Inoiz baino argitaletxe eta diskoetxe haboro bilduko ditu Ziburuko azokak ekainaren 1ean

'Euskara ala ezkara' lelopean iraganen da Ziburuko bosgarren liburu eta disko azoka ekainaren 1ean. Eskaintza oraino zabalagoa izanen da aurten, eta Daniel Landart omenduko dute.

Programa ofizial eta finitua datorren asteetan zabalduko dute. PATXI BELTZAIZ
Programa ofizial eta finitua datorren asteetan zabalduko dute. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
ZIBURU
2024ko maiatzaren 7a
16:10
Entzun

«Euskara ala ezkara. Euskarak egiten gaitu herri, eta kulturak herri bizi». Maddi Zubeldia Baltsan elkarteko kideak esaldi horrekin azaldu du Ziburuko liburu eta disko azokaren funtsa. Euskara hutsezko liburuak eta diskoak biltzen ditu azokak, eta bosgarren aldia izanen du aurtengoa. Ekainaren 1ean eginen dute, herriko plazan. 41 argitaletxe bilduko ditu: haietako bederatzi lehenengoz izanen dira bertan, eta handitu egin da parte hartuko duten diskoetxe eta aldizkarien kopurua ere.

Baltsan kultur elkarteak eta Argia aldizkariak antolatzen dute azoka, eta Herriko Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntza jasotzen dute horretarako. Zehaztu dutenez, hain zuzen, Euskara ala ezkara dute aurtengo edizioko leloa. Azpimarratu dute erranaldia Gotzon Garate idazle elgoibartarrarena dela. Euskarak, hain zuzen, leku zentrala du Ziburuko liburu eta disko azokan: Doinuele euskara hutsezko plazen sareko zortzi proiektuetatik bat da. Aurten, azokan, Daniel Landart omenduko dute, Nafarroa Behereko euskal idazle, antzerkigile eta, oro har, kulturgilea.

«Lehen urtetik erraten genuen nahi dugula plaza hartu eta, hori, konkretuki eta materialki: Ziburuko plaza okupatu. Eta hor egonen gara. Muga horretan, hala ere, entseatzen gara beti pixka bat handitzen». JENOFA BEHOKOIRIGOINZiburuko azokaren antolatzaileetako bat

Bost urte dira egitasmoa sortu zenetik, eta, guti badirudi ere, Ziburuko azoka Ipar Euskal Herriko ekitaldi kultural nagusienetakoa da gaur egun. Handituz doa beti, Jenofa Berhokoirigoin Argia-ko kazetariak azaldu duenez: «Aurten baditugu 41 argitaletxe edo diskoetxe, horietan bederatzi lehen aldikoz etorriko direnak: hiru disko etxe edo autoekoizle berri, bi aldizkari berri eta lau liburu argitaletxe berri». Galdea baitute, eta jendea heldu baita kopuru handian. Alta, badituzte zenbait logistika hertsapen. «Espazioak mugatzen gaitu. Lehen urtetik erraten genuen nahi dugula plaza hartu eta, hori, konkretuki eta materialki: Ziburuko plaza okupatu. Eta hor egonen gara. Muga horretan, hala ere, entseatzen gara beti pixka bat handitzen».

Ipar Euskal Herritik at, hego Euskal Herritik ere jende geroz eta haboro jiten zaie urtetik urtera. Azoka «biziki lokala» dela erran dute antolatzaileek, baina aldi berean «Euskal Herri mailakoa» ere izan nahi duela. «Nonbait, gure elkarlana ere horren isla da: Baltsan Ziburuko elkarte ttipi bat da, eta gu, Argia, Euskal Herri mailako hedabide bat gara. Bi eragile horiek lekuan-lekuan eragin nahi dute, baina Euskal Herriaren ikuspegi nazionala badute». Urtean zehar bakoitza bere aldetik eta, azokan ere horretan ari dira, bi aldeak bat egiten, «pixka bat gomitak ezker-eskuin egiten».

Hurbiltzen zaien publikotik aparte, barne antolakuntzan ere ikuspegi nazionaletik lan egiten dute. Lau «kontzertutxo» aurreikusiak dituzte, Ipar eta Hego Euskal Herriko talde binarekin: Pelax, Hegazkin, Bloñ eta Lumi arituko dira, bakoitza oren bat eta erdi inguruz. Aparte, sei liburu aurkezpen ere izanen dira. Hori guzia, euskaraz besterik ez. Zubeldia: «Beraz, bai, euskaraz ala ezkara: euskara hutsez bete dezagun plaza!».

Azokaldia, lehen aldiz

Aurtengo berezitasuna azokaldia da. Egun nagusia ekainaren 1a izanik ere, antolatzaileek gogoa izan dute azoka aitzineko hilabetean emeki-emeki giroan sartzeko. Aukera ere eskaini nahi zieten auzoko herriei Ziburuko azokari manera batez edo bestez lotzeko. Orduan, azokaldia antolatu dute aurtengo, maiatzean zehar. Orotara lau ekialdi pentsatu dituzte; biga pasatuak dira jadanik, maiatzaren 2an eta 7an eskaini baitzituzten: Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala eta Antzerkiaren labirintoan I liburua aurkeztu dituzte, Josu Martinez eta Ander Lipusekin, hurrenez hurren.

Heldu den astean, berriz, maiatzaren 17an Urruñako (Lapurdi) Berttolin, 19:00etan irakurraldi musikatua eginen dute Iban Zaldua eta MICEk. Maiatzaren 23an, bukatzeko, Donibane-Lohizuneko (Lapurdi) mediatekan, 19:00etan, Maitena Duhalde Lapurdi itsas hegiko euskaraz arituko da bere tesiaren aurkezpena bitarte. Eta azokaren eguna helduko da, azkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.