Inoiz ere ez dira zoriontsuak izango

Eduardo Galeano uruguaiarraren 'Latinoamerikaren zain urratuak' argitaratu du UEUk. Aurten 50 urte dira lehen aldiz plazaratu zela. Iñaki Alegriak euskaratu du, eta Iban Zalduak egin dio hitzaurrea

Iñaki Alegria itzultzailea, atzo, Donostiako Udal Liburutegian. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
«Lanaren nazioarteko banaketa honetan datza: herrialde batzuk irabazten espezializatzen dira eta beste batzuk galtzen». Eduardo Galeano (1940-2015) idazle uruguaiarrak duela 50 urte argitaratutako Latinoamerikaren zain urratuak (1971) historia liburuko lehenbiziko esaldia da hori. Kolonizazio garaiko krimenetatik hasi eta 1969an buka, inperioek Latinoamerika nola ustiatu zuten kontatu zuen liburu mardulean, kronika laburren bitartez.

Horrenbestez, deskapitalizazioaren eta menpekotasun kulturalaren eta ekonomikoaren salaketa argia egin zuen Galeanok. «Gure munduko eskualdea, Latinoamerika deitzen duguna gaur egun, goiztiarra izan zen: galtzen espezializatu zen aspaldiko garaietatik, Errenazimentuko europarrek, itsasoan oldarturik, hortzak eztarrian sartu zizkiotenetik».

Liburua argitaratu eta gutxira, 1973an estatu kolpea izan zen Uruguain, Juan Maria Bordaberry Arozena lehendakariaren onespenarekin. Diktadura ezartzeaz batera, Galeano atxilotu eta bota egin zuten herrialdetik. Ondoren, Argentinan ere arrisku larrian zegoenez, Kataluniara aldatu zen 1976an, harik eta 1985ean Montevideora itzuli zen arte. Latinoamerikaren zain urratuak debekatuta egon zen Uruguain, baina baita Augusto Pinocheten aginte sasoiko Txilen eta Jorge Videlaren garaiko Argentinan ere.

Iñaki Alegria Loinazen itzulpenarekin eta Iban Zaldua Gonzalezen hitzaurre batez (Azpigarapena ez da garapenaren etapa bat; horren ondorioa da), UEUk argitaratu berri du Latinoamerikaren zain urratuak.

Zalduaren aitzinsolasaren ostean dago Galeanok liburuari egindako sarrera (Ehun eta hogei milioi haur ekaitzaren erdian). Segidan datoz liburuaren bi gorputz nagusiak: lehen atala (Jendearen pobrezia lurraren aberastasunaren ondorio) eta bigarren atala (Nabigatzaile baino naufrago gehiago duen bidaia da garapena). Galeanok 1970. urtearen hondarrean amaitu zuen idazketa. Eta liburuak bukaeran dakar idazleak bigarren ediziorako erantsi zion gibelsolasa (Zazpi urte geroago), 1978an Kataluniako Calella herrian idatzia.

Eranskineko pasartea da hau: «Nola ito kondenatutako gehiengo handien matxinada leherketak? Nola saihestu gehiengo hori gero eta zabalagoa izatea, sistema ez baldin bada baliagarria haientzat? Karitatea kenduta, Polizia geratzen da».

Iñaki Alegria itzultzaileak 1985ean irakurri zuen lehen aldiz Galeanoren liburua: «Nikaragua sandinistaren testuinguruan, Komite Internazionalistekin antolatzen ari ginen erakusketa baterako esaldi batzuk euskaratu nituen». Erretiroaz baliatuta, 35 urte geroago itzuli du osorik. Argentinan, Txilen eta Uruguain barrena ibili zen Alegria 2019ko otsailetik martxora bitartean. «Ibilaldi hartan itzuli nuen lehen atala, eta bigarrena atala, berriz, izurriteko itxialdian».

Aurkezpen ekitaldian, liburuari buruzko Galeano beraren hitz batzuk ekarri ditu Alegriak: «Badakit sakrilegiotzat har litekeela dibulgaziozko liburu honetan ekonomia politikoaz aritzea amodiozko edo piraten nobeletan bezalaxe, baina aitortu beharra daukat aldapa gora egiten zaidala kodean idazten duten soziologo, politologo, ekonomialari edo historialari batzuen lan baliotsuak irakurtzea». Galeanok akademiaz kanpoko irakurketa bat proposatu zuela iradoki du Alegriak: «Bidaia liburu baten antzera irakur liteke, denboran eta espazioan bidaiatzeko aitzakia aproposa eskaintzen du-eta».

Asmo eraldatzailea

Liburu hau euskaraz argitaratzea «gertakari bat» dela iruditzen zaio Zalduari. Hitzaldi labur bat egin du, 11 hitz hauen inguruan: klasikoa, booma, best-sellerra, militantea, Latinoamerika, dependentismoa, dibulgazioa, lekukotasuna, ironia, zorroztasuna eta historia ekonomikoa.

«Liburu hau klasiko bat da», esan du. «Eskualde oso bateko historia agertzen du. Eta klasiko bat da, gai bat zedarritu duelako eta garai bat markatu duelako. Denbora igaro arren, aldika bisita bat merezi du». Saiakera egile nagusitzat Octavio Paz jo du Zalduak. «Hala ere, Latinoamerikarenzain urratuak da hango literaturaren boom sasoiko saiakera ezagunena».

Liburu militantea da Zalduaren ustez: «Asmo eraldatzailearekin idazten hasi zen, 28 urte besterik ez zuela», kazetaria izanik aurreneko idazle urratsak egiten ari zela.

«Denuntzia liburua da: kontinente eta mundu kultural oso baten azpigarapenaren sustrai ekonomikoen genealogia bat». Lan akademiko batzuek erakutsi nahi izaten duten neutraltasunaren aldean «Galeanoren ikuspegia zintzoagoa da». Latinoamerikanismotik idatzitako liburu bat da, Latinoamerikaren batasunaren zentzu sakon batetik, azaldu du: «Eskualdearen ikuspegi bateratu bat ekarri zuen literatur boom hark, eta horren ondorioa ere bada historia eta ekonomia liburu hau».

Prosa zaindua erabili zuen Galeanok. «Maila akademikoa duten beste liburuetatik desberdintzen du ironia eta sarkasmo literarioak. Irribarre etsi bat ateratzen dizu. Modu eraginkorrean funtzionatzen du, daraman karga kritikoa indartu egiten baitu». Aldi berean, ironiak urrundu egiten du «panfletarismotik eta sermoilaritzatik».

Helburu militantea izanik ere, Zalduaren aburuz «zorroztasun eta zehaztasun intelektuala dauka, ondratua da». Bibliografia oparoz hornituta dago. «Ikuspegi diferenteak biltzeko lan handia egin zuen. Horregatik da oraindik erabilgarria, historia edo ekonomia edo edozein gizarte zientzia ikasten ari denarentzat».

Liburu honen amaierara iristen den irakurleari gogoangarria egingo zaio Galeanok azken pasartean gorde zuen atsekabe giroa, eta Simon Bolivarrek bere adiskide Rafael Urdanetari azken unean esandakoa: «Inoiz ez gara zoriontsuak izango, inoiz ez!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.