Bukatu du. «Hiru etorraldi» egin ditu Elkarren grabaketa estudiora, eta aste honetan bukatu ditu azken orrazketak, azken txukunketak. Nahasketak baino ez dira falta Benito Lertxundiren (Orio, Gipuzkoa, 1942) Oroimenaren oraina lan berria erabat prest egon dadin. Maiatzaren erdialdera kaleratuko du bere ibilbideko hamazazpigarren diskoa, Elkarren eskutik. Aurkezpen kontzertuak dagoeneko hitzarturik dauzka. Maiatzaren 18ean Bilboko Euskalduna jauregian ariko da, maiatzaren 19an Donostiako Kursaaleko auditoriumean eta ekainaren 9an Iruñeko Baluarten.
Mikel Fernandez soinu teknikaria eta Olatz Zugasti musikari eta kantariaren laguntzaz — «hark egin zuen lanik handiena estudioan sartu aurretik, kantuen oinarriak etxean landuz»— egin ditu azken txukunketak eta azken orrazketak. Ahotsa kantu gehienetan nola gelditu zaion gustatzen zaio Lertxundiri, baina bizpahiru kanturekin bukaerara arte izan ditu zalantzak. «Aurreneko egunetan ontzat ematen dituzu egin dituzun ahotsak eta abarrak; baina gero egunero ari zara entzuten ahots horiek, eta zenbaitetan aspertu-edo egiten zara. Hiru bat kantu edo izan dira, eta gaurko eguna berriro ahots horiek sartzeko erabili dugu», dio behin lana amaituta, estudioko isiltasuna hautsiz. Abenduan, Orion eman beharreko kontzertua atzeratu egin behar izan zuen eztarria hartua zuelako. «Uste dut nekea izan zela gehiago. Batere ahotsik gabe geratu nintzen, baina gainontzean beti eztarri indartsu samarra izan dut». Gustura dago lan berrian ere eztarriak eta ahotsak eman diotenarekin. «Ahots batzuk oso ondo daude, inoiz ez bezala geratu dira».
Lehen ere Fernando Pessoa zalea zen Lertxundi. Nere ekialdean diskoan (2002) idazle portugaldarraren hainbat testu euskaratu eta kantu bilakatu zituen. Lan berria osatzen duten hamar kantuetatik ere Pessoaren hiru testu musikatu ditu, eta haietako batetik atera du izenburua: Oroimenaren oraina. Memoriaren eta orainaren arteko talkaz gogoeta egiten du Pessoaren testuak, eta Lertxundik bere egiten du: «Oroimena hor daramagu. Pentsamenduak bere artxiboak egiten ditu eta hor geratzen dira. Eta oso baliagarriak izaten dira, bizitzaren borrokan gabiltzan bitartean, esperientzia direlako. Baina oso inportantea da, era berean, orainera ekartzeko posibilitatea». Diskoari izenburua ematen dion esaldia Nintzenaz oroitzean kantuan agertzen da. Gu bizi bezainbat diskoa zabaltzen duena eta Basarte honetan dira Pessoaren beste biak.
Kantu minberak
Kantu baten osaerari erreparatuz, barnekoa zer den eta kanpokoa zer den bereiztea zail egiten zaio Lertxundiri, baina zerbait zehaztekotan «barrura begira egindako» diskoa dela dio. Edonola ere, «kantu minberak» dira lan berrikoak, haren hitzetan. «Bakardadeko lan bat izan liteke kontzeptuari dagokionez. Badu halako ilunabar kutsu bat, intimidadeko kutsu bat, esaten diren gauzengatik, eta musikaren egiturarengatik ere bai». Musikaz hiz egitea ez du gehegi gustuko, hala ere: «Musika da egitekoa edo gozatzekoa, baina ez horretaz hitz egitekoa».
Ilunabar eta intimitate kutsu hori emateko, lan berrian garrantzitsuak izan dira Pessoaren testuak: «Batez ere, bizitzari eta munduari zer-nolako begirada eskaintzen dion. Oso berezia delako. Beti pentsatu izan dut iniziazio puntu bat behar dela Pessoa ondo ulertzeko. Pixka bat sentitu behar zara bere bikia bezala, esperientzia hori ere zugan badagoela konprobatu, ezagutu egiten duzulako».
Benito Lertxundik berak beste bi kantutako hitzak idatzi ditu: Nor da erromesa eta Laket dut. Pako Aristik (Irail tristea), Jose Ramon Uriartek (Damua), Olatz Zugastik bera (Marruz olak hirian), Kirmen Uribek (Zuhaitzen denbora) eta Jon Maiak (Suaren bila) idatzi dituzte gainerako kantuetako hitzak.
Jon Maia bertsolariak berak ez daki haren testu bat ere hautatu duela Lertxundik kantu bihurtzeko. Testu zenbait pasatu zizkion behin, eta haietatik aukeratu zuen Itsasoari begira kantua, 40 urtez ikasten egonak zuzeneko diskoan (2005) sartu zuena. Gainerakoak tiraderan gorde zituen,eta begiz joa zuen testu labur bat. «Testu horretan ikusten diot heldutasun maila bat». Maiaren testuak zer dioen galdetuta, hona Lertxundiren erantzuna: «Esaten du kantuak norbait irten zela metalaren bila, irten zela suaren bila, uraren bila, eta bizitzeko beharrezkoa zen guztiaren bila... Halako batean esaten du, 'maitasun bila ere irten omen zen norbait; izan ere, artean ez zekiten maitasuna bilatu gabe aurkitu beharreko zerbait dela'. Oso esaldi jakintsua iruditzen zait».
Maitasunaren bila ibiltzearen ordez, modu beretsuan esan liteke zoriontasunaren bila edo kantuen bila ibiltzeari buruz ere. «Asko dabiltza maitasunaren bila edo zoriontasunaren bila, edo ez dakit zeren bila, eta Jonen testuak esaten du hori ahaleginik gabe datorrela. Datorrenean prest egon behar duzula hartzeko. Horrek esoteriko kutsu handia dauka; iniziatikoa, behintzat. Bilaka ibili behar hori bera da espetxea, berak hartzen gaitu preso. Adimenari utzi lasai arraio».
Kantuen bila ez du joan beharrik izan Lertxundik oraingo honetan: «Eskutik eraman naute oraingo honetan. Hegaldian harrapatu naute, eta beraien eskutik joaten utzi diot neure buruari. Hori sumatu behar duzu barrutik, senaz, zer nahi duen kantuak. Kantuekin dudan harremana oso bitxia egiten zait. Besteen berri ez dakit, baina nik kantuekin asko hitz egiten dut. Kantuak berak segituan esaten dit zer nahi duen, eta zer ez. Eta bat-batean keinu txiki bat egiten duzu, eta kantuak eskertu egiten dizu».
Kantuen sorkuntzan arrankatzea «kosta» egiten zaio; «digestio geldokoa izango naiz» dio. Baina beti konstante. Bere ibilbide osoan etenik gabe kaleratu izan ditu diskoak, batetik bestera beti hiruzpalau urteko tartea utzirik. Lan berriko kantu guztiak azken urte eta erdian sorturikoak dira. «Pentsatu nuen, nire beldurrak eta nagikeriak alde batera utzi eta eseri behar nuela, eta hasi behar nuela kantuak sortzen». Eta dena «natural» joan zen — «badakit musikariok sarri esaten dugula hori, eta nik neuk erabili izan dut, baina honetan inoiz baino nabarmenagoa izan da»—, inoiz baino errazago, inoiz baino aiseago: «Egia esan, nire bizitza guztian gusturen egon naizen epealdia izan da. Nire lanbidean ez dutinoiz hobeto pasatu. Kantuak etorri zaizkit oso... eskatu gabe, alegia. Askotan esan dut kantuak gureak ez direla ere. Kantuak hor daudela ate-joka, eta zuk hor egon behar duzula atea ireki eta kantuei sartzen uzteko. Zoriontsu izan naiz lan honetan, disfrutatu egin dut. Orain, bukatu delarik, kasik pena ere hartuko dut. Bidaia polita izan da disko honena, ia inoiz izan ez dudan modukoa».
Bukatu ez den bidaia
Diskoaren grabaketa amaitu da, baina ez horregatik diskoaren bidaia. «Egin dezagun bidaia amaigabe bat lan honekin», dio ilusioaren irribarrea ezpainetan duela Lertxundik. Zuzenekoek eta jendearekin izandako hartu-eman zuzenak emango diotesegida bidaiari. «Zuzenekoak sortzen ditu kezkak, haserre momentuak, denetarikoak dauzka;baina, bestalde, zuzena da egia. Horko esperientziak estimulu handikoak izaten dira, afektuaren printzak agertzen direnean».
Zuzeneko bidaia horretan bere musikari talde ohikoa izango du alboan, diskoa grabatzean lagun izan duen talde berbera, hain zuzen ere. Honako hauek dira: Angel Unzu (bouzukia eta perkusioak), Amaiur Cajaraville (baxua), Juantxo Zeberio (pianoa eta teklatuak), Pello Ramirez (biolontxeloa eta eskusoinua), Gurutz Bikuña (gitarra), Kutxo Otxoa de Eribe (arrabita) eta Olatz Zugasti (ahotsa, harpa, eta teklatuak).
Inoiz baino zoriontsuago
Benito Lertxundik bukatu du 'Oroimenaren oraina' diskoaren grabaketa, eta maiatzaren erdialdera kaleratuko du ElkarrekinDiskoa osatzen duten 10 kantuetan giro intimista eta «ilunabarrekoa» gailentzen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu