Eli Arabaolaza ikerlariak eta Iñigo Argomaniz musika sustatzaile eta Get In enpresako buruak jasoko dute Donostiako Orfeoia-EHU saria aurten.
Arabaolazak musika ikerketa sustatu eta indartzea helburu duen kategorian irabazi du saria, lan honi esker: La Orquesta de Euskadi 1982-2022: Implicaciones culturales y educativas (Euskadiko Orkestra 1982-2022: Kultur eta hezkuntza inplikazioak). Arabaolazak berak azaldu duenez, «ohorea da saria jasotzea», eta gaineratu du aurreko urteetan sari bera irabazi duten asko bere «erreferenteak» izan direla.
Bestalde, Argomanizek musikaren sustapenean egin duen lana saritu nahi izan dute. Get In etxeko arduraduna «oso eskertuta» azaldu da Donostiako Orfeoiarekin eta EHUrekin zuzeneko musika, artistak garatzeko lana eta bere atzean dagoen taldearen lana aitortzen duen sari horregatik.
Sari banaketa hilaren 19an egingo dute, EHUko Ignacio Maria Barriola zentroko auditoriumean, Donostian, 19:00etan.