Leonardo Sciascia, 68 urte zituela, 1989ko azaroaren 19an hil zenean, garai honetako idazle italiarrik handienetako bat galdu genuen», idatzi zuen Koldo Biguri itzultzaileak Leonardo Sciasciaren Hontzaren eguna nobelaren euskarazko itzulpenaren atarikoan (Ibaizabal, 1991). Ondoren, zehaztasun handiz laburbildu zuen Bigurik zer oinarri nagusi dituen Sciasciaren ekarpenak: «Honelako doluzko gertakarietan erabili ohi dituen hots handiko eta hitz gutxiko albiste buruetan, Italiako prentsak iluminista, moralista, menderagaitz eta antikonformistatzat jo zuen, eta Racalmutoko (bere herriko) Voltaire deitu zion; baina idazle handi eta deseroso bat izan zen italiarrentzat, Italiako zokorik ilunenak arakatu eta italiarren kontzientzia kritikoa izatera iritsi baitzen. Izan ere, konpromisoa izan zen bere bizitzaren eta lanaren ardatza, boterearen aurkako konpromisoa, edo zehazkiago esanda, botereaz baliaturik errurik gabeko jendea zapaltzen duen edozein inkisizioren aurkakoa; eta hori, inkisizio asko ezagutu eta oraindik ezagutzen dituen herri batean».
Siziliako Agrigento probintziako Racalmuto herrian jaio zen Leonardo Sciascia, 1921ean. Irakasle izateko ikasketak amaitu zituen 1941ean. Italia gerran izanagatik ere, ez zen gerrara joan. Racalmutoko gari biltegiko kontadore gisa aritu zen lanean, erregimen faxistaren menpean. 1949an, ezkondua ordurako, irakasle lanetan hasi zen, baina ez zen gustura sentitzen, zeregin haren bitartez botereak ezarritako zapalkuntza babesten eta indartzen ari zela sentitzen baitzuen.
Aurretik bestelako lanak argitaratu ostean, 1956an kaleratu zuen bere lehen eleberria, Le parrocchie di Regalpetra, Siziliako herri bateko bizimodua islatzen duen kronika neorrealista bat. Mafiaren gaiari heldu zion gero, hala Gli zii di Sicilia narrazio bilduman (1958) nola Il giorno della civetta polizia nobelan (1961).
Injustiziak salatzeko tresna
Sciasciaren literaturan, polizia nobela ez da inondik ere enigma baten argiketan oinarritutako irakurgai entretenigarri edo denbora-pasa huts gisa planteatzen,idazten ari zena injustiziaren salaketarako tresna ahalik eta eraginkorrena izan zedin nahi izan baitzuen beti egileak. Siziliako herri batean kokatuta, Salvatore Colasberna enpresari apalaren hilketa du abiaburu Il giorno della civetta-k. Karabineroen kapitain bat igortzen dute Siziliako herri horretara, Bellodi, hilketa ikertzera, baina aurki jabetuko da omertà-k babestutako egitura itxi, irmo eta trinko batek oztopoak jartzen dizkiola ikerketari, eta egitura horrek lotura zuzenak dituela herriko agintari politiko eta ekonomikoekin. Hilketa herriko plazan gertatu bazen ere, lekuko askoren aurrean, ezinezkoa zaio Bellodiri ezer argituko dion inor aurkitzea. Mafiaren barne funtzionamenduan eta motibazioetan ere sakondu zuen Sciasciak nobelan, Mariano Arena pertsonaiaren bitartez.
Siziliatik kanpora zabaldu zuen literaturari buruzko bere salaketahurrengo lanetan, hala nolaIl contesto (1971) eta Todo modo (1974). Agintekeria, inkisizio eta mafia mota ororen aurkako mailu izan zen hurrengo urteetan Sciascia, ez soilik nobela eta narrazio bildumen bidez, baita antzerki lanen eta kazetaritzako erreportajeen bidez ere.
Brigate Rosse taldeak Aldo Moro politikari demokrata kristaua bahitu eta hil zuenean, 1978an, ikerketa batzordeko kide izendatu zuten. Bahiketa eta hilketa horren aurka ez ezik, Italiako agintariek eta alderdi politikoek izandako jarrera eta jokabidearen aurka ere agertu zen L'affaire Moro liburuan. Kritika gogorrak jaso zituen horregatik.
Italiako Alderdi Komunistako kide izana zen aurretik hainbat urtetan, baina alderdia utzia zuen, politikarien ustelkeriari eta mafiari ikuspegi independente batetik aurre egin nahiak hartaratuta. Zuzentasunaren eta konpromisoaren eredutzat hartu zuten askoren ustez «italiarren kontzientzia kritikoa» izan zen.
Hainbat film ezagunen oinarri izan dira Sciasciaren obrak. Ezagunenetako bat Damiano Damianiren Il giorno della civetta (1968) da, izenburu bereko nobelan oinarritua; Franco Nerok jokatu zuen film horretan Bellodi kapitainaren rola. Francesco Rosiren Cadaveri eccelenti filmak (1976) Il contesto du oinarri; Elio Petriren Todo modo-k (1976) izenburu bereko nobela, eta aktoreen artean Marcello Mastroianni.
Sciasciaren bi liburu daude euskarara itzulita: Il giorno della civetta nobela (1961) eta Il mare colore del vino narrazio bilduma (1973), Hontzaren eguna eta Itsaso ardo kolorea izenburuekin hurrenez hurren. Hontzaren eguna Koldo Bigurik euskaratu zuen, eta Ibaizabalek argitaratu, 1991n, Literatura Unibertsala bilduman. Itsaso ardo kolorea liburuko narrazioak Josu Zabaletak itzuli zituen, eta Ereinek argitaratu urte berean.
Inkisizio eta mafia modu ororen aurka
Asteazkenean 25 urte izango dira Leonardo Sciascia idazlea hil zenetik. Agintearen kritika zorrotza eginez, «italiarren kontzientzia kritikoa» izatera iritsi zen askoren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu