Konstelazio bateko elementuen pare joan ziren asteartean Bilboko Kafe Antzokiko oholtzan agertuz Iñigo Muguruzak bere bizialdian sortutako musika talde eta proiektu guztiak. Desband. Kortatu. Negu Gorriak. Delirium Tremens. Joxe Ripiau. Sagarroi. Lurra. Hiru Leike. Eta Ezekiel antzezlana. 55 urte beteko zituen asteartean, irailaren 5ean hil izan ez balitz, eta omenaldia antolatu zioten lagunek, erdiz festa eta erdiz agur ekitaldi giroan. Muguruzaren sormen unibertso osoa bistaratu zuten denen artean, haren erdigunea osatzen zuen pertsona gogoratzeko. Sortzailearen argazki handi batek gobernatu zuen aretoa agertoki atzealdeko pantailatik, eta 30 sortzaile baino gehiago batu ziren hiru orduko emanaldia egiteko. Saioaren gidari lanetan aritu zen Miren Gaztañaga aktore eta abeslariak laburbildu zuen Bilboko bilkuraren muina: «Hau da Iñi-k bildu zuen maitasuna eta miresmena».
Iñigo Muguruza oraindik bizirik zegoela, duela hiru urte, Irunen (Gipuzkoa) bere urtebetetzea ospatzeko antzeko bilkura bat antolatu zuela ekarri zuen gogora Jabier Muguruza Joxe Ripiauko taldekide eta anaiak. Harekin ibilitako taldekide guztiak gonbidatu zituen. «Kalkulatzen dut izango ginela 70 edo 80 gonbidatu, eta zitatu gintuen guztiok Pizza Willin, Irungo lokal ñimiño batean, estu-estu jarrita ere lekua izango duena lau katu flakorentzako. Baina ordukoan ere alde izan zuen zortea, eta, abendua izan arren, ez zigun euririk egin, eta han ibili ginen biribilketa alaian, guztiok eskuan pizza puskekin». Malkoen eta irribarrearen artean balantzaka joan ziren Jabier Muguruzaren azalpenak. Barre publikoak tarteka. Txaloak ere bai, unerik hunkigarrienetan, eta dantzan aretoa emanaldiko amaierako abestietan.
Martxel Mariskal idazleak ekitaldirako idatzitako testuaren irakurketak abiatu zuen emanaldia. «Zurekin batera, ordea, dasta ahal izan dut sormenaren bidezidorra, edertasunaren gozoa, animaleko laguntasuna [...]. Gorputz kaltetuen iraultza iristear da; gida gaitzala zure adoreak». Xabier Lopez, Karlos Osinaga eta S. Noain musikariek jarri zieten musika haren hitzei, eta bata bestearen ostean agertuz joan ziren oholtzara gero gainerako talde guztiak. Hiru Leike izan zen Muguruzak hil aurretik sortu zuen azken taldea, eta hango kideak izan ziren oholtzara igotzen lehenak.
Lau abesti eskaini zituzten Sagarroi taldeko kideek, hiru Lurra taldekoek. Eta arreta berezia piztu zuen emanaldirako propio berriz elkartutako Delirium Tremens taldearen saioak. Lau abesti jo zituzten hirukote formatuan, eta Iñigoren familiari aipamen berezia egin zioten abesti eta abesti arteko tarteetako batean. Joxe Ripiauko kideak abesti bakarra jotzeko igo ziren oholtzara, baina Iñigoren ahotsa ez estaltzea erabaki zuten. Horretarako, Cumbia Sol Minor-en abestiaren letrak zituzten orriak banatu zizkioten jendeari, eta ikusleak izan ziren ahotsa jarri zutenak.
Negu Gorriak taldearekin piztu zen festa. Radio Rahim abestiaren gitarra riffa nahikoa izan zen publikoa berotzeko. Eta gero etorri ziren B.S.O. eta Ez dut ezer esan nahi. Fermin Muguruza taldekide eta anaiak ere, hunkiturik, esker ona azaldu zion Iñigo Muguruzari, egindako guztiagatik. «Haren hutsunea handia ez, itzela da, baina bihotzean daramagu, eta, horregatik, Iñigo jada hilezkorra da». Eta orduan jo zuten Iñigo Muguruzak konposatutako Itxoiten abestia. Hark grabatutako gitarraren sampler-a baliatu zuten, gainera, jadanik haien artean ez dagoen taldekidea beren artean sentitzeko. Eta Gora Herria jo zuten, azkenik, haien tartea ixteko. «Gora herria, gora Iñigo!».
Alaia eta festa girokoa izan zen omenaldia oro har, baina une introspektiboago batzuk ere izan zituen, eta Jabier Muguruzak mikrofonoan kontatutako pasadizoak laburbildu dezake argien bi atmosfera horien arteko tentsioa. «Sarreran egokitu naiz aspaldiko ezagun batekin, eta bota dit tupustean: 'Zer, Jabier, gaur fieston'. Eta hala erantzun diot: 'Zu ez dakit, ni dolua egiten ari naiz'». Eta txalo publikoak, Iñigo Muguruzaren gertukoei babesa adierazteko. Behin baino gehiagotan nabarmendu zuten lagunek eta taldekideek haren sentsibilitate berezia, eta horren froga modura aipatu zuten Karmele Jaio idazleak, bere azken nobelan, Aitaren etxea liburuan, hari egindako eskaintza ere. «Iñigo Muguruzari. Gizon berri guztiei».
Sentsibilitate berezia
Iñigo Muguruzaren sormena ez zen musikara mugatu, ordea. Antzezlana ere osatu zuen, esaterako, Martxel Mariskalen Me llamo Ezequiel y así será simpre izeneko eleberria oinarri hartuta, Antzerkiola Imajinarioko kide ziren Ander Lipus eta Miren Gaztañagarekin. Eta Muguruzaren alde hori ere erakutsi zuten omenaldian, antzezlanaren pasarte batzuk irakurri baitzituzten Lipusek eta Gaztañagak, Asier Ituarte musikariaren laguntzaz. Lipusek egin zuen deskribapena, testuarekin hasi aurretik: «Iñigok, musikari izateaz aparte, beste sentsibilitate berezi bat ere bazeukan, eta beste esparru batzuetan ere mugitzen zen eta dantzatzen zen».
Muguruzaren familia ere izan zen ekitaldian, bikotekidea eta bi alabak, gurasoak, haren gertuko jendea, eta baita hamaika musikari eta sortzaile ere. Bideo bat ere proiektatu zuten haren irudiekin. Txaloz hartu zuen publikoak. Estudioan. Kontzertuetan. Gazte. Lagunekin. Gaixotu ostean. Gitarrarekin. Berriz estudioan. Bromaren bat egiten. Testu labur bat amaieran: «Mila esker, Iñigo». Eta txalo berriz jendeak.
Iñigo Muguruzak 1984an Mattin Sorzabalbererekin eta Fermin Muguruza anaiarekin sortutako Kortatu taldearen abestiekin amaitu zen omenaldia. Arrasateko Deskontrol taldeak lagunduta igo zen oholtzara Fermin Muguruza, eta zazpi abestiko kontzertu laburra jo zuten elkarrekin. Hildako musikari lagunen zerrenda luzea izan zuen gogoan abeslariak tartean, eta Sarri-Sarri abestiarekin amaitu zuen dantzan Kafe Antzoki osoak. Txalo zaparrada. Besarkadak. Eta silaba bakoitza markatuz esker on oihuak publikoak: «I-ñi-go, I-ñi-go».
Despedida bat, beraz, ederra, tanta triste batzuekin.