguna zitzaidan, sareetan aurreko liburu baten erreseina goresgarri asko irakurriak nituelako, Begetarianoa; astirik ez, ordea, liburua irakurtzeko. Haragirik apenas jaten ez dudan arren, helenofiliak pisu gehiago du nigan, antza, eta horrexegatik heldu nion zuzenean iazko eleberriari.
Liburua «Borges» hitzak hasten duen arren, berehala nabaritu nuen egileak baduela berezkoa den estiloa, irakurtzera ohituta nagoenaz oso bestelakoa. Korearra izateak akaso zerikusia izan zezakeela pentsatu nuen neure artean, beste kultura batekoa, alegia, ez europarra ez amerikarra, desberdina, sotila, berezia, harrigarria. Estiloaren afera, aitzitik, kulturari ez ezik egileari berari dagokion zerbait dela ondorioztatu nuen irakurtzen amaitu ahala.
Gaia bera ere sentibera da oso, poetikoa, geruza ugariz osaturikoa, eta ez oso ohikoa, ez bereziki erakargarria begiratu batean, non eta irakurleari ez zaion greko klasikoko eskoletara joatea erabakitzen duen emakume baten eta bere irakaslearen arteko harremanari buruzko istorioa interesatzen. Irakasleak protagonistari grekoz idatzitako testu bat irakurtzeko eskatzen dionean, ikaslea mutu gelditzen da, eta mututasun horren korapiloa askatzeko orriak pasa behar ditu irakurleak, txunditurik. Irakaslea, aldiz, pixkanaka itsu gelditzen ari da, eta ahotsak eta begiak elkarren arteko beharra izango dute haien eza eramangarria egin ahal izateko.
Ikusi gehiago
Greko klasikoa ikasten hasi nintzen hasierako urteen oroipenera zuzendu ninduen eleberriak, ni neu ere mutu gelditu nintzelako, eleberriko protagonista bezalaxe, irakasleak testua ozen irakurtzeko eskatu zidanean, gela osoaren aurrean. Nire mututasuna, ordea, oso bestelakoa zen, ezjakintasunean baitzuen oinarria. Artean ez nintzen ama eta ez ninduen mututu zortzi urteko ume baten zaintza eskubidea galtzeak, protagonistari gertatzen zaion gisara.
Grezieraz jasan (πᾰθεῖν) eta ikasi (μαθεῖν) aditzak oso antzekoak dira; Sokratesek zioen moduan, agian ikastea eta pairatzea tankerako ekintzak direlako, elkarrengandik oso hurbil daudenak. Eta bi aditz horietan lerratzen da batik bat eleberriaren bilbe nagusia. Korear idazle batentzat hain hizkuntza arrotza izan daitekeen arren, protagonistak grekoan aurkitu zituen falta zitzaizkion babesa eta segurtasuna. Inor ez da arrotz sentitzen seguru dagoen toki batean.
Covid-a sendatu zitzaidan liburua amaitu eta gutxira, baina hurrengo egun luzeetan haren oihartzunak bizirik jarraitzen zuen nire buruan. Badira gugan hazi bat landatzen duten liburuak, eta horietako bat da Literaturako Nobel Saria eskuratu berri duen Han Kang idazlearen Grekoko eskola.