Polemika bat izan du nahi gabeko lagun gozakaitz Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusi ohiak (Errenteria, Gipuzkoa, 1966) Donostia 2016ko zuzendari izendatu dutenean. Egun duen kargua proposatu ziotenean, baiezkoa eman eta mezu elektroniko bat igorri zien Elhuyarreko lankideei, Donostia 2016 zuzendu behar zuela eta lantoki hura denboraldi batez utziko zuela jakinarazteko. Gero, ordea, lehiaketa publikoa egin zen zuzendaria hautatzeko, eta mezu hura prentsara bideratu zuen norbaitek. «Beti egon da nahiko adostasun, baina erabakiak hartzen joan ziren neurrian aldaketa batzuk egin ziren, eta dena oso publikoa zenez, polemika hori sortu zen», azaldu du Nogerasek. Polemikak hasiera mingostu badio ere, erakundeen eta lankideen adostasunak babestuta eta lanari ekiteko gogoz dago orain Nogeras. «Nahiz eta gaizki pasatu eta une batzuetan zalantzak ere izan, aurrera egiteko motibo asko izan ditut. Uste dut, gainera, Elhuyarren urte hauetan guztietan kudeaketa alorrean izan dudan esperientzia —Elhuyar ere kultura proiektua dela kontuan hartuta— baliagarria izan daitekeela gaur egun Donostia 2016 proiektuan ikusi diren beharretarako. Oso ilusionatuta nago, eta lantaldearekin oso gustura».
Zer neurritan zenuen ezaguna Donostia 2016 proiektua zure izendapenaren aurretik?
Hasieran, proiektuaren prestaketaren unean, eragileok deitu gintuzten eta egin ziren jardunaldi batzuetan parte hartu nuen, interes handiz. Hasieran zegoen dena, baina aukera baliagarria iruditu zitzaidan, eta abiapuntua oso interesgarria, balioetan oinarritua zegoelako. Ondoren, nahiz eta lana proiektuan zebiltzanek gauzatu, eragile moduan kolaboratzen jarraitu nuen.
Proiektua barrutik ezagutzen hasi zara. Asko aldatzen da ikuspegia?
Orain, barrutik, ardura handiarekin ikusten dut proiektua, eta oraindik ez dut guztiz neureganatu. Denbora gehixeago beharko dut, baina neureganatuko dut.
Zu zuzendari nagusi zarela, eta Guadalupe Etxebarria zuzendari kulturala, lantalde berria osatzen ari zarete orain. Nola doaz lan horiek?
Irailaren hasieran bederatzi lagunekin hasi ginen lanean, eta orain, 21 lagun izango gara. Eta taldetik aparte kolaboratzaile sare handi samarra ere badugu, eta hainbat eragile parte hartzen ari da. Lantaldeko kideen erdiak berriak garenez, eta gainera gehienak arduradunak, horretan ari gara orain. Jende guztiak jarraituko du, eta organigrama egokitzen ari gara arduradun berrien arabera. Garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea ez dagoela inor sobera, eta ari garela ardurak egokitzen, ez bakarrik pertsonen ikuspegitik, baita proiektuak dituen beharrak kontuan hartuta ere. Badakigu organigramak aldaketak izan ditzakeela gero. Esaterako, orain proiektuen alderdiak pisu handia du, eta proiektuak antolatzea garrantzitsua da, baina laster produkzioak izango du izugarrizko garrantzia, eta horrek organigrama egokitzea eskatuko du. Horrez gain, beste lan bat egiten ari gara orain: ahalegin berezi bat kultura alorra eta kudeaketa alorra guztiz uztartuta joan daitezen. Programa kulturala oso garrantzitsua da, baina kudeaketa ere ezinbestekoa, ondo antolatzen bagara proiektuak arrakasta handiagoa izango duelako.
Donostia 2016, ekintza zehatz batzuk baino gehiago, prozesu bat dela esaten duzue. Zein puntutan dago gaur egun prozesu hori, nondik norako bidean?
Guztira, 300 proiektu inguru daude. Proiektu horietako batzuk martxan daude, beste batzuk ideia hutsak dira oraindik… Oso fase ezberdinetan daude. Orain horiek denak zehazteko eta mugatzeko garaia da. Hori dena arlo kulturalean aztertzen ari gara, proiektuak dituen balioekin eta antolakuntzarekin ondo uztartzeko; itsasargiak deitzen ditugunekin: ahotsena, bakea eta elkarbizitzarena eta bizitzarena.
Herritar askok diote ez dakitela zer den zehazki Donostia 2016. Nola azalduko zenieke zuk, hitz gutxitan?
Gure planteamendua da Donostia 2016 gure sormenaren balioa onartzeko modu bat izatea, eta sormenaren eta kulturaren bidez elkarbizitzarako pausoak ematea. Prozesuak planteatzen dira eraldaketa gerta dadin gure bizitzetan eta gure harremanetan, ikuspegi irekiarekin. Elkarbizitzarako lurra hobeto landuta izaten lagunduko diguten prozesuak. Erronka anbiziotsua da, ez delako, beste kasu askotan bezala, ekitaldi jakin bat. Horrelakoak baditugu: Zinemaldia, Jazzaldia… Beste hiriburu batzuetan honelako aukerak baliatu dira horrelakoak egiteko edo eraikin fisikoak sortzeko. Hori dena, zorionez, badugu. Orduan, proiektu honek, hasieratik, balioak lantzeagatik izan nahi du erakargarria. Hori zaila da azaltzen, jabetuak gaude horretaz, baina ahalegin berezia egin nahi dugu. Dena den, badaude egitasmo jakin batzuk ere abian, Ondartxoko ontziolakoa edo Bakearen Ituneko erakusketak, adibidez. Horrez gain, kolaborazio esparruak ditugu Tabakalerarekin, Zinemaldiarekin eta besterekin, eta gehiago zehaztuko diren gauzak ere bai. Asmoa da egiten duguna ez izatea dagoeneko badugun zerbait, eraikitzen ari garen zerbaiten erakusgarri baizik, eta, gainera, nazioarteko ikuspegia kontuan izanda. Ez dugu ahaztu behar hau Europako Batzordeak bultzatzen duela.
Nazioarteko epaimahaiaren txostenak zer esan handia eman du, eta batzuek txosten hori gauzak gaizki egiten ari direla salatzeko erabili dute.
Txosten hori ikuskaritza baten emaitza da, eta ikuskaritza horretan epaimahaikideek estamentu guztiekin hitz egin zuten: lantaldearekin, patronatuko kideekin, batzorde politikoko kideekin... Eta horren gainean balorazio bat eta iradokizun batzuk egin zituzten. Lan txosten bat da, eta horren aurrean guk geure neurriak hartzeko eta geure erantzunak emateko aukera daukagu. Lidergoa falta eta lantalde sendo baten gabezia aipatzen ziren txostenean, baina azken hilabeteetan martxan jarri dira izendapen guztiak, patronatua osatu da, aurrekontua adostu eta finkatu da… Hori dena erabakita dago. Laster nazioarteko epaimahaiarekin lehenengo bilera ofiziala izango dugu Bruselan, urriaren 15ean, eta ordurako prestatua dugu txosten zehatz bat. Txosten horretan adierazten dugu aipatzen ziren hutsuneak beteta daudela eta hurrengo urratsak zein diren. Adibidez, finantza alorrean, diru iturriez galdetzen zuten, eta guk txostenean azalduko diegu finantzaketa pribatua nola bilatuko dugun.
Aurrekontuen jaitsiera ere aipatzen zen, datu kezkagarri moduan, nazioarteko epaimahaiaren txostenean. %5 ingurukoa da, izan ere, jaitsiera, 72 milioi eurotik 68 milioi eurora.
Esponsorizazioaren atalean jaitsi egin dira aurrekontuak, ikusita nola aldatu den koiuntura ekonomikoa. Instituzioen kasuan, jaitsieran eragin handiagoa izan du urteen egokitzapenak, benetako murrizketa batek baino. 2012an jaitsi egin ziren ekarpenak, baina ondorengo bi edo hiru urteetanhori zuzentzeko asmotan. Horrez gain, errealistago jokatzeko eta gaur egungo egoera ekonomikora hobeto egokitzeko, erabaki zen proiektuaren iraupena murriztea. Hasierako aurrekontuaren arabera, 2020 bitartekoa zen, eta orain 2018 bitartekoa. Proiektuak gailur handi bat izango du 2016an, ospakizunaren urtean, baina gero hondar batzuk geratuko dira eta horiek landu egin beharko dira. Baina 2020ra arte landu beharrean 2018ra arte landuko dira.
Politikaren injerentziaren inguruko kezka ere agertu zuten nazioarteko epaimahaikideek. Badirudi zaila dela herri honetan hori saihestea.
Guri eskatu digute, niri eskatu didate, proiektu hau modu independentean kudeatzea eta proiektuak duen planteamenduarekin aurrera egitea. Nik ez dut uste alde horretatik konplikazio handirik egon daitekeenik. Inoiz ere ez da planteatu irabazi zuen proiektua aldatzea, eta orain ere ez. Kontua da garaian garaiko tirabiretan hau [Donostia 2016] gai erakargarria dela, erabilia izateko. Egia esanda, horrek kezkatzen nau, baina gu lanean ari gara, eta instituzioen aldetik, patronatuan, oso argi dute guztiek hori gainditu egin behar dela eta lidergoa horrela eraman nahi dutela patronatu gisa. Udal batzorde bat ere badago, eta horiekin ere lanean estu hasiko gara, eta saiatuko gara puntu honetan proiektua babesten eta interes politikoen gainetik izaten. Baina kontziente naiz, den gaia delako, ez dela erraza izango.
Aurrekontuan eragiteaz gain, egoera ekonomikoak izan dezake beste eragin negatibo bat: «herritarren energiaolatuak» apaldu, herritarrakahulago sentitzen direlako, edo indarrak beste kezka batzuetara bideratzen dituztelako.
Ez daukat adierazle bat eragin hori nolakoa den jakiteko;adierazleekin lan egin nahi dugu, eta ikusiko dugu aurrerago beharbada, baina oraingoz ez daukat. Baina, besterik gabe, neure pertzepziotik abiatuta, nik sumatu dut gai honek ilusioa pizteko eta motibatzeko ahalmena duela, eta hain zuzen ere krisi garaian oso erakargarria izan daitekeela. Azken batean, hemen sormena bilatzen da, eta sormenak ilusioa sortzen laguntzen du, eta beste gizarte mota bat, eta hori gertatzen baldin bada beste leku batera iritsi ahal izango gara. Krisia aprobetxatu beharko genuke txanpa gisa. Egia da gero oso zaila dela instituzioetatik bultzatzen den proiektu batean sortzaileek erreparorik gabe parte hartzea. Eszeptikotasuna ere agertzen dute. Sortzaileen mundu sortzaileak funtzionatzeko modu bereziak ditu, oso libreak zorionez, eta askotan ez dira boterearen aldekoak… Horretaz kontziente naiz. Hori ere kontuan hartu beharreko elementua da. Aberasgarria da jakitea hori horrela dela eta oreka bat lortzen saiatzea.
Donostia 2016ren planteamendua irekitasunaren eta kulturen arteko elkarbizitzaren aldekoa da. Euskararen munduan bada mesfidantzarik hitz horiekiko, askotan euskara bazterrean uzteko modu dotore baten lagungarri izaten direla iritzita. Euskarak dagokion lekua izango du Donostia 2016an?
Nik ulertzen dut gure kultura minorizatua, eta gure hizkuntza minorizatua bereziki, beti babesean eduki izana, mehatxua sentitu izan dugulako, eta sentitzen dugulako, baina gustatuko litzaidake irekitasunez eta beldurrik gabe jokatzea, eta uste dut hori indartzeko modu bat dela. Beste batek arriskua dela esan dezake. Nik nahiago dut kontrakoa pentsatu. Nik neuk horrela bizi dut, eta uste dut edan daitekeela leku askotatik zeureari uko egin gabe eta zeurea ahuldu gabe. Lortu behar genuke, minorizatuak garen neurrian, indartzea, eta beldurrik gabe irekitasun handiagoarekin jokatzea. Gainera, euskara oso kontuan hartua dago proiektuan.
Itziar Nogeras. Donostia 2016ko zuzendaria
«Inoiz ere ez da planteatu irabazi zuen proiektua aldatzea»
Erakundeen eta lankideen babesa lagun duela, Donostia 2016ko ontzia dagokion portura bideratzeko lanari gogoz ekin dio Itziar Nogerasek. Elhuyarren jaso duen esperientzia baliagarria izango zaiola uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu